Hezkuntza lege berria eta euskara
Hezkuntza lege berria eta euskara –
Azken asteotan luze hitz egiten ari da EAEko hezkuntza lege berriaz. Ekarpen gehienak oso interesgarriak dira, eta bat egiten dut proposamen gehienekin. Besteak beste, Hezkuntza aniztunaren aldeko apustua, doakotasuna bermatuko duena, publikoaren aldeko apustua lehenetsiko duena, administrazio-eskola harremana indartuz deszentralizazioa ahalbidetu eta familia-eskola harremana indartzeko proposamenak…
Horrez gain, segregazioa arazo estrukturala bilakatu da. Horregatik, administrazioak ghettoekin amaitu eta integrazioa bultzatzeko premiazko neurriak jarri behar ditu martxan. Aniztasunaren aukera paregabea baliatu behar dugu hezkuntzan egun dauden desberdintasunekin amaitzeko.
Aipatutako guztiarekin, argi ikusten dut oinarri ahalik eta zabalena izango duen lege bat adostu beharko litzatekela, baina euskara eta gure kulturarekiko atxikimendua ahaztu gabe.
Euskara hitza faltan somatu dut proposamen, iritzi artikulu, eta hainbat elkarrizketatan. Ebaluazio diagnostikoek azken urteotan ikasleek euskara konpetentzia gero eta baxuagoa dutela adierazten dute. Hori gutxi balitz, euskara erabilera ere maldan behera doa, eta ez da harritzekoa, hizkuntza menperatzen ez duten haur eta nerabeek nekez hitz egingo baitute euskaraz.
Zoritxarrez ez da soilik Euskal Herrian bizi dugun arazoa. Katalunian ere hainbat ikerketek adierazten dute ikasle zein irakasleek gero eta gutxiago hitz egiten dutela katalanez. Argi dago, beraz, arazoa ez dela soilik ikasleen hizkuntzarekiko atxikimendua, irakasle batzuena ere baita. Horrekin batera, irakasleok formakuntza zabalagoa beharko dugu erabilera bultzatu, euskararen maila hobetu eta hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatzeko dinamikak gelan aurrera eramateko. Eta erronka handia da. Izan ere, D ereduaren unibertsalizazioak izan duen arazo handienetako bat euskararekiko familien militantziaren galera handia izan da. Horri ere heldu beharko zaio.
Baina ez naiz ezkortasunanean geldituko. Bilatu ditzagun euskal hiztun osoak eta erabilera bermatuko eta sustatuko dituzten neurriak.
Hizkuntza gutxituen biziraupenerako hiztunak trinkotzea ezinbesteko neurria da. Horregatik, haur euskaldunak ez sakabanatzea eta gela berean ama hizkuntza gaztelania eta frantsesa ez duten haurrekin batzea abiapuntu garrantzitsua izan liteke. Horrekin batera, gaztelania ama hizkuntza izan arren euskaraz egiteko joera adierazten duten haurrak ere arnasguneetan txertatu litezke. Ezin ahaztu haurrek erabilera bultzatzeko ereduak ezinbestekoak dituztela, bai irakasle baina baita ikaskideenak ere. Horrez gain, arreta berezia ipini beharko litzaieke euskara etxetik ez dakarten haurrei: errefortzuak jarri, bikoizketak egin, ratioak jaitsi, kanpotik datozen ikasleei harrera eta hizkuntza plana aurkeztu eta jarraipena egin..hots, laguntza gehiago behar dutenei baliabide gehiago emanez.
Esandako guztiagatik, Hezkuntza lege berriaz gain, ikastetxeetan hizkuntza proiektu sendoak behar dira aipatutako guztiak era egokian jorratzeko. Hori martxan jarriko duten profesionalek formakuntza egokia beharko dute, eta hezkuntza komunitate guztiaren babesa.
Gure hizkuntzak, ikasle eta seme-alabek merezi dutelako, ekin diezaiogun bideari.