Zigorra

Zigorra –

Hasier Arraiz, ALEAn.


Dena ondo bidean, urriaren 29an Gasteizko Samaniego ikastetxeak Geu elkartearen Igandeak Jai ekimena hartuko du. Gasteiz pixka bat ezagutzen duenak pentsa lezake elkarri bizkarra ematen dioten bi munduri buruz ari garela: batetik, euskara hizkuntza arrotza duten etorkinen seme-alaben ikastetxea, eta bestetik, Gasteizko euskaltzaleek umeak aisialdian euskaraz gozatzeko sortutako ekimena. Gure hirian badago Gasteiz asko eta hiri honetan, Gasteiz batzuk ez dituzte beste Gasteiz horiek ikusten, ezta ikusi nahi ere, baina guztiek osatzen dute gure hiria. Zorionez, zailtasunak zailtasun, eta zailtasun horiek txitean-pitean ez dira txikiak izaten, euskara ez da bakarrik gasteiztar batzuena, baizik eta gero eta gehiagorena.

Zigorra
Arg: ALEA

“Euskarak etorkinen seme-alabak behar ditu eta etorkinen seme-alabek euskara behar dute” idatzi zuen duela gutxi Amelia Barquinek Berria egunkarian eta bere hitz horiek Gasteizko milaka ikaslek, irakaslek eta gurasok gure eguneroko jardueraz izenpetzen ditugu. Edo horretan saiatzen gara.

Euskarak urtetan gizarte mailako adostasun zabalean bildu dituen milaka eta milaka ikasle, irakasle eta gurasook ezin dezakegu halako atzera pausorik onartu

Horregatik EAJk eta PSEk adierazitako azken akordioari, zeinaren bitartez hezkuntza lege berriak hizkuntza ereduei eutsiko dien, zigorra deritzot. Zigorra da hurrengo belaunaldientzat, ez zaielako euskalduntzea bermatuko eta bereziki zigorra da etorkinen seme-alabentzat, haiek izango baitira kaltetu nagusiak. Noski, haiek zigortuz euskarak ere galduko du. Zer esanik ez dago, euskarak galtzen badu, euskal gizarte osoa galtzaile izango dugu. Euskarak urtetan gizarte mailako adostasun zabalean bildu dituen milaka eta milaka ikasle, irakasle eta gurasook ezin dezakegu halako atzera pausorik onartu. Nekez onar genezakeelako halako zigorra hurrengo arabar, bizkaitar eta gipuzkoar belaunaldientzat eta bide batez, nekez onar diezaiokegu geure buruari halako iruzurra egitea.

Jakina, zenbait alderdi politikok bizkarra eman arren euskarak gizarte mailan lortutako adostasunak zabaltzen eta aurreratzen segituko du. Ez daukat horretaz zalantzarik, baina gizarte mailan adostasuna horren zabala denean, zergatik kostatzen zaigu hainbeste aurrera egitea? Eta zergatik onartu behar genuke gutxieneko txiki baten atzera egin nahia? EAJk eta PSEk lege bilakatu nahi dituzten proposamenak laino beltzak dira euskararen ortzemugan, ezin pozik egon, beraz, ezin baikor agertu. Baina ez dezatela haiek ere zalantzarik egin, ez diegulako atzera egiten utziko. Laino beltzak geure buruaren gainean, baina guk igandean… Jai.

Zigorra

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude