Gorputza eta bihotza (eta bi)
Gorputza eta bihotza (eta bi) –
Gillom Irigoyen kazetari ohi eta kultur eragilea
2018ko maiatzaren 4ean Seaskako 3700 ikasle, haien erakasle eta burasoek danborrada bat aste batez muntatua Baionan desfila arazten dute, haur bakotxa metalezko ontzi batekin danbor gisa, klaseko bat danbor maior gisa, eta eskola bakotx aldarrikapen banderola batekin: ez ahantzi manifestaldi bat zela! 2015eko uztailaren 7an, Ortzaizeko atxiloketa mementoan, gomazko pilota eta lakrimoen artetik 500 presuna kantuz, dantzan, gitarra eta trikititxa baten soinuak lauzkaturik hasten dira, elkartasun mezuak hel araziz atxilotueri, Grégoire apezaren dizipulu diren RAIDeko robokopak, Voltairen erranaren(*) frogatzaile zuzenak izaiterat kondenatuz.
Euskaratik eta euskaraz
Anartean Ikastolak hazi dira, euskararen erakaspena zabalduz eta Iparraldeko gizartea ez bada ber euskaratu eta urrundik ere ez, euskaldun belaunaldi berriak ateratzen eta emendatzen hasi dira, ekarriz plazarat gazteria formatu eta nahikor bat. EHZ izan delarik horren arragoa besteak beste. Gazten (eta beste belaunaldien) baitan, Euskara ezin besteko bilakatzeko eskoletan indartsuena ere, bertsu eskola, sartu da gure lurraldean, Maialen Lujanbioren funts haundiko bertsuak dion bezala, “Euskaratik eta Euskaraz”(**), eragin araziz ikaslea eta bere aditzailea, hizkuntzaz arnastuz gure herria. Lehenik txapelketen bidez, bainan ere berrikitan biderkatu diren Kabalkada edo Libertimenduen zurkaitz. Hau dugu plaza berri bat Euskal kultura herrikoiak inarrosten duena. Kabalkada batek 140 bat presuna elkar arazten ditu, ainitzetan zerotik dantzariak errunez eta antzerkilariak deskubri araziz, elgar ikusteko denborarik ez zutenak zonbait hilabetez elkartuz euskararen dupinan. Badea molde hobeagorik Euskaraldiak nahi lukena lortzeko herri batean? Eta BFMTVren begiratzearen bortxaz, zozotzetik jendearen salbatzeko?
Libertimenduak (zonbat aurten? bost? sei?) gauza bera eragiten du gazteendako, eskainiz Maskaradak egiten duen bezala, gazteriari jendartearen aintzinean espresatzeko ahala, bere kreatibitate osoz, nihungo mugarik gabe, hots eragile leku bat emanez herrian, haren beharrretan den adin batean. Frantses kulturak horrelakorik eskaintzen dia errepublikako gazteriari?
Abertzaletasuna gorputza, Euskal kultura herrikoia bihotza
Nere solasean ez ditut aipatu Euskal kultura herrikoiaren beste hainbat ekimen, asko direlako eta denak ez dituztalakotz ezagutzen alde batetik. Eta denak ber kaldak animatzen dituelakotz bestetik, pottokaren pare, eder begirat, libre, kontrola ezina, zaintzu, larrean hazten dena – ez saloinetan – uste gabekoa hurbiltzean eta horregatik ederragoa.
Ez ditut ere aipatu euskal kulturak profesional egin dituen kantari, soinulari, antzerkilari, zine egile, hitz batez artista deklaratuak… eta azken hamarkadetan ekarri dituzten hainbat obra nagusi. Ez da dudarik abertzaletasunaren gorpuzten eragin eta eragiten dutela. Ni baino hobekiago hori erakuts lezaketenak ez dira eskas.
Askotan radarretatik kanpo geratzen den kultura herrikoiaz, nahiago izan dut hitzegin. Hau baitzaut Euskal kulturaren istorioaren muina, berezitasuna eta indar ikaragarria, nagusiena nere ustez. Frantses kultura herrikoirik, euskaldunaren heinekorik ez da! Xekatzea libro da hortan denbora galdu nahi bada bederen.
Oraino beharrietan daukat Frantses kultur administralari batek ainitz aldiz errepikatu duena, bere egitarauetan euskal artista hain gutiren izaitea xuritzeko «Maila onik duen artistarik ez da euskal kulturan». Elitismoa, mespretxua, trufa, musika baino azkarrago. Bego bere uliekin! Ez du, bere ustez defendiatzen duena lagundu horrela obratuz. Eta ez da kultura bat, beste kultura baten metrikarekin neurtzen, gainerat bestea haren menperatzailea delarik.
Euskal kultura herrikoiak, bestalde eta oroz gainetik, erantzuten du kulturaren esentziari, A…., Hiriburuko pastoraleko haur aktürrak erran zuen bezala: «Pastorala bizitzen da»; Kulturaren esentzia haren bizitzea da eta nor nahik behar luke ukan posibiltate hori. Euskal kultura herrikoiak hori eskaintzen die guzieri. Horrek harritzen ditu, begiak idekirik begiratzen gaituztenak, eta guk euskaldunek hortaz konziente izan behar ginuke eta zendako ez harro, bost segundaz baizik ez bada ere. Gehiegitan gure kultura, menperatzailearen azpi kultura bezala kontsideratzen dugu, konparatuz ezin konparatuzkoak, ezagutza eta segurtasun faltaz. Hortarik ateratzeko ordua da hengoitik.
Transisio ekologikoarentzat bezala, euskal kultura herrikoiaren tresnak ezagunak dira. Eta tresna berriak asmatzeko ahala ere emaiten daukute. Badakigu haien erabiltzeak euskara bizi araziko dutela, gure baitan eta jendartean, eta badakigu Iparraldea Euskal Herrian eraikitzen lagunduko dutela, betez abertzalatasunak duen asmoa.
.
(*) “Le fanatisme parle basque” – Grégoire apeza ; “Ce petit peuple qui chante et qui danse aux pieds des Pyrénées” – Voltaire
(**) Bertsuaren azken lerroa: «… Herri hau sortzen segi dezagun Euskaratik ta Euskaraz»