17+1 Helburu mundua eraldatzeko
17+1 Helburu mundua eraldatzeko –
2015ko irailean munduko liderrak Nazio Batuetako Batzar Nagusian bilduta Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartu zuten. Agenda horren garrantzia eta norainokoa aurrekaririk gabekoa da. Nazio Batuen Gutunaren printzipioetatik abiatuz, bakea, elkarrizketa eta nazioarteko lankidetzan oinarritutako agenda ekintza plan eraldatzaile eta ausarta da pertsonetan, planetan, oparotasunean, bakean eta itunetan zentratuta dagoena.
Agendako Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH), gure arreta eta erantzun koordinatua eskatzen dute gizarte moduan, eta baita gurea egitea ere, hau da 2030 Euskal Agenda sortzea eta denon artean bultzatzea. Xede horrekin, Nazio Batuen 17 helburuei, 2030 agendak kontuan hartzen ez duen helburu bat, beste ñabardura bat erantsi die Unesco Katedrak, bere baitan edo modu transbertsalean landu daitekeena; alegia, Hizkuntza eta Kultura aniztasunaren bermea garapen faktore bezala agerian jartzea.
.
HIZKUNTZA ETA KULTUR ANIZTASUNAREN BERMEA, GIH BAT GEHIAGO. ZERGATIK?
Munduko eta Euskal Herriko garapen iraunkorrerako ezinbesteko baldintza delako bertako, eta bereziki gutxiagotuak diren hizkuntzak aintzat hartzea,
- Erkide eta norbanakoen identitateak indartu eta aberasteko
- Giza-bazterkeria eta berak dakarren pobrezia sahiesteko,
- Kalitatezko eta inklusiboak diren hezkuntza eredu elebi-eleanitzak bermatzeko,
- Belaunaldiz belaunaldi, bertako hizkuntzaren bitartez eraikitako ezagutzak, bai naturarenak bai giza- harremanetarakoak galdu ez daitezen.
.
ZER EGIN BEHAR LITZATEKE?
- Hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta aintzatespena bermatu pertsonen eta gizarteen garapenerako.
- Hizkuntza gutxiagotuak dituzten komunitateak boteretu eta ezagutarazi identitate desberdinak indartzeko.
- Herri eta kultura desberdinak kontuan hartzen dituzten lege egokiak eta hizkuntza politika eraginkorrak bultzatu
- Lekuko hizkuntzen integrazioa lortu heziketa sistemetan, gutxienez lehen eta bigarren hezkuntzan.
- Gutxienez hizkuntza biren erabilera praktikoa bermatuko duen hezkuntza eredu elebi/eleanitzak bultzatu, beti ere hizkuntza gutxiagotua modu eragingarrian irakasten dela ziurtatuz.
- Eten digitala murriztu eta teknologia berriak hizkuntza guztietan, batez ere gutxiagotuetan, eskuragarri jarri.
- Hizkuntza gutxiagotuen presentzia bermatu hedabide mota guztietan: idatzizkoak, ikus-entzunezkoak edota teknologia berrien alorrean garatutakoak.
- Zerbitzu publikoetan, batez ere osasunaren eta justiziaren alorrean, komunitate desberdinen hizkuntzen erabilera bultzatu, bereziki komunitate indigenen kasuan.
.
DATU ESANGURATSU BATZUK
- Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude bizirik
- Hizkuntza aniztasun handiena duen herrialdea Papua-Ginea Berria da, 850 hizkuntza inguru dituena
- Gutxi gorabehera munduko hizkuntzen %50 desagertzeko arriskuan dago.
- Interneteko edukiaren %90 12 hizkuntzetan bakarrik dago.
- Munduko hizkuntzen %96 biztanleen %4k soilik hitz egiten ditu.
- Hizkuntza aitortu gehien dituen herrialdea Bolivia da 37 hizkuntza ofizialekin.