Hizkuntza urardotua

Hizkuntza urardotua –

Euskarak oso hitz zantar gutxi omen dauzka, edo bat ere ez. Guk ez dugu uste hori gure hizkuntzaren berezko ezaugarri bat denik, baizik eta hizkuntzaren gainbeheraren ondoriozko higadura espresiboak eragindakoa dela. Historikoki bai egon dira hitz gordin eta zakarrak, baina “urardotuz” joan dira. Gelditutako hutsunea betetzeko, geure egin ditugu espainol eta frantsesaren zantarkeriak.

Esan ohi da euskarak oso hitz zantar gutxi dauzkala, baten bat baldin badauka. Gu ados gaude, gaurko euskarari dagokionez, baina ez dugu uste hori denik haren berezko ezaugarri —edo ezintasun— bat, baizik eta hizkuntza ahultzean adierazkortasunean gertatutako higadurak eragin duen gabezia bat. Alegia, euskara historikoan bai egon direla, egon direnez, hitz gordin eta zakar asko —nahiz eta bakanetan azaltzen diren testuetan (gogoratu XX. mendera arte testugile gehienak apaizak izan zirela)—, baina indarra galduz joan direla euskaldunok hizkuntza hegemonikoen eufemismo/arrunkeria oposizio-sistemak geureganatu ahala. Galera horrek ez du esan nahi, inola ere, hitz zantarrik gabe gelditu garenik; aitzitik, hutsunea betetzeko, espainol eta frantsesaren zantarkeriak txertatu ditugu geure mintzoan.

Hizkuntzaren “urardotze” horren ondorioz, euskarazko hitz gogorrak zirenak beste erregistro batzuetan birkokatu dira, dela neutroan, dela beste leunago batean.

Horren adibide, aurreko batean hizpide izan genuen kaka hitza dugu, azken hamarkadetan umeen hizkeran lehen ez zuen tokia hartu baitu (eta horrekin espainol eta frantses hitz baliokideen pare geratu).

Gaur, pare bat adibide gehiago ikusiko ditugu.

 

alu eta zakil

Hitz horien lehen agerpenak Landuccioren hiztegian aurkitu ditugu (1562), non alua «coño» eta «verguenças de muger» emateko erabili zen, eta çaquila, berriz, «pendejo» eta «pixa» emateko. Behe-mailako hitzak iruditzen zaizkigu guri gaztelaniazko horiek, baina auskalo garai hartan ez ote ziren zientzietan ere erabiltzen!

Landuccio alu-zakil
Hiribarrenen hiztegian (c. 1860), alu fama txarrakoa zen oraindik:

Alu, matrice, mot indecent en Basque.

Hitzaren indezentzia hori, ziurrenik, XX. mendera arte iritsi zen. Zarauzko Hitzaren “Antigualeko hiztegia” izenekoak, esaterako, hau diosku berbari buruz:

Sexu-organoak izendatzea tabu izan den aldetik, alu ez beste hainbat hitz erabili dira emakumearen sexu-organoak adierazteko (…). Horrela, baginaren sarrera esateko erabili izan dira: bateko urrea, epaia, epaitxoa, erretena, hankarteko erretena… Alua esan ordez deitu zaio gaztaina-lakatz, gaztaina-morkol, gaztaina-morkots, gonapeko leuntasun, hankarte, hankarteko erreten, izterrondoko, krabelin beltz, matxana, morkots, motta, mottin, motz, orri biko liburu, oskol, potorro, potota, pototin, pottotta, pottottin, potxin, potxo, potxola, potxolin, potxorra, potxotxa, tortola, txirla, xorro goxo, zozo-habia….

Beraz, hamaika eufemismo behar izan dira ahoa alu zantarraz ez zikintzekotan.

Gaurko erabileran, berriz, alu eta zakil normalizatuta daude anatomiaren eta biologiaren arlo akademikoetan, eta hizkera gordinetik desagertu dira.

Zer gertatu da? Gure irudipena da garbizalekeriak zerikusi handia izan zuela gertakari horretan. Euskara jasoa taxutzen aritu zirenek, nonbait, sexu organoak euskaraz izendatzeko termino orokorrak bilatzeko orduan, ezin zirenez erabili “vulva/vagina” eta “pene” nazioarteko hitz mordoiloak, eta besterik ezean, beste erregistrora jo behar izan zuten, eta handik alu eta zakil ekarri euskara jantzira. Lekualdaketa horren lehen lekukotza Plácido Mugicaren hiztegian ikusi dugu (1965).

