“Zinema eta Zientzia” zikloaren bosgarren edizioa

“Zinema eta Zientzia” zikloaren bosgarren edizioa –

“Zinema eta Zientzia” zikloaren bosgarren edizioak 50 proiekzio inguru emango ditu zientzialarien aurkezpen eta eztabaidekin

"Zinema eta Zientzia" zikloaren bosgarren edizioaEuskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa aurkeztu dute Donostian. Datozen hiru hilabeteetan, 50 proiekzio inguru ikusteko aukera egongo da. Ohi bezala, nazioarteko zientzialari ospetsuek egingo dituzte emanaldien aurkezpenak, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzeko helburuarekin. Saioak Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman izango dira. Gainera, aurten lehen aldiz, Gasteizko Artium museoa (2021eko urritik Filmategiaren programazio egonkorraren egoitza da) eta Iruñeako Golem-Baiona zinemak batuko dira ziklora, areto pribatu horiekin egindako akordioari esker, baita Iruñeako Planetarioaren lankidetzari esker ere.

Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak azpimarratu du orain arte zientzia “funtsezkoa” izan dela eta, “gaur egun ere badela gure gizarteak aurrera egin dezan”. “Zientziari esker gure bizitzak hobeak eta luzeagoak dira, nahiz eta berehalako ziurtasun absoluturik ez eman beti”, gehitu du.

Ildo horretan, zientziaren kulturari ekarpena egin nahi dio programazio “eklektiko” honek. Esate baterako, sariek zientzian duten esanahiaz hausnartzen du El premio (Mark Robson, 1963) filmak, Zinema eta Zientziari urtarrilaren 13an, Artiumen, hasiera eman dion titulua. Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta DIPCko presidentea izan da ekitaldiaren aurkezlea. Ondorengo egunetan, zientzialari nafarrak zinemaren klasiko hau zikloaren gainontzeko egoitzetan aurkeztu du: urtarrilaren 14an Donostian, urtarrilaren 15ean Bilbon eta gaur Iruñean.

Moby Dick (John Huston, 1956) eta Gorilas en la niebla (Michael Apted, 1988) klasikoek animalien mundua hurbilagotik ezagutzea proposatzen dute. Halaber, honako gai hauen inguruan eztabaidatu ahal izango da: historiaurrea En busca del fuego filmari esker (J. J. Annaud, 1981) eta minbizia Hope pelikulari esker (Maria Sødahl, 2019). Ikarie XB 1 (Jindrich Polák, 1963) eta Contact (Robert Zemeckis, 1997) lanek espazio-ikerketa jorratzen dute; Origen (Christopher Nolan, 2010) eta Deabruaren hazia (Donald Cammell, 1977) filmek, berriz, neurozientziara eta adimen artifizialera hurbilduko gaituzte. Azkenik, Traje zuriko gizona (Alexander Mackendrick, 1951) klasikoa ere proiektatuko da, fisika eta materialen kimika arloak lantzen dituena.

Aurkezpenak eta solasaldiak zientzialari entzutetsuek egingo dituzte:  Arantza Acha, Juan Ignacio Pérez, Joana Vitorica eta Ana Zubiaga biologoek; Javier Aizpurua, Raúl Angulo, Naiara Barrado-Izagirre, Silvia Bonoli, Aitzol García, Aran García-Lekue, Marcos Pellejero eta Santiago Pérez-Hoyos fisikariek; Fernando Cossio, Xabier López eta Jon Mattin Matxain kimikariek; Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkano informatikari eta adimen artifizialean adituek; María A. Blasco bióloga molekularrak; María José Iriarte arkeologoak; Karmele Llano albaitariak; Sara Manzano biokimikariak; María Martión-Torres medikuak eta paleoantropologoak, eta Valentina Rodríguez kazetari zientifikoak.

Proiekzio bereziak eta ikasleentzat

Gasteizera, Donostiara eta Bilbora hurbiltzen direnek 2021eko Kimuak katalogoko film-laburren proiekzioez gozatzeko aukera ere izango dute. Gainera, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia) Picture a Scientist (Ian Cheney eta Sharon Shattuck, 2020) filma emango da Emakumeak Zientzian proiektuaren baitan (Gipuzkoako ingurune zientifikoko 17 erakundek osatzen duten aliantza).

Era berean, Apolo 11 (Todd Douglas Miller, 2019) filma ikusteko aukera izango dute ikasleek goizeko emanaldietan Tabakaleran, Artium eta Arte Ederren museoan.

Sarrerak Tabakalerako, Artium eta Arte Ederretako museoetako eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinemetako webguneetan eta leihatiletan erosi ahal izango dira. Txartel bakoitzaren prezioa 3,50 eta 4 euro artekoa izango da (deskonturik gabe).

 

EGITARAUA

“Zinema eta Zientzia” zikloaren bosgarren edizioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude