“Casa de Ma”, Euskal Sailik Onenaren Saria Seriesland jaialdian

“Casa de Ma”, Euskal Sailik Onenaren Saria Seriesland jaialdian –

Herbehereetako Martijn Winkler zuzendariak irabazi du Serieslanden VII. lehiaketako Showrunner saria, “Hitte” websailarengatik.

Kanadako “Félix, Maude et la fin du monde” lanak atera du sailik onenaren saria sail ofizialean, eta Nikita Tamarov errusiarrak zuzendari onenarena “Married live scenes”.

“Casa de Ma” lanak irabazi du Euskal Sailik Onenaren Laboral Kutxa saria, eta “La Cueva de Gabo Brown” lanak euskal edukirik originalenarengatik.

Australiako “Hit the ground running” eta “There is no I in Island” lanek sail independenterik onenaren eta dokumentalik onenaren sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Seriesland, Bilbon egiten den Nazioarteko Websailen VII. Jaialdiak larunbatean jakinarazi zuen nor diren sarien irabazleak bere zerrendako 30etik gora kategoriatan. Herbehereetako Martijn Winkler zuzendariak irabazi du Epaimahaiaren Sari Handia showrunner gisa, hau da, egile eta produktore figurarena, websailetan sorkuntza erantzukizunik handiena duenarena.

Martijn Winkler “Hitte” (Beroa) lanarekin lehiatu da Serieslanden Sail Ofizialean; suspentsea duen obra da, eta klima aldaketaren arazoan oinarrituta dago. Pertsonaia batzuen gorabeherak ageri dira bero olatu zakar batek jotako auzo batean. Epaimahaiaren hitzetan, apustu handia egin zen garai haietan, eta ez arriskatzera, gure aurreko istorioetan seguru geratzera eta munduko pandemiaren aurrean egonkortzeko zain egotera gonbidatzen zuten. Idazlea, zuzendaria eta sortzaile digitala, Winkler, 43 urteko zinemagilea da, Herbehereetan eta AEBetan ikasi duena. Ia hogei urteko ibilbidea darama film laburrak, websailak eta telebistako sailak, dokumentalak eta film luzeak sortzen, horietako batzuk nazioarteko lehiaketetan sarituak. “Hitte” —trailer ofiziala ikus daiteke lotura honetan— 2020ko ekoizpen bat da, denboraldi bakarrekoa eta 12 atalez osatua.

Serieslanden Sail Ofizialean, aipatzekoa da Kanadako “Félix, Maude et la fin du monde” lanari sailik onenagatik eman dioten saria, eta Nikita Tamarov errusiar zuzendariari eman diotena “Married live scenes” lanagatik. Herrialde berekoa da Fyodor Lavrov, eta hari gizon aktorerik onenarena eman diote “Youtube Policemen” lanean egin duen interpretazioagatik, eta Sofia Banzhafi eman diote emakume aktorerik onenarena, “The Communist’s Daughter” lanean protagonista moduan egin duen lanagatik. Zinemagintzan herrialde ezezaguna izanagatik, Kazakhstango “Night Witches” lanak irabazi du zinematografia onenarena, eta Suitzako “Metta da fein” lanak, berriz, gidoirik onenarena. Errusiako beste lan batek jaso du epaimahaiaren aipamen berezia, “Chicks” lanak, hain zuzen, eta horrek berresten du kopuru aldetik nahiz kalitate aldetik Errusiak eman duen irudi bikaina aurtengo SERIESLAND jaialdian. Guztira, herrialde horretatik datozen obrek zazpi sari irabazi dituzte.

"Casa de Ma", Euskal Sailik Onenaren Saria Seriesland jaialdian
Euskal Sailik Onenaren Saria, “Casa de Ma”.

Tokiko sortzaileei ere arreta berezia izaten dute sariketa honetan, eta oraingoan “Casa de Ma” lanari eman diote epaimahaikoek Laboral Kutxa Saria, thriller tragikomiko bat Andrea Menesesek zuzendua. Sariaren barnean, bidaia eta egonaldi bat sartzen da Alemaniako Giessen hirian, eta saila Die Seriale nazioarteko jaialdia aurkezteko parada.

Euskal edukirik originalenaren saria Gabo Brownentzat izan da, kontrabaxularia bera Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta Youtubeko esperimentu bitxi baten egilea baxu elektriko askoz rockeroagoaren inguruan. Euskal Herriko lanetatik, bi horiek eta “Zikings” eta “300” hautatu dituzte websailen nazioarteko zortzi jaialditan parte hartzeko, Alemanian, Italian, Errusian, AEBetan, Brasilen eta Korean.

Ez-fikziozkoen sailean, dokumentalik onenarena eman diote Australiako “There is no I in Island” obrari. Eta Amets sailak, ekoizpenik originalenak eta sormen handikoenak saritzen dituenak, herrialde bereko lan bat baino gehiago aitortu ditu: “Hit the ground running”, sail independenterik onena; eta Sally McLean, sortzaile independenterik onena, “Shakespeare Republic” lanarengatik. Steve Becker iparramerikarrak eraman du zuzendari independenterik onenarena, “Brazzy Jazzy” lanarengatik. Amets sailean, gainera, bitxia gertatu da, Hannes Hellmann alemanak bigarrenez jarraian irabazi baitu aktorerik onenaren saria.

Serieslandek honako erakunde hauen babesa du: Beaz foru sozietatea, Bilbao Ekintza udal elkartea, Kultur eta Kirol Ministerioa, Laboral Kutxa, Zineuskadi, Ikey Group Comunicacion etxea eta Euskotren.

“Casa de Ma”, Euskal Sailik Onenaren Saria Seriesland jaialdian

Seriefiloa naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude