Herri eta hizkuntza gutxituei bideak irekitzeko aldarria Grisonian
Herri eta hizkuntza gutxituei bideak irekitzeko aldarria Grisonian –
- Convivenza Fundazioak antolatutako nazioarteko mintegian hartu du parte Kontseiluko ordezkariak Müstairren (Grisoniako kantonamendua Suitzan).
- Berezko hizkuntza-komunitateen aitortzaren beharra ez ezik, Estatuen betebeharrak aldarrikatu dituzte.
- Etorkizunari begirako lehentasunak definitu, eta ekintza-planak zehazten hasi dira.
Europako 15 herrialdetako 35 aditu, tartean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Müstairren bildu dira (Suitzako Grisonia kantonamenduan) bi egun eta erdiz, beren egoera linguistiko, kultural eta ekonomikoaz hitz egiteko eta elkarlanerako bidea irekitzeko.
Gutxiengoetako Nazioarteko Zentro – Convivenza Suitzako Fundazioak eta Eurac Research akademiak antolatu dute politika eta konstituzio-zuzenbideari, hezkuntzari eta kulturari, hedabideei eta gizarteari buruzko mintegia, Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeko Agintarien Biltzarraren babespean.
.
Diagnostikoa partekatu
Mintegiaren aurretik parte hartzaile bakoitzak bere hizkuntzaren eta errealitatearen diagnostikoa prestatu eta bidali zuen, bateratze ariketa egin zezaten: «Euskararen kasuari dagokionez, une oro presente egon da bi Estatutan eta bi autonomia-erkidegotan egotearen ondorioz hizkuntzaren estatusa desberdina dela, eta ondorioz, hizkuntza-eskubideen aitortza ere horien arabera bereizi behar dela» azaldu du Kontseiluko ordezkariak.
Bateratze-lan horren aurkezpena izan da adituek etorkizuneko lehentasunak definitzeko erabili izan duten euskarria. «Mintegian izan garenok azpimarra jarri dugu Europako berezko hizkuntza-komunitateei aitortza ofiziala egin behar zaiela, eta aitortza horrek ondorio zehatzak izan behar dituela eskubideen bermeari begira» gaineratu du Bilbaok.
Euskararen inguruko datuez gain, galizieraren, tatareraren, ladiniarraren, sorabieraren, frisieraren, korsikeraren, kaxubieraren… eta bestelako hizkuntzen datuak zein egoerak ere kudeatu dituzte parte hartzaileek. «Tamalez, ohartu gara egun Europako milioika herritar erabat babesgabe daudela hizkuntza-eskubideei dagokienez» azaldu du Kontseiluko eledunak.
.
Etorkizuneko erronkak
Gauzak horrela, diagnostikoa aztertu ondoren eta etorkizuneko lehentasunak identifikatuta, mintegian parte hartu duten adituek etorkizuneko politikek hartu beharreko neurriak zehaztu dituzte Gobernuaren ikaskuntza-espirala delako metodologia baliatuz. «Geure aldetik, gogoratu dugu 2016an, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bidez, hogeita hamar hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten ehundik gora eragilek bide-orria zehaztu genuela, bai eta lehentasunezko eremuak identifikatu ere» esan du Paul Bilbaok.
Horrela, aipatu metodologia baliatuz bost esparrutan bildu dira parte-hartzaileak etorkizuneko ildoak zehazteko: Estatuak, eskubideak eta betebeharrak; arrakasta lortzeko auto-antolaketa; ingurune digitala; hizkuntza eta parte-hartzea; hezkuntza. «Horiek definituta eremu bakoitzeko lehentasunak eta ekintza-planerako proposamenak zehaztu ditugu» azaldu du.
«Esperientzia aberasgarria izan da, eta espero dezagun bertan ateratako ondorioak behar bezala zabaltzea, berandu baino lehen, hizkuntza-komunitate gutxituei aitortza ofiziala egin dakien eta eskubideen bermeari begirako neurriak har ditzaten» adierazi du Bilbaok.
Herri eta hizkuntza gutxituei bideak irekitzeko aldarria Grisonian
Bide berriak bilatu beharra dakusat,
Horietariko bat, EUSKERA GIZADIAREN KULTURA ONDAREA izendatzea. Hainbat urte da Portugaleteko Zubia izendatu zutela halakotzat. Nik galdetu nion aditu bati ea Euskera zergatik ez, Europan bizirik dagoen hizkuntza autoktono (indigena) bakarra izanik.
Erantzun zidan horretarako sostengu handia lortu behar zela.
Egin dezagun aproba.
Iberiatik has gaitezke. Hemen badago taldetxo bat Euskal-iberieraren alorrean lanean gabiltzana, batez ere Katalunian, baina baita Levante aldean eta Portugalen.
Talde horretatik hasi eta Kultura eremuan ezagunak diren gainontzekoei proposamen hori luzatzea litzateke, eta horrekin Europara aurkeztea eskabidea. Ni prest nengoke ekimen horri laguntzeko.
Hori lortuko balitz, kasu gehiago egingo ligukete Nature Science, National Geographic, eta halako hedabide internazionalek.
“eUROPAN BIZIRIK DAGOEN HIZKUNTZA AUTOKTONO BAKARRA”, baino hori zehaztu beharra dago. Hobeto esanda legoke:
“Europan bizirik dagoen PALEO HIZKUNTZA-AMA AURRE-INDOEUROPAR BAKARRA, iberieraren ahizpa (iberiera orain dela 2000 urte irentsi zuen latinak, baina hor daude iberieraren dialektoak ( gaztelera, català, asturiera, etab).
Europako beste hizkuntza gutxituak modernoak dira (hizkuntza baztertu indoeuraparrak (frisiera etab.) edota euskera-iberieraren alabak (sardiniera, etab.), duela 10.000 urteko emigrazio magdaleindarrak hemendik eramandako euskera-iberiko bisilabaduna.
Diodan plan hau Europako ikerle askok sustatuko luke: Iberiakoek (iberiera euskeraren bidez dezifratzen ari direnek), Alemaniakoek (Theo Venemann, Elisabeth Hamel…) Britainia Handiakoek (Openheimer…), Eusko Diasporak… Etab.
Leloak ginateke aukera hau bertan behera utziko bagenu.