Hizkuntza ereduak gaindituta daude eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko traba dira

Hizkuntza ereduak gaindituta daude eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko traba –

  • EAEko Hezkuntza Lege berrian hizkuntza-ereduak mantentzeko aukera kezkaz jaso du Kontseiluak, orain arteko proposamenekin koherentzian.
  • Ikasgeletako egungo errealitateak jada gainditutako sistema dela iritzi dio, milaka haur eta gazteri euskaraz jabetzea eragozten diena, euskararen normalizazioan aurrera egiteko oztopoa.
  • Euskarazko ikasteredua orokortzea euskal gizartearen kohesioan eta berdintasunean sakontzeko apustua dela aldarrikatu du Kontseiluak.

2023ko urriaren 12a

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte erakundeen bilgune nagusienak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berriaren inguruko hausnarketa plazaratu du.

Hizkuntza ereduak gaindituta daude eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko traba dira
argazkia:  berria

2021ean abiatutako eztabaidaren prozesu osoan zehar, euskalgintzak, hezkuntza komunitateko eragileekin eta sindikatuekin batera, hizkuntza-auziaren korapiloa askatzeko proposamen argia izan du: euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiak euskaraz jabetzeko bide bakarra euskarazko ikasteredu inklusiboa orokortzea dela. Hau da, hezkuntza sistemaren ikas- eta irakats-hizkuntza normalizatua euskara izatea dela belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izateko bide arrakastatsuen eta ia bakarra dela frogatu dena. Orain arteko datu eta azterketa guztiek frogatzen dute hori, eta gizartean adostasun zabala duen proposamena da.

Orain arteko norabidearekin koherentziaz, Euskalgintzaren Kontseiluak kezkaz bizi du Hezkuntza Lege berria gaur arteko hizkuntza-ereduen gainean eraikitzeko arriskua. Orain arteko esperientziak eta ibilbideak, eta gaur egungo ikasgeletako errealitateak, frogatu du ereduak zaharkitutako tresnak direla. Gaindituta daudela, eta ez direla eragingarriak ikasleek hezkuntza itunean zein lege egitasmoan bertan ezartzen diren hizkuntz helburuak lor ditzaten. Ereduen mantentzeak ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo du, ateak itxiz. Hau da, milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragotziko zaie, haiei kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean. Eta, orokorrean, euskararen normalizazioa kaltetuz, eta horrenbestez, gizarte kohesioa eta bizikidetza.

Horregatik deritzogu duela 40 urte sortutako hizkuntza-ereduen sistema sakonki diskriminatzailea dela, milaka ikasleri bertako hizkuntzaren gaitasuna lortzea galaraziko baitzaie, ofizialtasunak ezartzen duen euskara ezagutzeko eskubidearen eta botere publikoen betebeharraren kontra. Gaur egungo esperientziak eta datuek erakusten dutelako ereduak segregaziorako tresna ere izaten direla, eta zaurgarritasun sozioekonomikoari zaurgarritasun soziolinguistikoa erantsiz, milaka haurren etorkizuneko garapen soziala eta profesionala baldintzatzen duela. Ereduen sistemak sarritan euskara gutxien dutenei are eta gutxiago ematen die, gizarte kohesioa indartzea eragotziz. Eta, era berean, beste milaka herritarrek hizkuntza eskubideak egikaritzea zailduko du, bizikidetzan sakontzea trabatuz.

Halaber, kezkagarria deritzogu, gurasoen erabakitzeko ahalmenarekin argudioarekin, etorkizuneko belaunaldien aukera berdintasuna baldintzatzea. Ereduen sistemak milaka haur benetako monolinguismo edo elebakartasun batera kondena ditzake, gaztelera soilik menderatzera, bertako hizkuntzaren ezagutza nahikorik izan gabe. Izan ere, erabat jakina da gaur egungo gure gizartean gaztelera menderatzea erabat bermatuta dagoela, biztanleriaren ia %100ak ezagutzen duela, eta gaur egun elebakar bakarrak gaztelera hiztunak direla.

Kontseiluak epe luzeko begirada proposatzen du, hamarkada batzuk barru euskal gizartea euskaldun eta eleaniztuna izan dadin. Hau da, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatu dezaten, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala. Jakin badakigu ere, euskarazko ikastereduak ez dituela bere kabuz bakarrik ikasle guztiak euskalduntzen eta ezinbestekoak direla berrikuntza pedagogikoa, euskal kulturaren transmisioa, hezkuntza ez-arautua eta eskolako ingurunea euskalduntzea, eta euskara gutxien dutenei baliabide gehiago zuzentzea, besteak beste.

Hau ez da egun batetik bestera egikaritu daitekeen zerbait, trantsiziorako denbora beharko duen prozesu bat baizik. Euskal gizartearen kohesioan eta berdintasunean sakontzeko apustua da, eta une honetan hartuko diren erabakiek erabat baldintzatuko dute datozen hamarkadetako euskararen normalizazio prozesua.

Azkenik, irailaren 12an hezkuntzako eragile nagusienetarikoek (Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS) euskarazko ikasteredu orokortuaren alde abiatu zuen «Hezkuntzak euskara gehiago behar du» sinadura bilketak urriaren 29ra arte segituko du zabalik. Abagunea zein den kontuan harturik, are eta garrantzitsuagoa da sinaduren bidez proposamen horri indarra ematea. Sinatu nahi duenak www.euskaragehiago.eus webgunean egin ahal izango du.

Hizkuntza ereduak gaindituta daude eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko traba dira

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude