Hizkuntza eskubideak jasotzeko eskaerei berriz ere muzin Espainiako Gobernuak
Hizkuntza eskubideak jasotzeko eskaerei berriz ere muzin –
Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza eskubideak jasotzeko eskaerei berriz ere muzin egin die Espainiako Gobernuak
…
- Espainiako Gobernuak Eskubide Digitalen Gutuna aurkeztu berri du, eta berriz ere alboratu ditu hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak
- Bederatzi ekarpen edo alegazio zehatz egin zizkion Gutunari Kontseiluak, hainbat eragilerekin batera
- Kontseilua Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin harremanetan jarriko da eta Gobernuari jarrera horri buruzko galdera egin diezaiotela eskatuko die
Iazko abenduan ekin zion Espainiako Gobernuak Eskubide Digitalen Gutuna prestatzeari ekin zion iazko ekainaren 15ean, eta urtearen amaieran ekarpenak egiteko aukera zabaldu zuen. Euskararen normalizazioaren aldeko 26 eragilek osatzen duten Euskalgintzaren Kontseiluak 2020ko abenduaren 4an aurkeztu zituen ekarpenak.
Horien prestakuntzan PUNTUEUS Fundazioa eta Elhuyar taldea izan zituen bidaide Kontseiluak. Halaber, azken proposamenarekin bat egin zuten galizieraren eta katalanaren aldeko zenbait eragilek, Plataforma per la Llengua, Obra Cultural Balear eta A Mesa pola Normalización Lingüística.
Inolako aurrerapausorik ez
Kontseiluaren ustez, Espainiako Gobernuak beste aukera bat galdu du askotan aldarrikatzen duen berdintasuna bermatzeko, eta azken hilabeteotan euskaldunekin eta beste hizkuntza gutxituetako hiztunekin erakusten duen jarrerari lotzen zaiola uste du. «Hizkuntza-eskubideen bermea ahalbidetuko edo kontuan hartuko ez duten dokumentuak berdintasunaren kontrakoak direla esan behar zaio Gobernuari», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Izan ere, Kontseiluko eledunak gogoratu du Gobernuak Gutuna prestatzeko bazuela kontuan hartzea aro digitaleko hizkuntza-berdintasunari buruzko 2018ko irailaren 11ko Europako Parlamentuaren ebazpen bat, eta horri ere erreparatu behar ziola. Izan ere, «eskubide digitalak hizkuntza-eskubideak ere badira, eta, beraz, Gutunak propio jaso behar zituela, eta halaxe jakinarazi genion», adierazi du Bilbaok.
Kontseiluak helarazitako ekarpenetan hizkuntza-irizpideak kontuan hartzeko eskatzen zitzaion honako esparruetan: berdintasunerako eta diskriminazio-ezarako eskubidea ingurune digitalean, herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; hezkuntza digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazio publikoekiko harremanetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta, azkenik, adimen artifizialean.
«Gobernuak ez du ezer kontuan hartu, eta lehen zirriborroa bezain diskriminatzailea da aurkeztu berri duten behin betiko bertsioa. Hizkuntzen auzia eta hizkuntza-eskubideak alboratzea erabaki du, bai prozeduretan bai edukietan ere»
Horrekin batera Bilbao oso kritiko agertu da Gobernuak egiten dituen zenbait adierazpenekin: «Aipatu dute 250 ekarpen izan direla eta prozesu parte-hartzailea garatu dutela. Halere, hizkuntza gutxituei eta hizkuntza-eskubideei dagokienez, berretsi ahal dugu inora ez zihoan postontzi batera bidali genituela gure ekarpenak».
Alderdiei eskaera
Hurrengo egunotan Kontseilua Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin harremanetan jarriko da eta Gobernuari jarrera horri buruzko galdera egin diezaiotela eskatuko die. «Jakin nahi dugu zergatik irekitzen dituzten partehartze-prozesuak, ondoren, milioika hiztunen, milioika herritarren alde lan egiten dugun eragileon ekarpenei muzin egingo badiete» gaineratu du.
«Jakin nahi dugu zergatik irekitzen dituzten partehartze-prozesuak, ondoren, milioika hiztunen, milioika herritarren alde lan egiten dugun eragileon ekarpenei muzin egingo badiete»
Ez dugu ikusi nahi Espainian eta Frantzian hizkuntza alorrean dabilen haize inperialistak berdin jotzen duela ezker zein eskuinaldetik. Ideologikoki denak dira espainolak. Eta linguistikoki ere denak dira espainol petoak.
Eta periferiakook ere halakoak nahi gaituzte: ideologikoki espainiarrak, linguistikoki espainolak. Eta horretan ari dira haiek guztiak.
Legeak eta erabakiak haien esku daude, joku demokratikoaren arabera haiek beti direlako gu baino askozaz gehiago.
Gure bizitza, gure erabakiak, gure hizkuntzaren iraupena bera haien politikariek, haien lege demokratikoek, haien konstituzioek, haien epaileek arautzen, mugatzen eta itotzen dituzte.
Gu, bitartean, haien morroiak gara, haiei edonon eta edonoiz zerbitzatzeko gertu dauden morroiak. Inperioaren interesei laguntzeko beti prest dauden morroi hutsak. Haien eskuzabaltasunaren zain dauden morroiak. Ordaisari gisa noizean behin ogi apurren bat –eskuduntzak– jasotzen duten morroi eskertuak.
Zezenen arriskurik ez duten idi mantsoak.
Amildegia irekiko zaigu oinen azpian hori ikusi eta buruan sartu ezean.
Morroi izateari uztea da, beraz, irtenbide bakarra. “Morrontzari ez, sumisioari ez” aldarrikatzea. Edo alderantziz esanda, intsumisioa praktikan jartzea.
Hizkuntz intsumisioa beste hizkuntzekiko.
Leialtasun betea euskararekiko.
Gainerakoak, haiek darabilten haize