Haizea Martiartu: “Konposatzea laborategian egotea bezalakoa da, topera esperimentatzen”

Haizea Martiartu: “Konposatzea laborategian egotea bezalakoa da, topera esperimentatzen” –

Haizea Martiartu: "Konposatzea laborategian egotea bezalakoa da, topera esperimentatzen"Mendebaldetik sartu eta ekialdetik joan, jazz ufada epel batek zeharkatzen du Euskal Herria uztailean. Horrexegatik, hilabete aproposa begitandu zaigu gure jaialdi nagusiak zapalduko dituzten nazioarteko izarrez gain, gurean ere jazza jorratzen duten musikariak badirela gogoratzeko. Urpeko Bonbardan, horietako hiruren diskoak aurkeztu genituen orain gutxi, Irati Bilbaoren “Begin”, Haizea Martiarturen “Folketik Jazzera ensemble” eta Ainara Ortegaren “Onin”.

Orain, banaka-banaka bertako elkarrizketak dakartzagu idatzira. Asteon, Haizea Martiartu saxo jotzailearena (Markina Xemein, 1991).

Saxofoi jolea zaitugu. Zein izan da musika tresnarekin izan duzun harremana?

Gaztetan hasi nintzen, 8 urterekin edo, askoren moduan eskolaz kanpoko ekintza legez; etxean ez nuen musikaririk eta ez ninduen inork bultzatu. Urteak aurrera joanda Markinako bandan sartu nintzen, eta gaztaroan internetari esker (wikipedia, youtube…) musika estilo ezberdinak bilatzen hasi nintzen. Filmetako musika eta AEBetako musika beltza asko gustatzen zitzaidan, eta momentu batean jazza aurkitu nuen nire gelan. Bazuen zentzua, justu saxofoia jotzen nuen-eta, ez kasualitatez. Eta mundu berri bat ireki zitzaidan! Maitemindu egin nintzen musika berriarekin, eta behin batxilergoa amaitu eta 18 urterekin oso zaletua nengoen. Momentu aproposa nuen eta Bartzelonara jotzea erabaki nuen, ikasketa aldetik aukera ezberdinak izango nituelako, eta mundua ikusteko gogoa ere banuen-eta.

Beraz, jazz ikasketak burutzera jo zenuen Bartzelonara… eta bertan gelditu.

Badaude aurrekariak [euskal jazz musikariak Bartzelonan] eta badago mugimendua, ikasketak egiteko aukera asko, eta esan bezala, gazte askoren moduan EHtik kanpo ere jo nahi nuen. Gero lanean hasi nintzen Bartzelonan, eta gaur arte. Bueltatuko naiz Euskal Herrira agian, konexio handia dut-eta, baina hauxe izan da nire aukeraketa pertsonala.  Hasieran, jotzen nuen pixka bat saxoa baina ez nuen ideiarik ere ez, gustuko nuela bakarrik. Gero formatu egin nintzen, eta egun ez dagoenez zuzenekoetatik bakarrik bizitzeko egoera onena, eskolak ematen ditut pare bat musika eskolatan. Asko gustatzen zait irakatsi eta musikarekiko pasioa transmititzea. Eta katalana? Banabil, C1 azterketa izan dut orain!

“Folketik jazzera ensemble” plazaratu duzu Errabal etxearekin.

Bi urte osoko prozesua izan da, ariketa potentea diskoa osatzearena. Zortzi kantuko disko bat da, eta Euskal Herriko kantu ezagunen bertsio dezente daude bertan. Formazio aldetik, entzuten duenak ikusiko du musikari asko daudela diskoan, bederatzi [zuzenean grabatu zuten, bideoan ageri den sukaldean]. Nire lehen lana da, eta nire herriminaren fruitua. Bartzelonako urte asko hauen eta Euskal Herriarekiko maitasunaren nahasketa bat, pandemiaren erdian kariño handiarekin egina. Eta ez da izan erraza ez, egutegi aldetik guztia lotu grabaketa saioak atzeratu… oztopo asko izan ditugu itxialdiaren ondorioz. Niretzako abentura handi bat izan da, seme bat izatea bezalakoa. Maitasun handiz irten da neure barrutik.

Euskaldunok barru barruan txertaturik ditugun kantuekin osatu duzu diskoa.

Kanten aukeraketa oso pertsonala izan da, eta egia da nahiz eta ezagunak izan, deseraiki egin ditudala konposaketa aldetik. Kontserbatorioan konposaketa teoriak ikasi eta gero, aukeraketa pertsonala egin nuen, niretzako kantu hauek aproposak zirelako deskonposatzeko. Horixe izan da lehen pausoa, deseraikitzea. Nire gelan, pentagrama aurrean pianoarekin eta ordenagailuarekin, frogak egin eta partiturak idatzi, zortzi kantu eta bederatzi musika tresna. Oso prozesu luzea izan da, baina asko gustatzen zait konposatzea, nire pasioetako bat da, eta niretzako laborategian egotea bezalakoa izan da, etxean ordenagailuarekin, topera esperimentatzen.

Melodiak badatoz eta badoaz, ez dira guztiak bapatean ezagutzeko modukoak.

Eskerrik asko. Azken finean askotan esaten dugu kanten bertsioak direla baina nik esango nuke moldaketak direla. Egia da asko miresten ditudala Guillermo Plen, Miguel Zenon eta antzeko jazz musikariak, eredu ditudanak, askotan herri-kantuak hartu eta moldaketa luzeak egiten dituztelako; intro, transizio, pasarte asko, inprobisazio tarteak… babatzuetan igartzen dira melodiak, besteetan ez. Eta nik ere askatasun askorekin aldatu ditut melodiak, kantuak ahal denik eta errespetu handienarekin tratatu baditut ere. Ez da kantua bakarrik, konposaketa da, eta hor dago grazia, melodia agertu eta desagertu egiten da, gero apur bat berriro agertu… hor dago jokoa eta hori da jolasa.

Ematen du lanak harrera ona izan duela, baina zail duzu jendaurrean agertzeko.

Oso harrera ona izan du bai, ez nuen espero. Era batean disko hau kapritxo bat zen, nire lagunekin ahalik eta lan politena grabatzekoa, baina ez nuen jende askorengana heltzeko esperantza, eta heldu da; erantzun ona izan du eta aprobetxatu beharko da. Eta kontzertuak… asko botatzen dut faltan zuzenean jotzea, duda barik, nire lanbidea da eta pena bat da lehen beste kontzertu egin ezin izatea. Aurrera begira egoera ez da munduko errazena, eta kontutan hartu Bartzelonan bizi garela, bederatzi laguneko egitasmoa izan dela… gestio aldetik lan potente bat behar da guzti hau aurrera eramateko. Baina esperantzak baditugu, eta gainera laukotean ere jotzen dugu. Era batean edo bestean badut bueltatzeko esperantza.

Emakumeen aldetik jazzean ere bultzada berri bat dator?

Bai, azken batean uste dut gizartearen ispilu dela. Ez da bakarrik jazzaren munduan, lanbide askotan ikusten ditugu gero eta emakume gehiago, eta eskerrak, ordua zen! Niri, musikari bezala Bartzelonan -hauxe da gehien ezagutzen dudana- galdetzen zidaten: “Zu ere musikaria zara? Abeslaria?”. Beti kantaria, edo piano jolea bestela; eta gaur egun begira hasi eta bdira ni baino gazteagoak edozein musika tresna jotzen, denetarik ikusten dut. Azken finean orain arteko Lege Zaharrak apurtzea da, ez baitzuten inongo zentzurik. 

Haizea Martiartu: "Konposatzea laborategian egotea bezalakoa da, topera esperimentatzen"

Haizea Martiartu  Haizea Martiartu

ZUZEUko erredakzio kide