Groenlandian larrosa bi
Groenlandian larrosa bi –
Iruña Hiria poesia sariketaren aurtengo irabazleak, Iban Garro eta Imanol Ulacia, hurrenez hurren “Larrosa bat Groenlandian” eta “Maravillas del espacio” (Espazioaren mirariak) poema sortei esker. Bi poetak euskaldun garaile, bai euskarazko modalitatean, baita erdarazko modalitatean ere. Hizpidera ekarri nahi dut inork ez ziolako zehaztapen honi erreparatu, jendaurrean bederen, Iruñeko Kondestablearen jauregian egin sari-emateko ekitaldian. Izan ere, Ibon Garro lesakarra da eta Imanol Ulacia, berriz, zumaiarra, Euskal Herriaren erdal itzulpena (País Vasco) etengabe beretzat hartzen duen Mendebaldeko erkidegokoa, alegia.
Jean Louis Davantek dio Euskal Herriaren erdal izena telebistako leihotik etengabe ikusten duela hiru probintzia baskongadoek elkarrekin osatzen duten mapari lotua, hiruki txiki horrek guzia irentsiz. Idazle zuberotar handiarekin bat eginik ere, irudipena dut errealitateak etengabe urratzen duela konstruktu baskongadoa, Iruña Hiria sariketaren emaitza beste adibide bat delarik: espainiar eta frantsesen begietan euskal herritarra ez denak euskarazkoa irabazi du eta euskal herritarrak espainolezkoa: Espazioaren mirariak.
Gutxi fida, baten batek plantea lezake gaztelaniazko kategoriara euskaldunak ez aurkeztea; hartara, Imanol Ulaciak ezin izango zukeen saria erdietsi erdarazko kategorian. Izan ere, Nafarroa Garaian lanpostu publikoak direla eta, erdaldun elebakarrek antzeko zerbait planteatzen dute, ez baitute nahi euskaldun elebidunok aurkeztu ahal izatea, «porque nos quitan las plazas de castellano». Hartara, poeta erdaldun batek planteatu lezake poeta euskaldunek ezin dugula aurkeztu, «porque nos quitan el premio a los de castellano», besteok elebidunak garela eta erdaraz ere idazten badakigula «ahaztuta».
«¿Tú, qué prefieres? ¿Un buen médico o un médico euskaldun? ¿Un buen poeta o un poeta euskaldun?»; galdera gaiztoa da berez, iraingarria, poeta euskaldun guztiak txartzat hartzen gaituztelarik printzipioz. Ez gaitezen engaina; erdaldun elebakarrek euskara gutxiesten dutenean, euskaldunak gutxiesten gaituzte, euren gabezia, elebakarra izatea alegia, abantaila bihurtzeko xedez.
Errealitatea, baina, setatia da oso: Iruña Hiria poesia saridunak, biak olerkari onak, biak euskaldunak, planteamendu horien iruzurra agerian uzteko. Gainera, aurtengoa ez da salbuespena izan, ez baita estreinakoz izan bi saridunak euskaldun suertatzea: duela hiru urteko edizioan ere, Iruña Hiria saria Aitor Francos bilbotarrak irabazi zuen gaztelaniakzo kategorian, eta Mikel Arruabarrena hondarribiarrak euskarazkoan. Bihoakie, lerrootatik, ene zorionik zintzoena irabazle guztiei, enetzat bederen, hizkuntzaz nafarrak denak.