68ko maiatza Euskadin [II]

68ko maiatza Euskadin –

68ko maiatza [I]

Euskadin, ordurako, diktadurak sortutako izuaren erresuma pitzatzen hasia zen, hogeita hamar urteko lanbro eta iluntasunean ostarteak agertuz. Gazteria inkonformista (Gazte gera gazte ez gaude konforme… Benito Lertxundiren abestia kantatzen genuen) eta aurrerakoia zen, bere itxaropena etorkizunean jarrita zuena; langile-mugimendu berria sortu zen, Langile Komisioen eskutik, bere eragina gizarte osoan nabaria zelarik, balore lagunkideak, solidarioak, gazte askoren bihotzetan finkatuz.

68ko maiatza EuskadinSakristietan, mendigoizale elkarteetan, lantegiko ezkutuko bileretan, txikiteoan, giro soziala pil-pilean zegoen. Zenbait grebak gizartea kolpatu zuten egoera katalizatuz, lantegi askoren izenak mitiko bihurtuz: Bandas en Frio, Niessen, Precicontrol, eta abar. Maiatzaren Lehenean, poliziaren eta manifestarien arteko gatazka biziak ikusten dira. Ohiko ezkerreko alderdietatik, PC da indarra duen bakarra; PSOE, aldiz, ia ez da existitzen, ez da agertzen ez kaleetan ez lantokietan; kartzeletan, zahar eta gazte batzuk besterik ez. Kristauen munduan, JOCeko gazteek eta apaiz langileek garrantzia handiko lanari ekiten diote elizaren saretaz baliatuz.

Asmo horiekin bat eginez, hainbat gorri egin ginen eta humanismo internazionalista abertzaletasunari txertatzen saiatu ginen.

Euskal mundun, Ikastolak, katakonben antzera hasieran, agerian geroago, herriz herri, euskaltzaletasunaren baso sakon horretan udaberriko zizak bailiran sortu ziren. Euskararen batasunerako lehen urratsak jarriz euskal literaturak izugarrizko pizkundea ezagutu zuen; euskal kulturaren adierazpide gehienek gorantz egin zuten, eta Ez dok hamahiru bezalako talde-mugimenduek izugarrizko arrakasta izan zuten gizartean, gazteriaren artean batez ere.

Nazioaren kontzientziak, herri grina eta mina, antsiaz beteriko bularrak, haize berriz betetzen ditu. Gandiaga poetak, Euskal Herria eta txakolina alderatuz, hitz hauek idatzi zizkigun:

Euskalerriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena hala ere”.

Metafora argi bezain esanguratsua. Herri bat ginen, besteen aldean artean herri ez zena, baina herria hala ere. Egoera horren jabe izateak, euskara ikasi eta erabiltzera bultzatu gintuen, eta independentzia edo burujabetza aldarrikatzera.

Politikaren arloan, ETA sortu zen. Honek, PNVk betidanik izan zuen abertzaletasunaren esklusiba apurtu zuen eta, are gehiago, gazteriarengan zuen eragina ETAk, ez PNVk, euskaldun fededunen mitoa ere apurtuz. Hor ibili ziren gazte bizardun eta kalpartsu batzuk Marxen liburuak ezkutuan irakurtzen.

68ko maiatza EuskadinETAko militanteak eredutzat hartzen ziren. Andoni Arrizabalaga gazteak torturatzaileen aurrean agertutako jarrera miresgarria goraipatuz Telesforo Monzonek egindako Itziarren Semea abestia, eta Txabi Etxebarrietaren omenez Imanol Lartzabalek egindako Lehengo Batean abestiak, ahoz aho, tokiz toki, jaietan zein bilgunetan kantatzen ziren, malko ugari isuriz, bihotzak hunkituz. Elektrizitatez kargatutako giroak erresistentziaren sugarra pizten zuen.

Eztabaida ideologikoak, gogorrak eta oinarrizkoak ziren. Batzuen arabera, lehendabizi etxea eraiki behar zen, eta ondoren ikusiko genuen zein kolorez pintatu paretak. Ordurako, Gabriel Aresti zenak bere iritzia emana zuen poema eder batean:

“Nik: arrosa gorri bat nahi diat. Hark: Bai, baina lehenbizi arrosa. Nik: Bai, arrosa gorri bat. Hark: lehenbizi arrosa. Eta azkenean, arrosa zuri bat jarri zeutzaten jakaren solapan”.

