“Giza eskubideak” film laburren bilduma Filmazpit katalogoan
“Giza eskubideak” film laburren bilduma Filmazpit katalogoan –
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian azken urteetan ikusi izan diren bost film laburrek osatzen dute bilduma eta, besteak beste, honako gai konplexuak jorratzen dituzte: identitatea, migrazioa, politika, emakumezkoen sexu-organoen erauzketa edo/eta Indiako azido erasoen biktimak. Film labur hauek guztiak hainbat herrialdeetako zinema jaialdietan proiektatu eta saritu ostean heldu dira Filmazpit katalogora, ohi bezala, kosturik gabe emanaldi publikoak antolatu gura dituen ororen eskura jarriz.
Honakoak dira bilduma osatzen duten filmak:
1. ABAROA (Geschützter Raum / Safe Space). 2014, Zora Rux, Alemania, 13 min
Patrick eta Sara amodio-istorio bat hasten ari dira. Errefuxiatuen eskubideen alde ere elkarrekin borrokatzen dute Berlinen. Sexu-eraso bat gertatzen denean, kide diren taldeak zer egin behar den eztabaidatzen du.
2. ERAUZKETA (The Cut). 2016, Evangelia Soumeli, Grezia, 15 min
Elli, zirujaua, bere lagun Sofiaren presioa jasaten ari da haren alaba txikiari legez kontrako operazio bat egin diezaion.
3. SHEROES. 2016, Carlos Caro, India-Espainia, 11 min
Bizitza konplikatua eta latza izan daiteke, baina bakoitzaren jarrerak errealitatea aldarazi dezake, ordea.
4. SALÃM. 2013, Johan Timmers, Herbehereak, 25 min
Ara eta Mo hamar eta hamaika urte dituzte eta lagun minak dira. Harrera zentro batean bizi dira senideekin batera beren asilo eskaera noiz ebatziko den zain baina bizitza ez da beti samurra bertan. Egun batean bietako bat desagertzen da ustekabean.
5. DIZIPLINA (Discipline). 2014, Christophe M. Saber, Suitza, 12 min
Lausanne-ko janari-denda batean aitak pazientzia galtzen du eta alabari zaplaztekoa ematen dio. Gertatutakoa ikusita, bezero batek errieta egiten dio. Beste pertsona batzuek eztabaidan sartzen dira eta egoera larritzen hasten da.
Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak film sorta eklektiko ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira. Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.
Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.