Zer da, bada, euskara?

Zer da, bada, euskara?

Hau azaltzea zaila da. Gazte euskalduna naiz, euskal herritarra, feminista eta, horregatik, komunista. Orain dela gutxi ezagutu nuen nor nintzen, eta, gaur egun, oraindik ikasten ari naiz nire benetako nortasunaren inguruan. Izan ere, denbora luzez bizi izan naiz galdurik edota zalantza erraldoi batean. Dena den, hau ez da saldu zidaten bidea eta kanpotarra zarenean ez da erreza kolokan jartzea zure gaurko etxea.

Hasteko, gauza pare bat argitu nahi nituzke. Lehenik eta behin, hizkuntzak ezin du hierarkia berproduzitzeko aitzaki bat izan. Euskara da ezagutzen dudan hizkuntza bakarra sistema kulturala elitismoz osatzen duena, hau da, kaleko hizkuntza ez da jasotzen, ez da existitzen inon. Euskaltegian askotan esaten zidaten: ‘baina kalean hau ez da horrela esaten’. Eskerrak AEKn jaso nuela hizkuntza, bestela ez nukeen inoiz ikasiko. 

Bestalde, jakin ezazue oso zikina dela jakinda pertsona bat euskaldun berria dela, barre egitea zalantza bat daukanean. Eta holakorik ez pentsa harroputz amorratuek egiten dutela; ez, jendeak, teorian, euskara maite duenak ere. Agian ez dakizue, baina jarrera hori nazkagarria da. Kasualitatea ala ez, zis-gizonezko jarrerak dira.

Askotan zalantzan jarri arren, gazteon bizitza prekarioa da. Honi ‘mileniels’ filosofia gehitzen badiogu, gazteok ikus-entzunezko munduan bizi gara. Eduki azkarrak eta batere pisutsuak kontsumitzera ohitutak gaude. Bai, Netflixeko nerabeen serie bat nahiago dugu ‘Itxi liburuak’ baino, nahiz eta programa bikaina den ere. Aldiz, nola ulertuko dut nire hizkuntza euskara dela kontsumitzeko kultura trinko-trinkoa bada? Nik zortzi orduz lan egin ondoren, ‘Euphoria’ ikusi nahi dut, baina euskaraz ikusteko aukerarik ez daukat. Izan ere, serie honek ez ditu jasotzen baldintza nahikoak itzulpen bat egiteko gazteok disfrutatzeko pentsatu gabe.

Zer da, bada, euskara? Hori jakin nahiko nuke. Zenbat eta datu txarragoak, gero eta eduki gutxiago euskaraz, eta gero eta eskakizun handiagoa titulo puto bat jasotzeko. Por zierto, titulo honek ez du ezertarako balio. Hezkuntzan izan ezik, sistema publikoan titulodunek ez dute euskara egiten euren lanpostuetan. Enpresa pribatuen inguruan ez da beharrezkoa ezta oharra egitea ere.

Baina, harira goaz; zer da, bada, euskara? Nik ez dakit esaten: gorrotatzen dutenek gutxiestea lortu dute; maite dutenek elitizatu dute. Momentu honetan kaña bat eskatzea bizipen txarra izan daiteke, baina ez badituzu ongi azentuatzen esaldiak, ez zara euskalduna. Eta erdian gaude gu, euskara duitasunez bizitzen saiatzen garenok.

Hizkuntza bati teknikotasuna ematen diozuenean, hizkuntza serio gisa kokatzen ari zaretela badakit, baina zer gertatzen da teknikotasun hori ez dugunean ezagutzen edo erabiltzen? Ba al gara hiztun txarrak? Kasurako, andaluziar batek ez al daki gazteleraz, edo kubatar batek ze hizkuntzaz solasten du? Zer da ‘euskara on bat’? Mauleko norbaiti geldetuko diogu?

Gizartean bi alde margotzen ditugunean esan nahi du norbait ez dela alde baten parte sentitzen eta horrek gaizki bukatzea ohikoa da. Hala eta guztiz ere, ez dugunok esaldi bukaeran ‘-eta’ kasual modukoan erabiltzen, inoiz zuek bezalakoak izango gara edo bizitza oso bat euskaraz egin ondoren hilko gara ‘hiztun txar’-en dominarekin? Askok maite duzue gure hizkuntza eta, aldi berean, akatzen ari zarete. Gelditu, ikusi eta ikasi, denok egin dugun bezala.

Zer da, bada, euskara?

Adanen saihets hautsia.

3 pentsamendu “Zer da, bada, euskara?”-ri buruz

  • Guretzat argi dago euskara zer den: Euskal Herriari izena eta izana ematen dion funtsezko elementua, identitate indibiduala (euskaldun egiten gaituelako) eta kolektiboa (Nazio egiten gaituelako) ematen dizkiguna. Hizkuntza baita Herri baten arima, Nazio baten ikurrik bereizgarriena. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez.

  • Demagun, ezizen horregatik, zure aurrekoak Murtziakoak direla; gurera etorri eta hemen finkatu ziren; eta zuk, haien alaba izaki, zalantza batzuk izan dituzu, oker ez banago, espainiarra zaren edo euskalduna, edota euskaldun-espainiarra, espainiar-euskalduna baino, eta jada erabaki duzula euskalduna zarela, feminista, eta feminista zarelako komunista. Gero diozu, engainatu bezala egin zintuztela edo…, euskaltasunaren gainean edo. Seguru nago zure adina doblatu egingo dudala; eta, halere, aitortzen dizut ikasteko asko dudala, eta, zurea leituta, bizpahiru ohar idaztera animatu naiz, biontzat ere onerako izan daitekeelakoan.

    Diozunean: “Lehenik eta behin, hizkuntzak ezin du hierarkia birproduzitzeko aitzaki bat izan. Euskara da ezagutzen dudan hizkuntza bakarra sistema kulturala elitismoz osatzen duena, hau da, kaleko hizkuntza ez da jasotzen, ez da existitzen inon”; nire lehenengo erreakzioa da flipatzen dudala. Gaztelaniaz mintzatzen dakitenetatik zenbatek lortzen du abokatu izatea, esaterako, edo zenbatek lortzen du epaile izatea, edo zenbatek lortzen du hedabideetako aurkezle izatea? Ehunetik bik, hiruk… Ikasketekin batera, gaztelaniaren menderakuntza itzela lortu behar da hainbat lanpostutarako, oso ere jende gutxiren eskuetan dagoena. Hor ez dago hizkuntzaren elitizaziorik?

    Azkenaldian ez ditut gisa honetako ohartxoak inon ikusi: “toy kansao” “e lo ke aí”; boladatxo bat izan zuten. Ia oraintsu arte Espainiako gobernuaren bozeramailea izan den Maria Jesus Montero sevillarrak nola ahoskatzen zituen “s”ak, esaterako. Moreno Cabrera linguista madrildar jakintsu bezain kritikoak (Irakur: “El nacionalismo lingüístico. Una ideología destructiva (Península, 2008) edo “Lengua, colonialismo y nacionalismo. Antología de artículos, 2004-2010”. Interneten bada.) dio gaztelaniaz mintzo diren hamarretik bederatzi ez direla gauza “casa” eta “caza” bereizteko, testuinguruagatik ez bada. Zenbat eratara ahoskatzen da gaztelaniaz?, baina, idatzi?, eta hori Errege Akademiak mendeak dituela gaztelania leuntzen eta finkatzen. Ahozkoa eta idatzia hizkuntza guztietan dira ezberdinak; ez bakarrik ingelesez. Euskaltzaindia euskara batua finkatzen, dakizun bezala, 1968an hasi zen. Historikoki oso denbora gutxi da, eta bai, alde dezente dago ahozkotik idatzira –gutxiago egon beharko luke; baina, pixkanaka horretara goazela dirudi, gero eta hitz gehiago jasotzen ditu Euskaltzaindiaren hiztegiak–, arrazoi linguistikoengatik baino gehiago politikoengatik, gaztelania derrigorrezkoa delako eta euskara hautuzkoa., eta hiruzpalau hamarkada baino ez dituelako irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan.

    Beste bi ohartxo baino ez. Hizkuntza-eskakizunena nazkagarria da bai, atera behar dituenarentzat, baina hor ere badakizu erru handiena non dagoen, administrazioan gaztelaniak guztiz bermatua egon behar du 78ko Konstituzio sakratuaren 3. artikuluak hala finkatzen duelako, eta horrenbestez, euskararen erabilera administrazioan asentatzea ikaragarri kostatzen da, eta erabili ezean ez da lantzen, eta hizkuntza-eskakizunen azterketak ez dira alferrikako bihurtzen, besteak beste, irakaskuntzak ez duelako ezagutza aski bermatzen. Zurekin bat etorriko naiz honetan: azterketa gutxiago behar da eta euskararen erabilera gehiago administrazioan, Lakuatik hasita zeinahi udalerritaraino!

    Telesailak, pelikulak, fikzioa euskaraz behar dugulakoan ere guztiz ados zurekin. Beraz, adostasun dezente ere badugu. Zoriontzen zaitut euskaraz idaztera animatu zarelako. Gaizki esanak barkatu, eta segi hobetzen (*ohitutak gaude); neu ere egunero saiatzen naiz.

  • Hau irakurrita, Gaztea-ko Jon Gotzon datorkit gogora. Hark ere “zer da bada euskara?” galdetzen du nonbait eta egunero diardu euskara barne-barnetik popatik hartzera bidaltzen pulpito ezin hobeagotik, denon diruaz ordainduta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude