Kirola eta naziogintza Euskal Herritik mundura

Kirola eta naziogintza Euskal Herritik mundura –

Txistua jo du arbitroak, eta hasi da partida. Eurokopa abiatu da, eta gure ordezkariek aurten ere ezingo dute lehiatu. Euskal Herriak ez du ordezkaritzarik izango nazioarteko futbol lehiaketa honetan. Euskal herritarrok berriz, gure iritzia eman berri dugu. Euskal Herri osoko inkesta da Naziometroa, eta emaitza argia izan da: zazpi herrialdeetako biztanleok euskal selekzioen aldeko jarrera agertu dugu.

Kirola eta naziogintza Euskal Herritik mundura

Horrelako inkesta bat Euskal Herri osoan egiten den lehen aldia da, eta horrek ere indar berezia ematen dio Telesforo Monzon eLaborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte hartuz ikerketa taldearekin egin duen lanari. Soziologiak frogatu du, guk kirol guneetan eta herritarren artean somatzen genuena. Euskal Herriko kirolariek nazioartean lehiatzeko duten eskubidea eta gogoa nabarmentzu du horrek.

2020. urteko martxoan aurkeztu genuen Gu ere bai! kirol ekimena. Ehundaka kirolariren sustenguarekin, nazioartean lehiatzeko eskubidea aldarrikatu nahi genuen; Bilboko San Mames zelaian eman genuen jakitera gure asmoa, Eurokopa burutu behar zen zelaian hain zuzen. Espainiak ez du Bilbon jokatuko, baina Euskal Herriak ere oraindik ez dauka nazioarteko lehiaketetan aritzerik, futbolean bederen.

Euskal kirola bultzatzeko sortu dugu ekimena. Kirol diziplina ezberdinetan aritzen garenak gara, herritarrak eta kirolzaleak, gurasoak eta gazteak. Gure helburua euskal kirola bultzatzea da. Ikusgarri egitea. Eskubide guztiak aitortzea. Kirola eta naziogintza uztartzen ari gara, poliki poliki, zelaiz zelai, herriz herri, kiroldeti eta aretoetan, Euskal Herri osoan.

Pandemia garaiak erabat baldintzatu du gure jarduna, baina gu ere ez gara geldirik egon. Bideojokoetan Euskal Liga asmatu genuen, Pagasarritik Orira ikurriñekin igo genituen Euskal Herriko mendiak 1980ko Everesteko euskal espedizioa omentzeko. Euskal selekzioarekin aritu diren futbolariek Ofizialtasunaren aldarrikapena zabaldu dute zelaian –Costa Ricaren kontra Ipuruan eta Venezuela eta Argentinaren kontra Zubietan–, kirol erakunde eta instituzioei publiko eskatu diegu nazioarteko bidea jorratzea, eta une honetan kirol federazio ezberdinetan gai nagusietako bat da hau. Zenbait kirol eremutan urratsa ere eman da, eta iazko abenduan FIFA eta UEFAren egoitzetan Euskal Futbol Federazioak egindako eskariak berebiziko garrantzia dauka guretzat.

Zazpi erronka. Euskal kirola eta berdintasuna aldarrikatzen ditugu. Neska eta mutilek duten eskubidea delako. Hizkuntza da munduan euskaldun egiten gaituena, eta horren alde lanean dihardugu, eskola kiroletik profesionaltasunera. Kirol esparruan euskara indartzea da gure xedea. Lurraldetasuna ezin dugu ahantzi; Euskal Herri osoko kirolariak hartzen ditugulako aintzat, bai nazioartean aritu beharreko selekzioetan, zein gure herrian antolatutako kirol lehiaketa eta txapelketetan. Era berean, kiroltasunez aniztasuna bultzatu nahi dugu: mundu guztiak daukalako kirola egiteko eskubidea, eta aukera guztiak dira baliagarri. Baldintza fisikoak, jatorria, sexua, ustezko ezintasunak ezin dira muga izan behar kirola egiteko. Ondoan izango gaituzue beti.

Ofizialtasunaren alde agente aktiboa izatea da gure xedea. Kirolariekin, kirol erakundeekin, instituzioekin batera egin beharreko lan horretan; nazioartean bezela, etxean ere baditugu lanak. Kanpora eta barrura begira aritu beharko dugu. Eta horretan ari gara nazioartekotasuna bultzatzen. Kirol ezberdinetan, instituzio ezberdinetan, nazioarteko estamentu askotan. Eta txalotzekoa da orain arte ofizialtasuna lortu duten zenbait kiroletan egin den lana.

Zorionak sokatirako mundialak irabazi eta ofzialtasuna aldarrikatu zuten herri kirolariei, surfean nazioarteko olatuak harrapatu dituztenei, erreketan behera gure kayak gaitasuna munduari erakutsi diotenei… eta etorriko direnei.

Euskal Herritik mundura! esaten dugunean, euskal kirola, gure lehiaketak, gure herrian egiten ari garen kirol frogak ditugu buruan. Gure herria eta bere eskubideak erakutsi nahi ditugu nazioartean. Gure kirolarien gaitasuna. Gure zaleen gogoa eta ilusioa. Gure herriaren gaitasuna antolaketarako zein kirol erakunde indartsuak garatzeko. Euskal Herria kirol nazio bat da. Eta orain hori guztia nazioartean erakusteko ordua da. Ematen dugun urrats bakoitza, kirol lorpen bat ere bada. Helmuga gero eta hurbilago ikusten dugu, eta herri honek orain arte ere erakutsi duen grina eta gaitasuna mirestekoa dira. Hizkuntzaren alde, ekonomia garatzen, kirol lorpenak eskuratzen, bizirauten. Gogor entrenatzen gara, asko saiatzen gara, eta lorpenak hortik etorriko dira.

Gure koloreak. Une honetan, gure koloreak marraztu, jantzi eta aldarrikatu nahi ditugu. Ikurriñaren koloreekin aritu nahi dugu nazioartean. Iribar eta Zelaieta ekintza sinboliko hura, Martin Zabaletaren gailurra, Herri Torrontegiren balentria, Oihana Aizkorbebeitiaren mendi lasterketetako buruko zapia, Maialen Lujanbioren ahotsa, Tourrean animatzen duten euskal zaletuen oihuak, Bixintxo Bilbao pilotariaren ikurriña. Euskal Herriko neska mutikoen ametsak, dena eman zutenen gogoa; galdu arren, irabazteko beste saiatu direnen ahalegina. Gure koloreak marraztu, jantzi eta aldarrikatuko ditugu. Horrek egiten gaituelako herri. Horrek egiten gaitu munduko.

Naziogintza eta kirola uztartuko ditugu. Hizkuntza eta hitza. Neska eta mutilak, gizon eta emazte. Guzti guztiok. Euskal Herritik mundura! kiroltasunez. Badakigulako beti ezin dela irabazi, baina parte hartzea dela garrantzitsuena. Hori eskatzen dugu, parte hartu ahal izatea, munduaren parte izatea gu ere bai.

Gu ere bai! Euskal Herriko kirol ekimena

Kirola eta naziogintza Euskal Herritik mundura Kirola eta naziogintza Euskal Herritik mundura Kirola eta naziogintza Euskal Herritik mundura

kazetaria | eduki sortzailea| blogaria agit/prop 2.0 gaztelumendi.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude