Gure (zoro)etxea [1×10]

Gure (zoro)etxea [1×10] –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Serio, ikusi egin behar gintuzuen atzo Telmo, Labrit eta hirurok etxeko egongelaren alde banatan, sofa, mahaitxoa, telebista eta traste denak izkina batera apartatuta, ahoak itxita, eta, hala ere, elkarri gauzak esan nahian. Nola iritsi ginen horraino?

Gure (zoro)etxea [1×10]

Seguru pentsatuko duzuela, etxe arrunt bat baino, gurea zoroetxe bat dela, eta bai, arrazoi duzue, hala da, ez dugu sekula ezkutatu. Egunen batean kontatu beharko dizuet nola ezagutu genuen hirurok elkar, eta, orduantxe bai, dena ulertuko duzue. Baina, gaur gaurkoak; beraz, goazen harira.

Labrit etxera txistuka sartu zen egunean hasi zen dena. Poza azpimarratzeko modu harekin argi uzten ari zen norbaitek alaitasun haren zergatiarengatik galdetzea desio zuela. Telmo aurreratu zitzaidan:

-Zer, Labrit, behingoz makurtu al dira zure lankideak fabrikako armairuan gordeta daukazun Manifestu Komunistaren aurrean?

-Ez, baboa –erantzun zuen Labritek-. Auzoko antzerki-taldean izena eman dut, eta aste honetako ariketa zera da, hitzik gabe komunikatzea –are babo aurpegi handiagoa jarri genuen biok-. Bai, ba, “gorputzizketa” praktikatu behar dugu –jarraitu zuen-. Zuek ba al dakizue zenbat eta zenbat gauza komunikatu daitezkeen gorputza mugitze hutsarekin? Eta ba al dakizue mugimenduaren abiapuntua desoreka dela?

Lurretik oin bat altxatu eta aurrerantz erortzen hasi zen Labrit.

– Oreka isiltasuna da –azaldu zigun-. Eta desoreka, berriz, denaren hasiera: mugimenduarena, komunikazioarena…

Eta isilik geratu zen. Beno, isilik ez, ez baitzion behin ere gorputza mugitzeari utzi.

Eta halaxe gaude gaur oraindik, ahoak itxita egongelaren alde banatan, esku, belarri, oin, sudur, beso, hanka, bular… zernahi mugituz, elkarri esateko patata tortilla nahi dugula afaltzeko, edo komunak astebete daramala garbitu gabe, edo, transzendente jarrita batzuetan, besoen mugimendu airosoekin, bizitza handiena dela gogorarazteko elkarri.

Labrit bera izan da, ezustean, ariketari eta, beraz, hitzen debekuari amaiera ematen lehena:

-Gauza bat esango dizuet: akabo, ez naiz antzerki-taldera itzuliko. Nahiago dut nire hitzezko kartzelan bizi, etengabeko desoreka beldurgarri honetan baino.

Eta hantxe geratu gara Telmo eta biok, izoztuta, geldi, zurrun, soraio. Amildegi ertzean, behera erortzeko beldur. Beti beldur. Beti geldi.

Gure (zoro)etxea [1×10]

Idazlea eta itzultzailea