Hizkuntza beharrak osasungintzan: ikerketatik ezagutzara
Hizkuntza beharrak osasungintzan: ikerketatik ezagutzara –
«Zer moduz?» galdetu zion beleak zozoari. «Zaharrak berri», erantzun zozoak. Batzuetan egun eguzkitsuak, beste batzuetan hobelak, baina belatxinga beti beltz. Osasungintzan ere antzera gaudela ere esan daiteke. Aurrerapausoak eman direla ez dago zalantzan jartzerik. Halere, osasun arreta euskaraz, bere osotasunean, ez dago inon ere bermaturik, eta oraindik belearen eta zozoaren arteko hizketan gabiltza, izan euskara planei buruz edo hizkuntza eskubideei buruz.
Medikuntza muinetik ezagutzen duenak badaki, jakin, arreta bera dela funtsa, hots, pazienteen osasun arazo edo beharrei erantzuna ematea. Osasuna sustatzea, gaixotasunak prebenitzea, osatzea eta, gehiago ezin denean, minak arintzea eta heriotza duin bat bermatzea, alegia. Euskara plan bat, ezinbestekoa izan arren, ez da nahikoa arretaren osagarria besterik ez den bitartean. Hizkuntza ez bada medikuntzaren eta osasun-erakundeen dimentsio formalean txertatzen, hizkuntza eskubideak norbanakoaren arloan bakarrik kokatuko dira, erlijioa legez, jardueraz kanpoko aldagaia alegia. Hau da muina, hor dago koska: hizkuntza osasun jarduerari lotzea, ezinbestekoa izateraino, beltzak ikusi nahi ez badugu. Horretarako esparru teoriko bat garatu behar dela uste dugu, ebidentzian oinarriturikoa eta medikuntzarekin lerrokaturikoa. Horrenbestez, helburua pazientearen osasun-beharrei erantzuna ematea izanik, hizkuntza-beharrak ere badirela aitortu behar da.
Hizkuntza-beharra hauxe litzateke: osasun jardueran, hau da, paziente orok osasun-prozesu osoan (etxean, osasun zentroan edo ospitalean; lehen mailako arretan zein espezializatuan), kalitatezko zerbitzua (onargarria, segurua, irisgarria, eraginkorra, ekitatezkoa eta sostengarria) jasotzeko behar duen hizkuntza, edo zehazkiago, osasun langileekiko eta erakundeekiko harremanetarako behar duen hizkuntza. Harago, bere osasun egoera ahalik eta hoberena izateko behar duen hizkuntza. Kontuan hartuta hizkuntza gaitasunak zein komunikaziorako beharrak aldakorrak izan daitezkeela bizitzako gertaeren edo osasun egoeraren arabera, esan daiteke hizkuntza beharrak ez direla homogeneoak, norbanakoaren eta egoera klinikoaren araberakoak baizik. Esaterako, afasiak jota dagoenaren, edo endekapen kognitiboa duenaren komunikaziorako gaitasuna murriztuta egon daiteke. Osasun mentaleko arazoak dituenak ere behar bereziak eduki ditzake. Haur baten beharrak eta heldu batenak oso ezberdinak izan daitezke. Hizkuntza-behar horiei erantzun egokirik ez emateak kalteak eragin ditzake eta, beraz, zerbitzuaren kalitatea oztopatu. Horrenbestez, osasun langileen eta osasun erakundeen erantzukizuna litzateke behar horiek identifikatzea, hala nola dagokien erantzunik egokiena ematea.
Hizkuntza beharren ereduaren helburua kalitatezko osasun zerbitzuak eskaini eta ematea litzateke, ahalik eta osasun emaitzik hoberenak lortze aldera. Hizkuntza-beharrek pazientearengan ardazturiko osasun arretaren ereduarekin bat egiten dute; eta, esan daiteke hizkuntza-beharrak, eredu horren osagarria baino, nahitaezko baldintza izan behar direla pertsonengan zentraturiko zerbitzua eskaini nahi bada. Izan ere, hizkuntza eta komunikazio -beharrak unibertsalak dira, ingurunea edozein izanda ere, baita pazienteak eta profesionalak hizkuntza bera hitz egiten badute ere. Ez legoke pazientean zentraturiko arretarik, alegia, paziente horren hizkuntza beharrak antzeman eta beteko ez balira.
Hau guztia kontuan hartuta, arretaren normalizazioa eta hizkuntza-beharrak ebidentzian oinarritzeko, ikerketa ezinbestekoa da. Asmo horrekin ari gara UPV/EHU, UEU eta Osakidetzako zenbait langile, gai honen inguruko graduondokoa eta udako ikastaroak antolatzen. UPV/EHUko Uda Ikastaroen aterkipean “Osasuna eta hizkuntza” Udako Ikastaroaren IV. edizioa egingo dugu Bilbaon aurten, uztailean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Ildo horretan, hizkuntza-beharrak ikerketaren bitartez aztertzeko eta ezagutzeko xedearekin, edizio berri hau «ikerketatik ezagutzara» izendatu dugu.