Aurreikuspen-gaitasun handiko gizona izan zen Aresti zena. Horrela suertatu zen PNVren eskutik. Jakina, Gabrielek ez zezakeen jakin eskumako solapan arrosa zuria ez ezik, ezkerrekoan krabelin gorri-horia jarriko zigutenik PSOEren laguntzaz. Herri honetan, errealitatea aurpegi askotako txanpona baita.

Horri aurre egiteko, bi zapalkuntza historikoak, nazionala eta soziala gainditzen hasteko, batzuk hurbiltzen hasi ziren sintesi baten bila ikuspuntu abertzale eta sozialista baten ardatzaren inguruan. Esan dezagun egoera honetara heldu baino lehenago, abertzale izatea eta sozialista izatea kontrajarrita ikusten zirela. Abertzale zena ezin zitekeen sozialista izan, eta alderantziz beste hainbeste. Hortik aurrera, mugimendu horretan Euskal Iraultzaz hitz egiten da, eta langileria da protagonistarik nagusiena. Honez gain, Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista horrek mundu osoan hedatzen ari den mugimendu iraultzailearen partaide sentitzen du bere burua, burutazio horren emaitza, emankorra bezain konplexua izaten delarik.

Etendura ideologiko askoren sintesiak, abertzaletasun eta sozialismo historikotik alde onenak eta eztabaidagarrienak hartzen ditu bizkar gainean. Baita egoeraren lapikotik ere. Sustraiek, enborrak eta hostoek osatzen dute arbola, gorputz sano baten antza duena, eta bere fruitu goiztiarrak 1970ko abenduan agertzen dira mundu guztira.

Horregatik, militantziak borroka metodoek eta estrategia arazoak izugarrizko garrantzia zuten gugan. Matxinada-estrategia, edo borroka armatu paraleloa, erakunde militarra, polimilitarra, edo autodefentsan oinarrituriko borrokari buruzko eztabaidak, edota erakundeak eskatzen zuena egiteko prest egotea, bizitza arriskuan jartzeraino, ez ziren txantxetan hartzeko gauzak. Gure sentimentu eta eginahal guztiak eskatzen zituen arazoa genuen eskutan. Gai ginen herriz eta herrialdez aldatzeko, ezagutzen ez genituen ogibide eta lanak onartzeko, klandestinitatean ibiltzeko eta bizitzeko. Horrelako galderak entzun ohi ziren borrokalarien artean: “herriarengatik hil ala herriarentzat bizi?” Beste batzuek, berriz, erantzuna ematen zuten: “bata bestearekin lotuta dago, kontingentziaren arabera aterako gara bizirik ala zulora joango gara”.

Gaur ez bezala, hordagoa bota ondoren, mahai gainean jartzen genituen karta guztiak. Hortik aurrera, norberak bere lehentasunen arabera jokatzen zuen.

Zoritxarrez, bisten denez hain izen ponposoa zuen iraultza mundialaren hiru sektoreen konbergentzia dialektikoa ez zen gauzatu.

Gosea duenak, ogia amets lepora diezagukete, eta ez zaie arrazoirik falta izango. Baina ez arrazoi guztia. Gure asmo eta itxaropenek sustrai materialak zituzten, egoera baten seme-alabak ziren. Besteen artean aukera bat, eta ez erromantiko abenturazale edo kaskarin batzuen asmo ero bezain hutsalak. Eta gainera, zuzenak eta zuhurrak ziren asmo haiek. Izan ere, iraganean bezala orainaldian ere, garrantzia dutenak ez dira egoerari loturik egiten diren kalkuluak edo aurreikuspenak, gizarte kapitalistari eta estatu zapaltzaileari egiten diogun kritikaren egiatasuna, eguneroko borrokaren beharra, eta gure emantzipazio helburuen zuzentasuna baizik. Horrek guztiak, zutik dirau.

68ko maiatza Euskadin

Honegatik, nire egiten ditut Gabriel Aresti zenaren gogoak eta asmoak:

 

Fabrikak izango dira euskal langileenak

eta soro-pinudiak nekazarienak

itsasontziak izango dira marinelenak,

euskararen armoniak sozial poetenak…

           

Euskal Herrian ez da klase sozialik izango

eta euskaldunak zoriontsuagoak izango gara

 

Badakit, hau denak, askorentzat utopia hutsak direla. Niretzat, ordea, utopia errealitatea mugiarazteko indarra da, edo beste era batera esanda, begirada geroan jarrita oraina aldatzeko bultzada. Izan ere, behin Oreretako asanbladan entzun nuen bezala, utopiarik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza!

68ko maiatza Euskadin
68ko maiatza Euskadin
68ko maiatza Euskadin
68ko maiatza Euskadin

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.