Hitanoa

Hitanoa –

HitanoaHika hitz egiteko erak -toka eta noka alegia-, alde batera, galbidean dagoen espezie baten trazak ageri ditu. Ekialdeko euskalkietako zutanoaren antzera[1], gero eta gutxiago erabiltzen da euskaraz aski natural mintzatzen den herri eta herrixketan; eta handik kanpo ez da entzuten eta, jakina, ez da transmititzen. Euskaldunok, bai, nahi baduzue, baditugu aurretiagoko kezkak, euskararen beraren erabilera orokor apala, eta halaber, erabileraren kalitate sarri askotan hala moduzkoa, bi nagusiak aipatze aldera, baina kontxo, lagunarteko giro berezian, mendez mende mamitu eta helarazi zaigun jardun bat -ez bakarrik lagunartean erabiltzekoa-, hain egokia lagunarte-hizkera berezi eta adierazkorrak modu naturalean lantzeko, tristea da galbidean ikustea, eta, zorionez, banaka batzuk hitanoa suspertu nahi txalogarrian dabiltzan honetan, merezi du mugimendu osasungarri honen aitzakian gaiaz gogoetatzea[2].

Bi ezaugarri nagusi ditu nik ezagutzen dudan hitanoak: ahozko jardunari lotua da gehienbat, eta eskualdekoa da. Bere orain arteko ingurune naturala ahozkoa izan bada ere, idatziz ere berdintsu erabil liteke, ahozkoan bezala, konfiantza giroan, lagun edo ezagunekin, eta pertsona bati zuzendurik bereziki; eta, usa liteke egun erabiltzen den baino gehiago, antzerkian, ikus-entzunezkoetan, telebistan eta sare sozialetan; telebistan eta sare sozialetan ere bai, eta esan beharrik ez dago gaur egun telebistak eta sare sozialek zer-nolako hedadura eta indarra duten.

Eta irakaskuntzan? Tartetxo bat egin dakioke ezta?, azterketarik gabe, baina ahalik eta txukunen eta adierazkorren erabiltzen ikasteko, eta agian prestigioa ere emateko.

Ez dut hagiografiarik egin nahi, eta horregatik aje(txo)ak ere aipatuko ditut. Batez ere transmisio eskasak eta erabilera urriak, eta zabarkeria linguistikoak sorrarazten dituelarik, bi aipa litezke: bata, nesken artean edo neskei zuzentzean, noka erabili beharrean toka erabiltzea, eta forma alokutiboak esaldi nagusietan ez ezik menpekoetan ere erabiltzea, hots, “joango *naukela (naizela) esan dinat”, “ikusten *baninan (banuen), emango niola esan ninan; “ez *diatelako (dutelako) euskara bizia…; “ea suspertzen *diagun (dugun)”.

Zergatik galdu ditu erabiltzaileak eta transmititzaileak? Bastotzat jo delako, jende finarentzat ezegokitzat. Ergelkeria, ezta? Gainditu beharreko aurreiritzi txepela, nire iritzian. Egia da hitanoa erabiltzeko arau sozial sotilak egon direla. Urola aldean, esaterako: gurasoek euren artean zuka -gehienek behintzat-, gurasoek seme-alabei hika, baina seme-alabek gurasoei zuka; ezezagunekin zuka, eta ezagun norbera baino zaharragoekin gehienbat zuka, eta adin bertsuko edo gazteagokoekin hika. Arau gehitxo? Guretzat ez ziren, eta ez daukate zertan izan, eta laxatu ere egin litezke, ezta? Batzuek gura garaian ere laxatzen zituzten bezala, kasu, senar-emazte artean hika eginda elkarri.

Ajeak eta zailtasunak gaindi daitezke dudarik gabe, eta gorago esan bezala, ez al du merezi lagunarteko giro euskaldun berezi hori, ondorengoei ere helaraztea, ahalik eta txukunen eta adierazkorren? Euskaldunok hain beharrezkoak ditugunean deskribatu ditugun bezalako giroak! Horretan dabiltzanei txaloak jo eta laguntza pixka bat ere eman diezaiegun, geure eta euskaldun guztion onerako.

[1] Xabier Alberdi, “Eztabada”, Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg)

[2] Maxixatzen 411 zk.a, 2021eko uztaileko alean, “Elkarrizketa” Aintzane Agirrebeña eta Xabier Eizagirre, hitanoa sustatzeko proiektuko kideak. 20or. eta ond.

Hitanoa

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

6 pentsamendu “Hitanoa”-ri buruz

  • Mea culpa egin beharrean aurkitzen naiz hitanoari dagokionez. Gurasoek natural-natural hika egiten zidaten, eta, beraz, transmititu zidaten, eta nik, aldiz, seme-alabei ez diet transmititu; ikasi dutena kalean ikasi dute. Zergatik? Oraintsu arte ez diot kasu handirik egin; eta, batetik, neure ustez aurretiagoko hutsuneak betetzen edo enplegatu naizelako -euskara batua, forma idatziaren garrantzia naziogintzarako-; bestetik, ergelkeria bada ere, bastotzat joko nuen edo “jotzen nuen” umeei egiteko, erabat ohartuki ez bada ere.
    Damuaren “presiopean”, bere lekuan, atxiki beharrekoa jotzen dut.
    Eta, ikus-entzunezkoek film, telesail eta antzerkietan eta hitano batua edo batu samarra erabili ezean, etorkizun kaxkarra aurreikusten diot. Literaturak, bereziki itzuliak, esango nuke, bere lekua eskaintzen dio hitano batuari, eta axola handikoa da.

  • Arrazoi, Pako. Ganoraz heldu beharko genioke hitanoaren berrabiazteari. Hitanoa galtzen bada, euskararen tresna erabilgarri eta eraginkor bat galduko da… eta ez gaude galera gehiagotarako.
    Uste dut, euskaltegietan eta ikastetxeetan ere bazterrera utzi dugula, oro har, hizkuntzaren ikas prozesua erraztearren edo. Ez dugu asmatu.
    Gero, hik aipatu duk eta garrantzitsua da. Eskualdekoa da hitanoa, eta hori ere zaindu behar da ahal den neurrian, areago gertutasuna adierazteko berba-moldea den neurrian, nik uste.

  • Euskahaldun 2021-08-02 11:37

    Irakurrita diot Xabier Kintanari nonbaiten, Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuetan agertzen den hitano forma sinplifikatua, hizkera honen erabilera berreskuratzeko alternatiba praktikoa izan daitekela. Hau da, bigarren pertsona ez den beste kasuetan aritzean, aditz alokutiboa ez erabiltzea (diat, nauk, zekiat eta halakoak). Hitano alokutiboa hain zorrozki ez aplikatzeak izugarri lagunduko luke hitanoan jarioa beregantzen

  • Bikain, Pako. Hitanoa berpiztea guztiz beharrezkoa da, batez ere hau delako lagunarteko mintzaira informal indartsuaren iturri nagusietako bat. Aurreiritzi eta fama txar zentzunbakoek galbidean utzi dute azken hamarkadotan, zoritxarrez. Egia da ere euskara batua bultzatzeko ahaleginak egin diren lekuetan sarritan atzenduta geratu dela hitanoa, batez ere eskualdekoa (erabiltzen den bakarra), eta honek bere hondoratzea bizkortu duela. Akats hauek zuzentzeko garaia dugu.

    Telebistan hori bai, hitanoaren forma estandar bat modu serioago batean uztartu beharko litzateke, garaian Joxemari Iriondok egiten zuen bezala, edo egun Euzkitzek egiten duen bezala. “Gatxik” eta “natxiok” gisakoak ETBn azaltzea ez dago gaizki, baldin eta beste hizkeretakoek ere lekua badute, eta batuaren forma estandarrak ere presentzia nabarmen bat baldin badauka. Hori egiten ez denean, gauza kuriosoak gertatzen dira. Gure herrian ‘egongo gaituk’ esaten da, batuan legetxe, bustidura gehituta. Baina hitanoa berreskuratzen erdi-saiatzen-edo dabiltzan batzuen ahotan ‘egongo gatxik’ entzun izan da batzuetan. Arraroa. Kirrinka egiten du belarrira. Horrelako nahaste borrasteak ekiditeko, herri hizkeretako hitanoen ondoan eredu estandar bat edukitzea ere komeni da.

    Badira hitanoaren forma estandar baten kontra daudenak ere, Iñaki Segurola esaterako, baina nire ustez hanka sartzen dute. Herri-hitanoak dira ia-ia erabiltzen diren bakarrak, eta beraz eurok kontuan hartzea behar-beharrezkoa da, baita irakaskuntzan ere (baserritarrei behingoz jaramon eginez), baina honek ez du inolaz ere hitanoaren forma estandar baten beharra mugatzen. Are gehiago, forma estandarrak gida bat beharko luke izan hizkera guztientzat, iparrorratz bat.

  • Martin Rezola 2021-08-03 09:01

    Ikasi nahi duenarentzat, hor dago Ritxi Lizartzaren “Hitanoa. Mintza hadi, lagun!” liburua. Hor daude deskribatuta, argi eta erraz, hitanoaren ezaugarri gramatikalak, mugak eta beste. Erabilera sozioafektiboaren ingurukoak ere bai, eta proposamen interesgarriak.
    (Baten bati astakeria irudituko zaio, baina erabilera sozialari dagokionez, nik ez nuke gaizki ikusiko, adibidez, denboraren poderioz seme-alabek gurasoei hika egitea, gizarte-ereduaren beraren aldaketaren ondorioz. Gaztelaniaz, duela gutxi arte, ohikoa zen amari “usted” tratamendua ematea, “Madre, venga conmigo”, baina gaur egun uste dut araua gurasoekin tuteoa erabiltzea dela.)