 

izorratu 

Aditz honen lehen adiera “haurdun gertatu” da, intrantsitiboa, eta izorra (“haurdun”) du jatorria. Batak eta besteak, adiera horietan eta bestelakoetan, gordintasun kutsua dute aspaldian, aurkitu ditugun testigantza hauetan ikusten denez:

Harrietek, XIX. mende amaieran egindako hiztegian, izorraturen definizio hau eman zuen:

Il s’emploie plus grossièrement encore dans le sens de tromper quelqu’un.

Hona, berriz, Lhanderen hiztegiko (1926) izor sarreraren 3. adiera:

faculté de procréer [Actuellement ce mot et ses composés sont considérés comme triviaux].

Eta hau da hiztegi bereko izoratu formaren 3. adiera:

au fig. (grossièrement) : tromper quelqu’un.

Larrasket (1939) honela mintzo da izorra hizpide duela:

mais le Basque est discret dans l’emploi des mots de cette famille: il dit, de préférence (barka, arren) haur esparantxan. (Le basque de la Basse-Soule orientale)

Eta Mitxelenak zera dio Olabidek gaizki eratutako izortu aditzari buruz:

hitz hori ezin dezake sermoilari batek hezur haragizko euskaldunen aurrean esan. (Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, 347)

Halere, gauzak zeharo aldatu dira ordutik hona, Asier Larrinagaren hitzetan (2014):

Adibide adierazgarria da izorratu aditza, hainbat tokitan hitz tabua izateari utzi diona; areago, kolokialtasun-kutsua ere galdu duena, «hondatu» edo «matxuratu» esangurarekin. (“Euskararen desafektua (III)“, 31eskutik)

Zorionez, Euskaltzaindiaren hiztegian arrunkeriazko balioa berreskuratu dute bigarren adieran:

  1. da ad. Zah. Haurdun gertatu.
  2. da/du ad. Arrunk. Gogaitarazi; kalte egin, hondatu.

Eta horrekin, dozenatxo bat arrunkeria daukagu Euskaltzaindiaren hiztegian:

alu (iraina, ez sexu-organoa), izorratu (bigarren adieran), izorratzaile, kanpaia jo (‘masturbatu’), puta, putakume, putaseme, putazale, putetxe, txakurraren ipurdira bidali/joan, txorta, txorta jo, txortan egin

Tira, bada zerbait. Orain arrunkeriak direla sinestea falta zaigu.

 

Euskararen kanon maxkala

Zeren ez dirudi oso sinesgarriak deritzegunik euskarazko hitz zantarrei. Aitzitik, adierazkortasun galeraren ondorioz, balio neutroa ezarri ohi diegu erregistro zantarrekoak behar liratekeen hitzei. Hori garbi samar ikusten da zenbait autoitzulpenetan (hots, idazleek beren obren gainean egindako itzulpenetan). Ikus dezagun Koldo Bigurik jasotako autoitzulpen adibide bat (“Idazleak, itzultzaileak eta hizkuntza kanonak“, 31eskutik, 2013):

  • Jatorrizkoa: Txao! entzuten diodan bakoitzean ostiko bat emango nioke, ostiko bat barrabiletan. Baina gaur ez.
  • Itzulpena: Cada vez que se lo oigo le pisaría un callo, pero hoy no.

Biguriren ustez, neurri edo «kanon» ezberdina aplikatzen zaio hizkuntza bakoitzari: euskaraz, onargarriago zaigu edozer gauza esatea (dena da neutroa), baina espainolez argi dago zer den zatarra eta zer ez.

 



Laburbilduz, gure hizkuntzak indarra galtzearekin, euskaldunok erdaren eufemismo/arrunkeria oposizio-sistema geureganatu dugu; zehazkiago, gaurko sistema euskararen eta erdararen arteko hibridoa da: euskarak alderdi neutroa ordezkatzen du; erdarak, zakartasuna eta, neurri batean, adierazkortasuna. Nahaste-borraste horren ondorioetako bat dugu “euskañola”.

Bada, guk uste dugu badela ordu euskarazko hitz zantarrak erreibindikatzeko.

 

jijaua.eus
Kaka osti bat hiretzat!

Lagunarteko hizkera batu antieuskañolista bultzatzen