Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena

Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena –

Euskal Herriko eragile euskaltzale gehienak bat datoz esatean orain arte Hego Euskal Herrian aplikatutako hizkuntza-politikek eman beharrekoa eman dutela. EAEn eta Nafarroan euskararen ezagutza pixka bat emendatu arren, erabilera behera doa (oso kezkagarria gune euskaldunenetan izan den beherakada). Ipar Euskal Herrian, zer esanik ez, egoera are okerragoa da. EAEko eta Nafarroako euskararen legeek 40 urte inguru dituzte, eta, anbizio gutxikoak izateaz gain, guztiz zaharkituta daude, XXI. mendeko soziologia-testuinguruak ez baitu zerikusirik XX. mendekoarekin. Hizkuntza-eskubide pertsonalak sustatzen dituen EAEko egungo hizkuntza-ereduak, esaterako, ez du bermatzen 40 urte barru euskara normalizatuta egongo denik, oso zaila baitirudi euskara nagusi izatea, edozein hizkuntzarentzat hain garrantzitsuak diren hainbat arlotan dituen gabeziak ikusita: komunikabideetan, lan-arloan, teknologia berrietan, goi-mailako irakaskuntzan, hirietako giroan…

Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena
Argazkia: Bizi-baratzea

Hizkuntza-egoera aldatzeko eta euskarari bultzada nabarmena emateko proposamen berriak egin behar dira; eta horiek planteatzeko orduan soziolinguistikaren irakaspenak aintzat hartu, ezinbestean. Zientzia horri esker badakigu jakin, minorizatua edo gutxiengotua izan den hizkuntza ez dela berez hartara iritsi: konkista militarrek, kolonizazioak, erabaki politiko eta ekonomikoek, politika demografikoek eta gisakoek eraman dute egoera horretara, beraz, garaia da egindako kaltearen erreparazioa exijitu eta dagokion mailara iristeko behar dituen erabakiak hartu eta hartarako baliabideak jartzeko. Soziolinguistikari esker badakigu ere, hizkuntza bat benetan normalizatzeko lurraldetasunaren printzipioa ezartzea ezinbestekoa dela.

Badakigu, halaber, beharrezkoa ez den hizkuntza bat desagertzera kondenatuta dagoela. Horrenbestez, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuko badugu, ezinbestekoa izango da euskara beharrezko bihurtzea, gure hizkuntza nagusi den tokietan bederen. Horrek paradigma berri bat sartzera garamatza: eskubide kolektiboak eskubide pertsonalen gainetik jarri behar dira toki euskaldunenetan, Belgikan, Suitzan edo Finlandian egiten den gisa berean… edo Espainiak eta Frantziak beren hizkuntzekin egiten duten bezala.

Europako hainbat estatutan hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aspalditik dago indarrean. Estatu horietan bi egoera bereizten dira: eremu elebakarrarena, non lurraldeak hizkuntza ofizial bakarra ezarria duen (eskubide kolektiboak edo gizarte-multzoaren eskubideak eskubide pertsonalen gainetik jartzen dira; hau da Flandriako kasua Belgikan, esaterako); eta eremu elebidunarena, norbanakoen eskubideak bermatzen dituena (hizkuntza-liberalismoaren eskubide pertsonalak oroz gainetik ipintzen direna). Horretan oinarritzen da EAEn ezarrita dugun hizkuntza-eredua.

Hizkuntza-lurraldetasunak, beraz, ez ditu norbanakoen eskubideak lehenesten, eskubide kolektiboak baizik. Lurralde zehatz batean bizi den hiztun-komunitate nagusiaren eskubideak babesten ditu. Suitzan, Belgikan, Kanadan edo Finlandian tokian tokiko hizkuntzak normalizatzeko eta hizkuntza-borrokak baretzeko oso baliagarria izan da lurraldetasun-printzipioa. Pertsonatasuna delakoak, ordea, ez du hizkuntza gutxitua normalizatzen, Jean Laponceren hitzek baieztatzen dutenez: «Oso akats ezaguna da hizkuntza bat babestu nahi izatea gizabanakoaren eskubide eramangarriak aplikatuz, gizataldearen eskubide eramanezinak aplikatu beharrean».

Jauzi kualitatiboa behar dugu euskaldunok geure ohiko erresistentzia-rola alde batera uzteko eta euskarari dagozkion erabilera normalizatuaren espazioak berreskuratzen hasteko. Eta hizkuntza-aldaketa horren bizkarrezurra lurraldetasun linguistikoaren printzipioaren ezarpenak izan beharko luke, gure ustez. Horrek esan nahi du euskarari erabateko nagusitasuna eman behar zaiola toki eta lurralde jakin batzuetan, bertan beharrezko bilakatuz. Hori da Euskal Herri osoan ezarrita dagoen erdaren aldeko hizkuntza-inertzia hausteko modu bakarra.

Hizkuntza-lurraldetasunaren finkapena lege-aldaketen bidez bideratu beharko litzateke. EAEko euskararen lege berri batek bi hizkuntza-eremu jaso beharko lituzke: eremu euskalduna eta eremu elebiduna. Eremu euskaldunean hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aplikatuko litzateke (eskubide kolektiboak babesten dituena); eremu elebidunean gaur egungo hizkuntza-markoa mantenduko litzateke (eskubide indibidualak bermatzen dituena), baina euskaldunen hizkuntza-eskubideak erabat errespetatuz eta betez. Bi eremu horien mugak zehazteko adituen iritzia aintzakotzat hartu beharko da, hizkuntza-eremuen banaketa irizpide objektiboetan oinarrituz, Belgikan egin zen moduan. EAEko hainbat eskualdek baldintza guztiak betetzen dituzte, a priori, lurraldetasunaren irizpidea bertan finkatzeko (Bizkaiko Lea-Artibaik edo Gipuzkoako Urola Kostak, adibidez).

Zalantzarik ez dago lege-estaldura batek hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioaren aplikazioa erraztuko lukeela, eta hori izan beharko luke mugimendu euskaltzalearen helburua: ordezkari politikoei lege-aldaketa eta praktika horretarako presioa egitea. Baina ezin gara geldirik egon hori gauzatu arte. Une honetatik bertatik gure lurralde batzuetan euskara arlo guztietan hizkuntza nagusi bihurtzeko urratsak eman behar dira: bertako udalek funtsezko zeregina jokatu beharko lukete prozesu horretan.

Eskubideak eta betebeharrak

Lurraldetasun-printzipioa aintzakotzat hartuko duen hizkuntza-marko berriak, eskubide berak bermatu behar ditu lurralde osoan (eskubide berak Ondarroan eta Gasteizen), betebeharrak desberdinak izan arren. Hala, eremu euskalduneko biztanleek, euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik, euskara bera jakin beharko lukete. Euskara izango bailitzateke bertan hizkuntza ofizial bakarra. Bi eremuen arteko aldeak: kasu batean, eskubideak onartzen dira (eremu elebidunean) eta beste kasuan, eskubideak ez ezik, betebehar orokorrak ere badira.

Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

8 pentsamendu “Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-04-25 10:05

    Nabarmen da eskualde bat nahikoa laster izaitea zeinean euskara derrigorrezkoa eta beharrezkoa bailitzateke, hots normalizatua, ezinbestekoa dela. Gertakari horrek ondorio animagarria izanen luke mundu guziko egiazko euskalzaleentzat baita euskara ikasten dutenentzat.
    Helburu hori lortzeko borroka berak izan liteke utzikeria orokor honetan beharrezkoa dugun euskal sentimenduaren pizgarria.
    Baina bada ordua zeren asimilazioagatik proiektua egunero gero ta zailagoa bilakatuko baita. Oker ez banaiz, asimilazioa eta inbasioagatik, faktore politikoa “alboratuz” ere (posible balitz bezala!) horrelako mobilzazioa jada ezinezkoa litzateke iparralde ja guzian edo guzian.
    Hasteko, galdera bat:
    Euskal eskubide kolektibo hori babestuko duen eremua zehazteko, aditu batzuen abisuaz gain eta hori konfirmatzeko ez ote da pasa beharko tokian tokiko erreferendum legal edo ilegal batetik?
    Baditut beste galdera asko baina gerorako uzten ditut.

  • Benat Castorene 2023-04-28 11:20

    Bitxia da ordea artikulu honek Zuzeun sortzen duen oiartzun hala-hulakoa eskasa ez erraiteko.
    Ez ote dugu alabaina bertan astero entzuten kexa bat leitzen euskaldunen edo euskararen aldeko errespetu falta? ulergarria dena herri batean zeinean soilik erdara derrigorrezkoa baita populazioaren parte esanguratsu bat euskal sentimendua galdua baitu edo batzuetan ez baitu sekula ukan. (ene aldetik ez eiki da kritika bat zeren gu ez baigara gehiago kexatzen ere eta beharbada gure portaera otzanagatik errespetu faltak ekiditen baititugu eragiten).
    Artikulu honen proposamenak seguraz ere sortuko ditu uzkurkeria eta duda ugari. Imteresarria litzateke ager daitezen. Hau da Zuzeu bezalako media baten interesa. Ez ote?

  • Espainiako legepean ezin da aurrera atera, baina eremu euskaldunean bizi diren euskaldunak horren alde egin beharko lukete.

    – Udalek sustatutako hitzaldi, antzerki, jai, zinema, kontzertu, ikastaro, hedabide eta orokorrean beraien baitan dauden ekimen oro euskaraz izan behar dira.

    – Udalek euskalduntzea bermatu behar dute udal-euskaltegien bitartez.

    – Udalek negozioen euskalduntzea lagundu beharko du (aholkularitza, itzulpenak…).

    – Gizarteak euskarazko arreta eskatu behar du enpresetan langile euskaldunak kontrata dezaten.

    Zer gehiago?

    UEMA izan daiteke honen aitzindaria.
    https://eu.wikipedia.org/wiki/Udalerri_Euskaldunen_Mankomunitatea

  • Benat Castorene 2023-04-29 12:15

    Hego, ez bakarrik eremu euskaldunetako euskaldunek, ontsalarik beste eremuetako euskaltzale guziek ere lagundu beharko lituzkete borroka horretan. Hil ala bizikoa da denentzat. Bestela nola justifikatu gure .imertzioko euskarazko erakaskuntza jada erdaldundu edo erdalduntzen ari diren iparraldeko eremuetan? Zer latina bezalako hizkuntza hil bat ikasteko? Ez du zentzurik.
    Horrelako eremu euskalduna izan legez ala izan lege kontra erreferentzia bat bederen izan liteke eta lagunduko luke tokian tokiko biziraupen forma desberdinak asmatzen.
    Normal denez naziogintzakoek beren proposamena oraindik zehaztekoa dute. Haien artikuluaren azken paragrafoa ez zaut erabat argia.
    Zer erran nahi du : » eskubide berak Ondarroan eta Gasteizen » ?
    Bestetik ene ustez ez ote lukete « betebeharrez edo eginbidez» gehiago mintzatu behar « eskubidez » baino. Izan ere, Hegok dioen bezala, inork ez digu eskubiderik aitortuko.

  • Ez dakit zein den zehazki Iparraldeko herrietako egoera, baina planteatzen dena Gasteizen edo Arabako herri gehienetan ezartzea ezinezkoa litzateke euskaldunak ez direnak asko direlako. Soilik eskala mikroan susta daiteke hori udalerrietako egoera soziolinguistikoa oso erdalduna delako.

    “Eskubide berak Ondarroan eta Gasteizen” zera horretan, ene ustez, arlo publikoari dagokio, hau da, mediku euskalduna izateko eskubidea edo edozein tramite publiko euskaraz egiteko eskubidea izatea.

  • Iparraldean? zenbat aldiz erran beharko da egoera estruktura politikoagatik, ingurune abertzale ohien kolaboraziogatik euskarak ez du zinezko laguntzarik espero gehar politikaren aldetik. Gehitu behar dugu sekula ezagutu ez ginoen inbasioa eta populu aldaketa. Beraz logikoki beherakada linguistiko orokor hau epe guti edo aski luzera behin betiko heriotzeraino da etorkizun probableena. Egia maite duen edonork hau badaki.
    Euskatasunak hemen ez du biziraunen baizik eta tokika eta eskala tipian asmatu beharreko ekimen herrikoi bati esker. Ezdakit euskal sentimendu aski gelditzen denik oraindik. Horregatik arretaz begiratzen dut artikulu honek proposatzen duen ekimena eta ukanen duen oiartzuna. Eskalaz eta modalitateaz aparte hemen ere erresistentziaren inspirazioak berdina izan beharko luke.

  • Mikel Haranburu 2023-04-30 21:05

    Artikulu honek oihartzun eskasa izan du; ez da zertan hori hitzerdiz esan edo zalantzan azaldu… nahiz eta sarritan askok -askotxok- eta frankotiratzaile moduan gure aleak bota ohi ditugun…
    Bada zer eztabaidatu artikuluaren harira. Ni ez nago gustura, gauzak nola, zein terminotan planteatzen dituen. Baina zail da testu labur batean ongi azaltzea. Tarteka bota izan dut ideiaren bat; oihartzuna ere eskasa…, haatik…
    Esate baterako, uste dut administrazioek gutxienez bi ildotan jardun edo erabakiak hartu beharko lituzketela. “Hizkuntz politika” kontzeptua bera da erabat berritu beharrean dagoena, eta ez -soilik- hizkuntz(en) alorreko politikek eman dutena, edo eman ez dutena. Irizpide glotopolitiko zeinahi den, lurraldetasunezkoa zein pertsonazkoa (ziuraski biak ere osagarri litezke nola edo hala…) kontutan hartu behar da, dudarik gabe eta ezinbestean, hiztunak ez gaudela, ez neurri batean ere, hizkuntza berreskuratzearen alde ala aurka. Denetarik gara, eta ezen politika irizpidek hori aurrean luke.
    Kontua ez da: orain artekoak ez du eman ‘guk’ nahi genukeen fruiturik, eta beraz, alda dezagun.
    Ideia onak badaude, nire iritziz, artikuluan, nahiz eta eztabaidagai ere badiren.
    Bi ildo aipatu ditut; uste dut bi ildo horiek lege ordenamenduan islada izan behar dutela, eta ildo bat da hizkuntzaren berreskuratzea, eta beste bat erabilpen normalera iristekoa. Nire ustetan lege bakarrak ez ditu biak inoiz beteko, eta gainera oztopoak eta zailtasunak lekarzke beti, hala nola aurkariek salatu ohi duten “inposizioa” salatzen segitzeko aukera paregabeak. Lehena historian eman den eta eten eta norabidez aldatu behar den ordezkapen dinamikariari dagokio; bigarrena, lurraldekotasunezko eta pertsonazko irizpideak aintzat hartuko lituzkeena, gaur egun eta efektu guztietarako Euskara eta Gaztelania hizkuntza normalak (beti bezala, irakur hizkuntz horietako hiztunok) balira bezala antolatzeari dagokio.
    Beste hitzetan esanda, lege bakar batek, “Normalizazio lege” deituta ere, ez gintuzke asetuko hizkuntza era normal batean bizitzeko gai izan gaitezkeenak eta hizkuntzaren ondoan bestelako posizioak dituztenak.
    Adibidez, askok sentitzen dugu Euskaraz egiten dugunok euskaldunak garela, baina egon liteke (eta hala beharko du, luke) beste jende bat hizkuntza ezagutzen duena baina jarraitzen duena aragondar, andaluziar edo katalan izaten.
    Ez dut oihartzun handirik espero, ez alde eta ez aurka…

  • Benat Castorene 2023-05-01 09:31

    Gero Zuzeuen ez da beharbada toki egokiena ideia edo proposamen baten oihartzuna neurtzeko. Izan ere, Zuzeu da libreki eta anonimoki kexatzen ahal garen azken lekuetarik bat. Eta asko da. Baina gogotik paria nezake gehienok ez garela artikuluak aipatzen dituen euskaldun eremuetakoak. Horregatik nekez ikusten dugu gure burua borroka hori eramaten .
    Baina besterik ezean laguntzen ahal dugu inportantea dena. Eta ikasten ahal dugu guk zer egin genezakeen gure eremu galduxean.
    Autonomiak ematen dizue osotasun nazional bat izaitearen sentimendua. Ulergarria da baina euskararen alderako borrokaren ikuspuntutik ez da egia. Onartu behar dugu EAE eta Nafarroaren parte bat baita beharbada iparraldearen parte ttipitto bat ere izan litezkeela protagonista zuzenak eta puntakoak borroka horretan.