Hedabideak eta euskaldunok

Hedabideak eta euskaldunok –

Bingen Zupiriari hartutako aipua ikusita ZuZeun (klikatu hemen irakurtzeko), egin nuen orduan iruzkin: «Ni ere oso bat Zupiriak adierazitako kezkarekin…, eta seguru asko Mikel Irizarren hausnarketa askorekin ere… Zuek?» Ni, kezkaz ari nintzen… Ez hainbeste zeinek duen edo ez duen arrazoi, gero eztabaidak hartu duen bidean. Ni asko kezkatzen nau benetan euskal hedabideon eskasiak. EUSKAL HEDABIDE PUBLIKOENAK ETA PRIBATUENAK. Eta bide horretan, ondoko hausnarketa, inoren hausnar, nahi baleza: EUSKAL HEDABIDE PUBLIKOAK soilik dauzkagu EAEn (besteetan zor zaizkigu oraindik; noiz arte?).

Eta EAEko euskal hedabide publiko hauek ere iritsi beharko lukete gaur egun iristen diren hartara baino gehiagora, batetik euskaldunoi zerbitzu beteagoa emateko, eta bestetik euskarara erakartzeko oraindik euskararen periferian ditugun herritar multzo handiak. Horregatik EAEko euskarazko TB eta Irrati publikoek, hobeak izan beharko lukete gutxienez EAEko espainolezko TB eta Irrati publikoek baino, eta horretarako hauek baino errekurtso publiko gehiago beharko lukete –espainolezkoena jaitsi gabe–, lehia zorrotzagoa ere egin ahal izateko itotzen gaituzten espainolezko beste hedabide espainolzaleei ere.

HEDABIDE PRIBATUEI DAGOKIENEAN, hainbat konstatazio, batetik euskal hedabideei dagokienean, bestea espainolezko (edo kasuan frantsesezko) hedabide ahaltsuei:

A. EUSKAL HEDABIDEAK oro har oso lerratuak dira ildo anti-sistema batean. Eta noski, anti-sistemek eskubide guztia dute beren mezua euskaraz zabaltzeko, eta euskaldunok biziki eskertzen diegu ahalegina. Eta lerrokatze hori erakusten badute, eta horretan irauten badute, eta horretan indartsu sentitzen beren neurrian, da badutelako atzetik hori nahi duen ‘bezeria’ bat, eta eskubide guztia duena hedabide horiek izateko.

Horrek ordea baditu gure egoeran gainjartzen diren bi albo ondorio:

1. Euskarazko mezua oro har ez zaie iristen ildo anti-sisteman lerratuak ez diren euskaldun oso zein periferiakoei.

2. Euskaldun oso zein periferiakoen multzo bat, ildo anti-sisteman lerraturiko mezu horiez gain bestelakoak (ere) gustura jasoko lituzkeena euskaraz, nahigabean-edo bideratzen da euskarazkoak ez diren, praktikan espainolezkoak / frantsesezkoak diren, hedabideak erabiltzera.
Eta EUSKAL HEDABIDEETAN EUSKALTZALERIK BALDIN BADA, agian berauek ere hausnartu beharko lukete nola egin aurre muga hauei, nola eta ez duten uste lehenik gizarte osoa bihurtuko dutela beren mezu anti-sistemaren aldeko, eta orduan euskaldun.

B. ESPAINOLEZKO / FRANTSESEZKO HEDABIDEAK gure lurrean oro har ‘gure etsai’ dira, esaten dutena esaten dutela ere beren mezuak zabaltzeko bidean euskara eta euskaldunok baztertzen gaituztelako, intentzio betez, edo ezkutuka.
Eta lortu behar genuke euskaraz bizi nahi dugunon multzoa hainbestekoa izatea non beraiei ere interesatu lekiekeen beren mezuak euskaraz zabaltzea euskaldunon artean eragiteko (Katalunian badira halako adibideak eta gero eta gehiago).

Baina beraiek ere hartu beharko lukete konpromiso etikoa euskal gizartearekin beren ohiko ‘bezeria’ euskarara erakartzeko, euskalduntzeko, eta bere laguntza gabe asko zailtzen den prozesua, eta areagotzen euskaldunon bazterketa. Eta hori egiten ez duten bitartean, hedabide anti-euskaldunak dira, gure etsai.

Eta ERDAL HEDABIDEOTAN EUSKALTZALERIK BALDIN BADA, hausnartu beharko lukete nola egin aurre erronka horiei, bitartean euskaldunon euskal genozidioa bultzatzen ari direlako gure lurrean. Baina-eta hori baldin bada nahi dutena, ezen hori da hainbatek nahi dutena, zabaldu dezagun argi…

 

Hedabideak eta euskaldunok

Hedabideak eta euskaldunok

14 pentsamendu “Hedabideak eta euskaldunok”-ri buruz

  • Ez daukagu konponbiderik, Bittor.

    Badakigu zure iritzia ematen ari zarela, baina komenigarria da era objektibo batean oinarrituta ematea.

    Izugarria (izutzeko modukoa) da ekimen pribatuaren fruitu diren euskal hedabideez botatzen duzuna: “oro har oso lerratuak dira ildo anti-sistema batean”.

    Ba al dakizu zer esaten ari zaren? BERRIA antisistema? Ahots eta gai desberdinak jasotzeak antisistemen artean kokatzen al du hedabide bat? Antisistema al da gaurkoan Dobaranez bota duten xinplekeria amarillista hori? Antisistema, akaso, Emakundek Urkulluri luzatutako aholkua? Ertzaintzaren ezinegona aipatzea, antisistema? Tafallako langilearen heriotzaren berria, antisistema? Sindikatuek Osakidetzari egindako eskaera, antisistema? Joseba Elosegiren berri zaharra, antisistema? Zinemaldiari eskainitako tokia eta garrantzia, antisistema?

    Jode, tio, premisa horrekin, logikoa da ateratzen dituzun konklusioak ateratzea.

    Chapeau!

  • Berria-k ez du irakurle askorik feminismoarekin txapa ematen duelako. Albiste asko zentsuratzen dituelako (immigranteek egindako delituak, emakumèei egindakoak badira ere-kasu horretan egileak beti ezkutatuz).

    Eta nola ez, jendearen,irakurleen komentarioak zentsuratzen dituztelako, bere agenda ta dogma ideologikoarekin bat egiten ez duenean. Fatxa hutsak dira zentzu horretan. Ta hipokritak ze bere ideologia euskararen aurretik jartzen dute.

    Nahiago dute EH erdaldunez bete ta euskara kaltetu, bere ideologia zalantzan jarri baino.

  • Meredith, zuk ondotxo dakizu zer esan nahi duen Bittorrek eta ez egin iñusentearena, eguneko albiste arrunt batzuk aipatuz. Horixe behar genuen, albiste arrunt batean ere sektarioa izatea! Berriaren %30a Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duela diozue… eta nik jakin nahiko nuke beste finantziazio guztia nondik datorren. Sorosen edo parekoren sare batek ere zertxobait sostengatzen duela iruditzen zait. Egia bat eta bakarra sortu dute, eta ez dago kritikatzerik ere, ezarri nahi duten diktadura globalaren lehen zantzuak baino ez dira. Eta graxiosoa da benetan, Ezker Abertzalea bete-betean hor sartuta ikustea. Lehen ere hor ibiii zen okerreko antzezlekuetan eta orain ere berdin. Beti gaizki eta erratuta!

  • Otsaburu

    “Sorosen edo parekoren sare batek ere zertxobait sostengatzen duela iruditzen zait.”
    “ezarri nahi duten diktadura globalaren lehen zantzuak baino ez dira.”

    Euskal alt-right-a Zuzeun elkartzen hasi al da? Aspalditik hona datorkidan susmoa. Gero deitu fatxa Berriakoei, ejem…

  • “Fatxa”, “fatxa”, “fatxa”… besterik esaten ez dakizue. Zuen iritzi berekoa ez dena “fatxa”, Ahotik lerdea dariola “fatxa” eta “fatxa”. Hainbeste erabiltzen duzue “fatxa”, jada “fatxak” esanahi oro galdu duela. Patetikoak zarete benetan! Bush-ek, Aznar-ek eta horiek guztiek beraiekin bat ez zetozen guztiei “terrorista” eta “terrorista” deitzen zietenean bezala, hainbeste erabiltzen zuten jada “terroristak” esanahia galdu zuela eta jada ez zenekien “terrorista” deitzea losintxa zen edo ez. Ba zuek beste horrenbeste. Eboluzionatu gabeko jendaila guztiak! Nondik edo handik boterea nahi duen jendea guztiak! “fatxa”, “fatxa”, “fatxa”… segi “fatxa”, errosarioko letaniak, errosarioa zer den baldin badakizue behintzat.

  • Euskal alt-right… ingelesa ere apur bat ikadi dugu nonbait, kosmopaleto halakoa! Nonbait flipatzen zaudete, euskaldun guztiak zuek eta Berriak bezala pentsatzen zutela uste zenuten eta Zuzeun ari zarete ikusten ez dela horrela, eta harrituta zaudete. Nahastu egiten duzue: zuek zarata asko ateratzen duzue eta zarata ateratzen duzuen bakarrak zaretenez, zuek bakarrik zaudetela uste duzue, baina jakin ezazu, euskal gehiengoa, isilik dagoela. Ea enteratzen zareten behingoz!

  • Otsaburu

    Badirudi apuntatu eta asmatu egin dudala… Fatxa hitzak mintzen zaitu, Neu? Ene, barkatu, asmo txarrik gabe zihoan, ironia erakuste aldera. Baina zer egingo diogu ba! Horrelakoa da bizitza lagunok. Nahiz eta aipatzen ez nauzun arren, susmoa daukat irain guztiak nire iruzkinaren harira datozela. Zuk apuntatu eta ez duzu asmatu, ez nik bezala, dirudienez. Nik ez dut fatxa hitza edonoiz eta edonola erabiltzen ez baita, zuk esan bezala, oso operatiboa, nire iruzkinaren zentzua ulertu ez baduzu komunikatzaile txarra naizela izango da, baina ez dut azalpenik zertan eman. Bai, ingelesa ikasi dut nonbaiten, eta ez da dakidan hizkuntza bakarra. Hizkuntza anitz jakiteak “kosmopaleto” egiten banau, ongi, izan nadila zentzu horretan “kosmopaletoa” deritzozun hori, baina seguraski zuek baino askosaz gehiago defendatuko dut nik Euskal Herriaren autodeterminazio eta autarkia ekonomiko, politiko eta kulturala. Zuk sartu nahi izan nauzun zaku hori ez da nirea, zuk esan bezala, ez daude (gaude?) bakarrik. Nik ez dut uste euskaldun guztiok berdin pentsatzen dugunik, ezta urrik eman ere! Zu, hemengo beste guztiak eta ni horren lekuko gara jadanik (denetarik daukagu herri honetan: sozialdemokratak, komunistak, liberalak, nazionalsozialistak, anarkokapitalistak… espektro guztiak ezker eskubi). Euskal gehiengoa isilik dagoela? Noski, gehiengo hipotetiko guztien antzera, baina despolitizaturik dagoelako, ez zuk uste duzun isiltasunaren espiral horrengatik… Hori ere espainiako eskuinaren “mayoria silenciosa”tik ikasi duzu? (ikusi! gazteleraz badakit ere!) Ondo segi eta ez zaitez gehiegi aztoratu, txarra baita osasunerako.

    PD: Ez dut Berria irakurtzeko ohiturarik.

  • Neu, edo Zeu edo zarena zarela:

    “Berriaren %30a Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duela diozue”.
    Nik ez dut inoiz esan hori. Oso sasiletratua ikusten zaitugu, baina, mesedez, behar bezala irakur ezazu foroetan idazten dena.

    Bigarrena: edo ez dakizue zer den “antisistema” hitzak esan nahi duena edo, osaba maitia, you don’t understand anything!

    P.D.: nik bai, Neu, nik egunero irakurtzen dut BERRIA, eta ordaindu ere egiten dut. Sentitzen dut hain alienatuta egotea!

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2020-09-22 10:16

    Ez du erraza ematen eztabaidak. Nik berriro esan nahi nuke ez zaidala (hainbeste behintzat) interesatzen zein den gaiztoagoa gure artean, baizik eta hausnartzea nola lortu euskarazko hedabideen erabilera indartzea eta zabaltzea euskaldunon artean (1.000.000 bat), eta areago euskal herritar guztion artean (3.000.000 pasak). Eta hori zen nonbait ‘Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan’ EHUko Udako Ikastaroen helburu, zeini heldu nahi niokeen, eta zeinen berri eman duen bi lapurpentxotan behintzat Xabier Letonak (lehena hemen ZuZeuren Salabardoak jasoa “Bingen Zupiria: ‘Euskarazko hedabideak lerratuegiak daude posizio politiko-ideologiko batzuetara'”, eta bigarrena Argiako blogean izenburu duela “Euskarazko komunikazioa: asko hazi gara, baina urtzeko arriskua dugu?”
    Ze uste dut hori dela euskaldun bihotzekook gehien kezkatzen gaituen kontua (ni, euskal hedabideon kontsumitzaile porrokatu hau, bai behintzat) : Nola lortu euskarazko hedabideen erabilera indartzea eta zabaltzea euskaldunon artean (1.000.000 bat), eta areago euskal herritar guztion artean (3.000.000 pasak).

  • Joxe Martin 2020-09-22 12:13

    Hemen esaten denez, hedabide batzuk, euskararen zabalkundea ideologia baten zerbitzura jarria dute.

    Adierazpen horrek zenbait irakurle aztoratu egin ditu, baina ezker abertzaleko zenbait buruek, behin baino gehiagotan idatzi dute, ekimen eta borroka guztiak “independentzia eta sozialismoa” ardatzari loturik egon behar dutela.

    Beraz, horretaz harro, “ egin eta kontrolatzeko eskubidea dugu”; bestoi, umil eta kexarik gabe, laguntzea (diruz bada hobe) besterik ez zaigu geratzen.

  • Euskarazko hedabideak lerratuta daudela. Baliteke. Eta kezkatzekoa ere bada, ideologikoegia agian. Hala ere ez da hori gehienik arduratzen nauena, ustez behintzat, beste oker hauek ikusten dtut:
    -Jende gaztea ari da lanean, soldatapean. Herriko historian eta ezjakinak. Hortaz eguneroko kontuak daraniltzate, pisu gutxiko kontuak ( Dakien jendea, adinekoa hor dago eta asko eman dezakena. Zer egiten da altxor hori aldizkari, irrati eta telebistetara ekartzeko?)

  • Beste zulo handi bat ikusten dudana:
    balizko irakurle baten zatia, euskaraz gutxixko dakiena da, edo, euskal herrietan, irakurtzen ez dakiena, bokabulario murritza duena…Eta, orokorrean ez ditugu kontutan hartzen

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2020-09-23 09:46

    Nolanahi ere kontuan izan behar da gaur egun hedabideetan prentsa idatzia dela indarra galtzen ari dena eta ikusentzunekoak indartuak… Eta horietan dukegu erronka berezia…

  • Bai, bai, baina ikasi, batez ere irakurriz eta idatziz ikasten dugu. Eta horietan asmatu beharra dago eta nire ustez ez gara asmatzen ari.
    Eta etxea eta karrika erdi galduak ditugu, horietan oinarrizko ikasketa egiten dugu, eta utziak edo erdaldunduak ditugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude