Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia

Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia –

Geure burua eta herria deskolonizatzeko premiaVicent Partalek Vilaweben berriki, Kataluniarako edo katalan herrialdeetarako diskurtso antikolonialistaren premia aipatu du. Espainiar armadak 1898an azken koloniak galdu ondotik, agintari espainiarrek -militarrak nagusi zirela- barneko nazioen kolonizazioari ekin zioten, eta ildo beretik, Marokoren konkista militarra eta kolonizazioa giltzarri izan ziren 1936an Espainian gerra sutzeko. Horrenbestez, nahiz eta Europan estatuen barneko nazioen diskurtso antikolonialistak baztertu egin ohi diren eskuarki, interesgarria izan liteke diskurtso horri ekitea deskolonizazioa lortze aldera.

Kataluniatik Euskal Herrira etorririk, gurean espainiarrek eta frantsesek kolonizatuak gaudelako salaketa eta kontzientziazio ahalegina iragan mendeko 60ko hamarkadakoa da oker ez banago, Krutwig, E. Lopez Adan “Beltza”, Txillardegi eta Joxe Azurmendi aitzindari izan genituela. Berrikiago, gogora bedi Xabier Letek nola kantatzen zigun gure morrontzak aurpegi asko dituela. Gauden garaira etorririk, zer-nolako aurpegiak erakusten ditu kolonizazioak egun? Laburkiro kolonizazio kulturalaz arituko naiz, ez ekonomikoaz edo politikoaz.

Batetik, espainiar hizkuntzak eta kulturak mesede egiten digute -frantses hizkuntza eta kulturarako ere balio dezake hein bertsuan-, jende eta kultura askorekin harremanetan jartzeko aukera ematen digute. Ahozko harremanak izateko, eta letren bitartez mundu zabal batera irekitzeko posibilitatea, baina, aldi berean, bestetik, euskaltasunari azpia jaten diote, gure hizkuntza eta kulturari dagokiona murriztuz, mehetuz eta argalduz. Irudi geometrikoak datozkit burura, euskarak biribil ttipi bat hartzen duela bi globo handiren baitan eta artean.

Kolonizazio naturalizatutik gatoz. Gurasoek esaten ziguten ikasteko, formakuntzari esker lortuko genuela-eta bizimodu itxurazkoa. Horretarako, gaztelania genuen bitarteko, ez euskara, eta gure aurrekoek ez zuten zalantzan jartzen; beraiek ez zuten eskolatzeko kasik aukerarik izan, ez gaztelaniaz eta are gutxiago euskaraz. Gazteagoek euskara eta ingelesa ere badituzte kultur bide, baina gaztelaniarekin batean, eta ikus-entzunezkoetan jarraitzen du gaztelaniak nagusi izaten haien kasuan ere, gehienbat.

Nik uste kolonizazio naturalizatuaren alderdi arriskutsuena horixe dugula: menpekotasun kulturala. Hortik askatzeko, lehenik, aitortzea dugu ezinbesteko, hots, prentsa, liburuak, ikus-entzunezkoak gaztelaniaz kontsumitzen ditugula gehienbat, euskarazko eskaintza urriagoa delako, besteak beste, eta horrela, euskal nazio kulturala flako eta kaskar atxikitzen dugula.

Erakunde publikoek ardura handia dute euskaraz dastatzerik eta kontsumitzerik ez daukaguna eskaintzeko bideak jorratuz -beste artikulu baterako lana litzateke zerrenda bat egitea, eta talde-lana balitz hobe-, eta geuk ere badugu zeregina, euskarazko produktu kulturalak galdeginez eta kontsumitzen enplegatuz.

Hori egin liteke menpekotasun politikoan murgildurik gaudela? Samurra ez izanagatik, egin beharra dago geure kultura xumea aintzat badugu, eta askatasun politikoa ezertan badugu.

Norbaitek esango dit kultura guztiak bateragarri eta elkarren aberasgarri direla, baina gutxieneko askatasun eta independentzia kulturalik gabe, kate kulturalak gailentzen eta egonkortzen zaizkigu. Diskurtso deskolonizatzailea eta praktika deskolonizatzailea, biak ditugu premiazko, geure buruaren eta herriaren deskolonizazioa xede ditugula.

Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

25 pentsamendu “Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia”-ri buruz

  • Arrunt ados zuk erran guziekin.
    Hala ere, iduritzen zaut beharrezkoa ginuela zehaztea zertan den guk, herri gisa, ezagutzen duguna kolonizazioa. Aditua izan gabe, iduritzen zaut ainitzentzat kolonizazioa ameriketan edo afrikan soilik gertatzen den prozesua dela, eta gure egoera kolonizazioa deitzerat ez girela menturatzen.
    BGeraz: zer da “kolonizazioa”? Zer prozesu izendatzen du hitz hunek? Zer dira bere ezaugarriak? Bere etapak?
    Eta zendako da zilegi, zilegi baita, kolonizazio deitzea guk bizi dugun egoera?
    Batzuentzak ebidentea baldin bada ere, euskal herritar ainitz hain dira, eta gira, konplexatuak, nun baitezpadakoa iduritzen zautan hortik hastea, gero praktika eta diskurtso deskolonizatzaileak garatzeko.
    Ongi segi, eta izan untsa.

  • barkatu hutsengatik, ez dut arra-leitu igorri aintzin, ez baduzue ulertzen, galdegin! 🙂

  • Espainolek ez dute saltzeko beren hizkuntza, esan gabe doa, eta aise jausten dira supremazismo linguistikoan. Baina bada ordu, nik uste, espainolaren ustezko handitasuna gezurtatzen hasteko.

    Munduko hizkuntza mintzatuenetako bat da, bai, baina oroz gainetik hirugarren munduko jendeen ama hizkuntza da, eta eragin politiko eskasa du nazioartean; hala, ikus dezakegu garrantzizko organismo batzuetan bazter utzia dela.

    Hizkuntza atzerritar gisa ere lehen mailetan baino ez da ikasten, ez haren altxor linguistikoan sakontzeko asmoz, baina Espainiako eta batez ere Hego Ameriketako oporraldietan sangria eta tortillak (mexikarrak, ez espainolak) eskatzeko doia.

    Letretan ez da bereziki nabarmentzen (espainol harroek berehala hartzen dituzte ahotan Cervantes eta Lorca, ondo, baina horietaz landa nor dute ordezkari literatura unibertalean, nortzuk dira haien Nobel saridun ezagunak? Bestalde, nazioarteko espainolezko idazle aipagarrienak latinoamerikarrak dira).

    Frantsesaren alderako nazionalimo linguistikoak ganora handiagoa du, baina espainolak zer du berezirik? Zer ekartzen digu euskaldunoi? Ezer ez, kaltea besterik ez. Eta dituen abantaila gehienak euskarak ere erdiets litzake lege egokien bidez, eta traba etnozidak kenduta.

  • Ados Gilen ideia nagusiarekin. Orain irudikatu gaztelaniarik gabeko aste bat edo egun bat euskaldunen artean!

  • Euskal Herri penintsularrean

  • Bai imaijina dezaket, Pako. Kontua da nor sartzen duzun “euskaldunen” horren barruan. Euskara zerbait dakiten guztiak? Abertzaleak? Ez, askoz selektiboagoak izan beharko genuke, baina ziur milaka gutxi batzuok proba pasatuko genukeela (uzten badigute).

  • Joxe Arakama 2020-08-25 19:40

    Oso ona eta egokia iruditu zait Pako Suduperen lana eta, orokorrean, haren idatziak. Kasu honetan aipatu beharrekoa da Gilenen iruzkinak ere. Gure egoeraren gakoa behar den tokian jarri dute biek ala biek: deskoloniazazio gaian. Eta eskerrak emateko atal honetan ezin dugu ahaztu Zuzeuk, gure pentsamendua plazaratzeko aukera ematen digulako. Dena den, kolonizazio gaiari bi artikulu eskaini zio Naziogintzak aspaldi eta irakurri nahi duenak hemen du baten lotura, beste artikulua Naziogintzaren webgunean topa dezake, “Euskal Herria eta Katalunia ez dira koloniak bertan-bertan daudelako” diote espainolek. Kolonia izateko urruti egon behar dira herri horiek. Bai. Eta orduan Kanariar eta Balear uharteak koloniak al dira? Prest izango zinateke, espainol hori, onartzeko Kanariak eta Balear uharteak koloniak direla? Hori aipatzen duzunean urruntasunaren argudioa txikitua gelditzen da, baina orduan beste bat bilatzen dute, eta gero beste bat eta abar. Kontua da inperialistak direla bai frantsesak eta baita espainolak ere, ezkerrekoak eta eskuinekoak, eta hori ez dute ojartu nahi. Ikusi:
    http://www.naziogintza.eus/konkista-euskal-herrian-kolonizazioa-ii/

  • Mila esker Joxe Arakama!

  • Alpargatero 2020-08-26 11:22

    Niri gehiegikeria bat iruditzen zait esatea Euskal Herria eta Katalunia koloniak direla. Koloniak al dira bai ekonomiari bai bizi-kalitateari dagokionez ustezko metropoliak baino estandar hobeak dituzten lurraldeak? Hori kononialismoa bada, gora kolonialismoa!

  • Ohar bat: Txillardegik A. Memmiren “Kolonizatuaren ezagugarriak” itzuli zuen. Ez da ahaztekoa, merezi du aldian behin irakurtzea, iradokitzailea baita.

  • Alpargatero, Euskal Herria kolonia bat da bortxaz okupatua, erantsia, zatitua eta asimilatua izan delako. Punto.
    Zuk diozunak ez du ez hanka ez bururik, are, argitasunaren aurkako irain bat da, bizi-kalitateak ez duelako determinatzen kolonizazio-egoera bat, eta gainera modu zehatzean aztertu beharko litzatekeelako zein gizarte sektore eta familiatan konzentratzen diren lurralde hontako errenta, jabetza eta ekoizpen-medio gehiengoa. Guda zibileko arpilatzetik handi egindako oligarkia espainiar edo vasco-asimilaturik egongo ez balitz bezala mintzo zara. Bestetik, jakintzazu Erromaren gainbeheran bizi-kalitate handiagoa izan ohi zela hainbat eta hainbat koloniatan, metropolian baino (eta seguru aski horixe bera gertatuko da mendebaldearen gahinbera aurrera doan heinean), baina baldintza koiuntural horrek ez zuen eragotzi kolonietako biztanleria autoktonoaren asimilizazio eta deuseztapen-prozesua. Gainera, “ustezko” diozu, zure herriaren historia zalantzan jarriz… en fin, halako euskaldunekin zertarako behar ditugu kanpo etsaiak?

  • Kolonia edo ez-koloniaren eztabaida aspaldi marxismoaren eta ezkerraren baitan emandako eztabaida da eta dominazio eta esplotazio harreman konkretu baten definizioa izatea bilatzen du. Guk, paradigma konkretu bati atxiki gabe, nahi bezala deitu diezaiokegu dominazio eredu konkretu horri, eta egia da kolonialismo hitzak pisu sinboliko handia daukala, eta maila komunikatiboan lotsa barik erabiltzearen aldekoa naiz ni. Deitu nahi moduan, kolonialismoa, imperialismoa, okupazioa… Baina egitatea bat bakarra da kasu guztietan: euskal identitatea arriskuan dago, inoiz baino gehiago, esango nuke nik. “Gure” agintariek aspaldi saldu gintuzten industria kultural atzerritarren diru promesen aurrean eta honen gaineko kontzientzia sendo bat garatzen ez dugun arte eta ekintzara igaro arte endekapen prozesu honetan jarraituko dugu gure akabera heltzeko zain. Noski nahi dugula ekonomikoki eta politikoki sendoa den Euskal Herri eta euskal herri bat, baina zertarako balioko digu ustezko nazio eraikuntza politikoak edo ekonomikoak babesteko identitaterik ez badaukagu. Ipar-Hego-Mendebalde-Ekialde euskal kultura saretu behar da, dela herrikoia edo jasoa, eta hori norberaren eta elkarteen borondatetik atera behar da, ikusten baita instituzio eta enpresek ez dutela horrelakorik egingo. Beste euskal pizkunde baten premian gaude.

  • Hala da, Otsaburu. Erakunde publikoetatik ezin dugu asko espero (ETB1 ikustea besterik ez dago), hortaz behar duguna euskararen alde aktiboki lan egitea da, auzolanean bada ere.
    Gaur egun interneten bidez lan egitea oso erraza da eta euskal kultura hedatzeko balio dezake:

    Euskal musika taldeak ezagutaraztea, taldekidei elkarrizketak egitea, podcastak sortzea, bideojokoetara jokatzen duten jokalarien bideoak grabatzea, youtuben sukaldaritza/kirola/marrazki bizidunen/… bideoak sortzea, berrogeialdian ikusi izan ditugun online bertso saioak, kontzertuak edo online lehiaketak -Egunean Behin-ek egin zuen moduan- sortzea eta abar.

    Gaur egun kulturgintza digitala da, azken finean denok daukagu internetera konektatzen den telefonoa poltsikoan, eta horren alde egin behar dugu. Ez da hain zaila telegramen edo bestelako zerbitzarietan taldeak sortu eta lan egiten hastea.

  • ETB1 zabortegira bota du Eusko Jaurlaritzak (PNVSOE-k), euskalgintzaren ia osoaren eta ezker abertzalearen isiltasuna lagun.
    Euskadi irratiari ere, Radio Euscañiri baino baliabide gutxiago eskaintzen dizkio, ageriko ondorioekin. Baina gainera, Euskadi irratiak bazterrean uzten ditu euskal musikariak, ingelesdunak sustatuz etengabe.
    Entzun ezean ez legoke sinisterik. EiTB bilakatu da, euskara eta euskaldunak gutxiesteko, eta KOLONIZAZIOA biribiltzeko makinatzarra.

  • Alpargatero: Gibraltar kolonia bat al da? Espainiarrek baietz diote. Zure iritziz Ez da kolonia, bizi kalitate maila Bretaina Handikoa baino aise hobea delakoz.

  • Alpargatero, GKSren mintegietan ikasi al duzu bota duzun bonba?

  • Alpargatero 2020-09-02 09:45

    GKS? Utikan gorri komunista horiek! Ni liberal kontserbadorea naiz, eta berriz diot: ez dut inon ikusten Euskal Herria kolonia bat dela baieztatzeko arrazorik.

  • Seguraski zoologiko batean jaiotako tximinoak ere ez dira giltzaperatuak bizi direlaren jabe, eta gainera pribilegiatuak sentituko dira jan eta edana “debalde” jasotzen dutelako.

  • Ba ni ere Alpargaterorekin nago. Ez dut uste hemengo jendearen inpresioa hori denik, Euskal Herrian ze oprimituta bizi garen! eta ez gara konturatzen,tximinoak baina bezala. Agian esnatzen zarenean eta egunean zehar zu hortaz pentsatzen ari zara. Ze bizitza tristea zurea!

  • Ez dago ezer tristeagorik eusklabo alaiak baino. Orain, nik zalantzan jartzen dut euskaraz bizitzera saiatzen ere zaretenik.

  • Honen aurrekoan aipatu nizuen honako liburu honetan: Kolonizatuaren ezagugarria. Albert Memmi. Jakin. 1974. Txillardegi itzultzailea, badirela kolonizazio kulturalari buruz zati adierazgarriak. Hona bat 119. orrialdean:

    “Kolonizatuaren ama-hizkuntza bere sentsazioez, grinez eta ametsez hornitua dena, bere maitaguneetan eta bere harriduretan isurtzen dena, bihotz-barnerik nasaiena duena, horixe da gutxiesten. Begiramendurik batere ez du merezi aberrian, ez atzerrian. Lanbide bat kolonizatuak lortu nahi badu, bere lekua eraiki, hirian eta munduan izan, lehen-lehenik besteen hizkuntzara makurtu behar du, kolonizatzaileen hizkuntzara, bere jabeen hizkuntzara. Kolonizatuarengan bizirik dirauen hizkuntza-gudaketan, haren ama-hizkuntza da isekatua, zafratua, ukatua. Eta pratikaren [sic] mailan funtsatzen den mespretxu hori, bere egiten du azkenean kolonizatuak.

    Bere buruz hasten da hizkuntza ahul hori baztarrera botatzen, atzerritarren aurrean izkutatzen, eta itxuraz kolonizatzailearen hizkuntzaz baizik ez aisa mintzatzen. Hitz batez, koloni-bimintzairatasuna ez da diglosi bat. Honetan bi mintzaira bizi dira elkarren ondoan, herriaren hizkera eta garbizaleena (Charles A. Fergusonen diglosiaren definizio klasikoaren araberako azalpena), eta biok dira, sendimenduari dagokionez, mundu berbereko parte. Eta bimintzairatasun hori ez da poliglosi aberats huts bat; alegia, bigarren teklado bat izan bai, baina aski kutsugabea. Kolonietako bimintzairatasuna hizkuntzazko drama bat da.”

  • 131 or.: Kolonizatzailearekiko maitasuna eta bere buruarekiko herra

    “Kolonizatuaren lehenengo saialdia hauxe izaten da: egoeraz aldatzeko, azala aldatu. Badu aldamenean eredu kilikagarri bat, eta hauxe nagusitzen zaio: alegia, kolonizatzailearena. Honek ez ditu haren gabeziak jasaten, eskubide guztiak ditu, ondasun guztiak baliatzen ditu, eta begiramendu guztiak zor zaizkio (…)
    Jokabide hau ulertzeko, egia da, kolonizatzailearekiko mirespena behar da izan; eta, hau dela bide, kolonikuntzaren bedeinkazioa funtsatu nahi izan da. Baina oso agirian dagoen dialektika baten eraginaz, kolonizatua lehiatsuenik bere patua menderatzen ari den memento berean, lehia berberaz ukatu behar izaten du bere burua. Bestela esateko: kolonikuntzaren egoera bera ukatzen ari da beste modu batez. Bere buruaren ukaera eta bestearekiko maitasuna beti ere aurkitzen dira asimilatuak izan nahi duten guztiengan. Beregaintasun-saiaketa horren bi alderdiok oso loturik daude: kolonizatzailearekiko maitasun horrekin batera, badago sentimendu mordo handi bat: norberaren buruaren lotsatik hasi eta norberarekiko gorrotoraino.”

    Ez dut esaten Tunisia frantsesean 1950 inguruan zegoen egoera eta gure egungoa berdinak direnik. Baina kolonizazio kulturalari dagokionez, liburua iradokitzailea da.

  • Benat Castorene 2020-09-05 11:36

    Hitza zaharra da eta errealitate desberdinak adierazten zituen. Grekoaen edo erromanoen koloniak aipatzen ziren jada Mediterranoan edo Galian eta Germanian.
    Gaur kolonisazio hitza eta opresio politikoa hitzak desberdintzea ez da beti erraz, bata ala bestea erabiltzen ditugu, nik behintzat.
    Jakin behar duguna da Alpargaterok biak ukatzen dituen ala kolonisazio hitza bakarrik.
    Izan ere anitzei hitz horrek gogorarazten dizkie Afrikako koloniak nun besteak beste alde batetik beltzak, laborari xumeak, “pobreak” eta ekonomia kapitalistan eta teknikan beranduak ziren eta besteak denetan alderantzizkoak.
    Argia da gaur dikotomia bera ez dela ikusten hemen.
    Baina Afrikako lehenagoko kolonietan bezala gelditzen dira presentzia militarra, akulturazio politika eta autodeterminazio eskubidearen. ukapena.

  • Euskalgintza feminista 2020-09-06 22:38

    Zu lasai Patxi, ez zaitez kezkatu
    Euskal feministak hemen gaude babak eltzetik ateratzeko, hots, herri hau deskolonizazio prozesuan azken muturreraino eramateko. . Gure esku dago prozesu horren giltza, dudarik gabe.
    Hetero-patriarkatu-kapitalistatren uztarritik atera eta biharamunetik beretik jende zoriontsua herri libre batean bilakatuko gara.
    Den-denak triki-bertso-sagardotegitarrak.

  • Kolonizatuak mantentzeko bi sailburu erdaldun Eusko Jaurlaritzan:
    Beatriz Artolazabal Albeniz (PNV), gasteiztarra: Sail handienaren arduradun: Berdintasuna (Emakunde) Justizia eta Gizarte Politikak. 1970ean jaioa. Ez du astirik izan euskara ikasteko.
    Eta Javier Hurtado Dominguez (PSE) Turismo, Komertzio eta Kontsumoko Sailburua. Madrildarra. Ez du euskara ikasi beharrik. Espainiako 1978ko Konstituzioak ez du horrelako betebeharrik jasotzen.

    Eragin linguistiko garrantzizkoa izaten dute goi karguek ahoz nola idatziz, garrantzizko gaiak haien eskuetatik pasatzen dira eta. Maila sinbolikoan ere bai. Goikoek ez al dute, bada, etsenplu eman behar?
    Euskaldunok baztertzeko politika bortitzak aplikatu dituzte espainiarrek.
    Orain euskaldunak kolonizatuak mantentzeko euskararen aldeko politika epelak eusko nazionalistek eta sozialistek.
    Aizu, bi sailburu bakarrik erdaldunak! Honen aurrekoan baino gutxiago.
    Gehiegi eskatu zuten 400 kazetarik. Sobera, larregi galdegiten dugu euskaldunok!