“Ghetto” balizkoez, euskararen prestigioaz eta noraezaz
“Ghetto” balizkoez, euskararen prestigioaz eta noraezaz –
Ghettoa “arraza, etnia, erlijio edo testuinguru sozioekonomiko jakin bateko pertsonak bizi diren barrutia da, bazterketa egoeran gehienetan… beren ohitura, arau edo/eta lege bereziak izan ohi dituzte, ingurukoetatik bereiz”, Wikipediak esana.
Euskal Herrian eta hainbat euskaltzaleren aldetik, nahi baino sarriagotan entzun edo irakurri ohi dugu ”ghetto!”, anatema antza, euskal hiztunak biltzeko saiakeraren bat proposatzen den bakoitzean. Etxetik euskaldun diren ikasleak eskolan ez sakabanatzeko eskatzen duten gurasoek epelak entzun behar izan dituzte eskari xume hori egiteagatik. Euskaldunak hiri erdaldunduetako auzoetan biltzea iradokitzen bada, “ghetto!”. UEMAko herri oraindik euskaldunei ere, “ghetto” esaten dien euskaldunen bat ezagutzen dut. Harrigarria bezain iraingarria gertatzen zait. Soziolinguistikako lehen ikasturtekoa da, gurea bezalako hizkuntza eta komunitate gutxitu, birrindu eta zapaldutako baten berreskurapenerako hil ala bizikoa dela hiztunak trinkotzea eta egituratzea, herri-nortasuna eta GU izateko nahia berreskuratu ahal izateko, eta batez ere hizkuntzaren erabilera bera bideragarri egiteko. Ez ote dakigu zein den, ia osorik euskaldunez osatutako talde batean ere, erdaldun bakar batek lortzen duen eragina? Horregatik, eskolan ume euskaldunak sakabanatuz edo herri euskaldunetan babes neurririk hartu ezean, erdaraz jardutera kondenatzen ditugu batzuk eta besteak. Ez dago Txepetx izan beharrik hori ulertzeko, nork bere begi-belarriez ikusi eta entzun baitezake. Herri erdaldunduetan, giro erdalduneko eskoletan bezala, euskaldunak trinkotzea nahitaezko baldintza da euskaraz jarduteko aukeraren bat izanen badugu. Zaila dago hala ere, euskararen prestigioa lur jota baitago orain ere, eta ez espainiarren eta frantsesen ahaleginari esker soilik; Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak, Eitb-k berak adibidez, laguntza paregabea eskaintzen die zeregin horretan Espainia eta Frantzia uniformezaleei. Hau da, euskaldunok trinkotuta ere, zailtasun handiekin egiten dugu topo euskaraz jarduterakoan. Hori bai, sakabanatzen bagaituzte, orduan ezinezkoa da.
Eskerrak baten batek, ondiño, berba argi egiten duela.
Bai ezkerrak Juan Alemani. Adorea behar bada abertzale logiko eta onesta bezala azaltzeko herri honetan eta bistan da are gehiago horrela portatzeko.
Juanen iritziaren ildotik segitzeko asmoz, begira dezagun Lapurdiko kostaldearen kasua Biarritzetik mugaraino. Erremu horretan, biztanlegoaren gehiengo ( lehergarria erraiten bezala) frantsesez eta euskaldun ohi asimilatuz osatua izango da laster horrela ez bada jadaniko beti egongo direla euskal familia eta talde batzu barreiatuak eta isolatuak hor edo han, adibidez Urruña edo Biriatuko aldean. Baina jakin behar da egoera sozial kultural ezinbestez hori zabaltzen ari dela Lapurdi guzira eta haratago.
Demagun,, ezdakit noiz, euskal estatua sortzen dugula horretarako aski trinkoa egongo den beste euskal lurretan. . Nabarmen da Lapurdi Kostaldeko eremu horiek estatu horren kontra jokatuko dutela hasieratik bukaeraino eta euskal estatua bertan ezartzea ezinezkoa izango zaigula. Izan ere, gure estatuaren armadak ezingo bailuke ezer egin bertako populazioaren nahiaren eta Frantziakoa armadaren indarraren kontra.
Beraz nahi badugu naziogintzak eta estatugintzak esangura bat ukan dezaten bertako azken euskaldunentzat, eta ez baditugu abandonatu nahi aterabide baten ideiarik gabe bi nozio horiek deklinatu behar dira haien kasuaren araberan baita beste eskualdeen araberan ere.
Juan Alemanen getthoari buruzko hausnarketa izan liteke deklinazio hasiera galtzen ari garen lurraldeetan edo galdu berriak direnentzat.
Espero dut artikulu honek sortuko duela ezinbesteko dugun hausnarketa. Oroitu behar da duela hiru urte pasa entseiatu ginela jadanik arrakasta modestu batekin Kibutzaren hipotesiatik ideia bera aurrearazten ondoko bi artikulu hauetan:
https://zuzeu.eus/euskal-herria/kibutzeei-eta-arnasguneari-buruzko-zenbait-gogoeta1/
https://zuzeu.eus/euskal-herria/herri-kibutza-hipotesi-aren-kontrako-objekzio-serio-bakarraz-2/
Neuc badaquit Euscal Herria edota Naffarroa ez dela seculan ere, berriz, statu independent bat içanen.
Neuc badaquit euscara batua deitzen den hori ez dela seculan ere hizcunça nationala içanen.
Euscaldunen, naffarren eta bascoen erruz eta culpaz, hain çucen ere.
Daquidana dut aiphatu, ez nahi nuqueena.
Adeitassunez
Azkenean eta gauza guzien hondoan, inportanteena da gure burua euskaldun mantentzeko gogoa. Hau da euskaltasuna. Sentimentu horrek gora eta beherak ditu. Gaur existitzen da oraindik baina ezin da erran gorenean dagoela. Besteak beste gaurko ideologia dominanteak– betiko zapalkuntzaz gain– Anglo saxoiek aniwhere deitzen dutenak, errespetu, zilegitasun eta prestigio guzia kentzen dio herri-sentimentuari herri-atxikimendu zehatzik gabeko ilusio harro baten fagoretan.
Euskaltasunaren ezaugarria daukaten hausnarketa agerraldi edo ekintza serio guziak xerkatu, suspertu eta animatu behar ginituzke. Euskaltasunaren sentimentua ez bada garatzen,edo mantentzen bederen, ezin dugu helburu politiko serioetarako borrokatu, sentimentu horrek digu borrokatzeko adorea emaiten eta. Dudarik gabe Juan Alemanen hausnarketa-artikulu hau bide horretatik doa.
Gaurko gizakiaren ezaugarria da mundu guziko paisajei, hizkuntzei eta lan kulturei buruzko kuriositatearen eta idekiduraren alderako hasperenketa edo tirria handia daukala. Zergatik? Betidanik existitu baldinbada ere, gaurko aurrerapen teknikoak , bizimoduak eta ikasketa mailak tirria hori asebetetzea ahalbidetzen digutelako. Nahiz zorigaitzez baduen askotan zer ikusia kontsumerismo amerikar mugagabearekin, tirria horrek badu onik baita legetimitaterik ere. Izan ere inteligentziaren garapenerako beharrezkoa da ezagutzea munduan sortzen diren arte literatura eta obra filosofikoak. Gure ekoizpena tipiegia da eta ez dugu oraindik aski euskararatzen.
Horregatik, soluzionatu beharreko kontradikzio baten aurrean gaude : alde batetik gure artean bildu behar gara ingurune mugatu eta et hetsitan gure euskal izaera kulturala urt ez dadin eta bestetik mantendu eta errespetatu behar dugu munduari eta arrotzari buruzko idekidura osagarri hori. Horregatik Juan Alemanen hausnarketan aurreratzeko erabakigarria da kontradikzio horren soluzionatzeari pentsatzea.
Juan Alemanen hitzen balio handia da gauzak beren izenaz bataiatzen dituela; hitz gutxitan besteoi lerrokada asko okupatzen diguna adierazi du, eta bat nator hitzez hitz. Euskara taldeak sortu zirenean, ideia horren inguruan sortu genituen: euskaldunak trinkotzea, talde gisa, komunitate gisa. Horren aurka, era atera eta bestera, aurkari beroak, epelak, aldeko epelak eta aldeko hotzak batzen zaizkigu. Hizkuntza komunitate bat bagarela ukatzen dutenak. Horretan datza geure geroa, komunitatea osatu ala disgregazio (segregazioa besterik da) gero eta handiagoan bizi.