Gazteok euskararekin bat

Gazteok euskararekin bat

Euskararen Nazioarteko Eguna den honetan, eta Zer egin dezaket nik euskararen alde? adierazpenera atxikirik, kolore desberdinetako gazteok, euskararen jiran bilduta, elkartasuna adierazi nahi dugu euskal gizartearsen aurrean. Gazte eragile politikook, euskararen egoera ikusirik, beraren inguruko zoru komuna eraiki eta sendotzeko asmoz, gure arteko adostasunak argitaratzen ditugu adierazpen honetan. Ekimen hau etorkizunera begira euskararen inguruan ehuntzen joango den harreman baten mugarri izan dadin.

Kontent gara gazteok gure hizkuntzak mendetan barrena biziraun duelako eta gaur-gaurkoz gure ahotan darabilgulako. Ezin gara, ordea, lo gelditu. Izan ere, euskarak aurrera egin badu, oro har, euskal gizartearen norbanakoetatik hasita, euskal gizarteak berak eta bertako eragile politiko eta sozial euskaltzaleek erruz egin duten lanari esker izan baita, erakutsitako konpromisoa eredugarria izaki. Benetan aintzat hartzekoa dugu eragileok aurrera eramandako normalizazio prozesua, euskararen malda-behera zentzuz aldatzea lortu duena.

Hala ere, orainarekin ez gara konformatzen, nagusi den gizarte-araua gaztelania edo frantsesaren aldekoa baita. Gauzak horrela, lortutakoari eutsiz erronka eta helburu berriei ekin behar diegu.

Honenbestez, eman beharreko urrats politikoek Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasun instituzional eta soziala lortzera jo behar dute. Izan ere, Iparraldean eta Nafarroan, urtetako gabezia politiko eta instituzionalagatik, oraindik ere, euskara gutxiengo zapaldu batean bizi da. Halaber, euskararen presentzia ahuleneko EAEko, nahiz Iparraldeko eta Nafarroako, zonaldetan euskara irakastearen aldeko ekimenak bultzatu eta erakunde pribatu nahiz publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko planak sustatu behar dira. Plan hauek hezkuntzak eta administrazioak bermatzen ez dituzten hizkuntza-eskubideak estaltzera jo behar dute, euskaraz egiteko eskubidea esparru orotara zabalduz.

Hizkuntza-eskubideez haratago, gazteok bereziki kezkatuak gaitu euskararen erabilerak. Kultura-ondarea ez ezik, euskara herritarrok elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dugun tresna bizia baita. Horregatik, euskarak eguneroko bizitzan erabiltzeko hizkuntzatzat duen ospea eta balio soziala handitu behar dira. Izan ere, hizkuntza aniztasunari eutsi nahi badiogu, euskara da nahitaez indartu behar dugun hizkuntza, horretarako erdaren aldean diskriminazio positibo batez baliatuz. Ez baititzakegu ahaztu euskarak behin eta berriz bizi dituen zapalkuntza eta eraso egoerak, Madrildik zein Paristik datozenek ez diotelako euskararen ofizialtasunari biderik ireki nahi.

Era berean, kontziente gara euskarak azken hamarkadetan ikasgeletatik ateratzeko izan duen zailtasunaz. Maiz, arlo akademikora soilik mugatzen delako. Horrenbestez, euskara aisira eta giro informalagoetara hedatzea giltzarritzat dugu egunerokotasunean erabiliagoa izan dadin. Denok bat eginik, euskararen ezagutza areagotzeaz gain, oso bereziki, erabilera bultzatu behar dugula eta horretarako konpromisoa hartzen dugula adierazten dugu.

Azkenik, euskara euskal herritar ororen hizkuntza den aldetik, mehatxu edo inposaketa delakoaren ikuspegitik atera behar dugu. Esan nahi baita, euskara alderdikerietatik atera behar dugu eragile politiko bakoitzarekiko errespetuaren gainean eraikitako diskurtso partekatu baten bidez.

Hori dela eta, adostasun politiko eta soziala lortzea ezinbestekoa da euskarak biziberritzeko bidean aurrera egin dezan. Bada, euskararen sustapenaren beharra ikusirik, ezinbestekoa da eragile politikook konpromiso sendoa hartzea gure hizkuntza biziberrituz esparru guztietara iris dadin. Hori lortzeko, hartu beharreko konpromiso politikoek instituzio eta gizarte mailakoak beharko dute izan. Alde batetik, euskalgintzarekin elkarlan zuzen eta etengabea bermatzeko, eta bestetik, Espainia zein Frantziatik datozen ukazioei aurre egiteko. Hizkuntza bat ez baita deus ere erabiliko duen herririk ez badago.

 

Sinatzaileak:

Euzko Gaztedi EGI

Gazte Abertzaleak

Eraiki

Gazteok Ahal Dugu

Gazteok euskararekin bat

Gazteok euskararekin bat

25 pentsamendu “Gazteok euskararekin bat”-ri buruz

  • Elene Txarte 2016-12-03 18:43

    Bazen garaia norbait gai honen inguruan akordio bat iristekoa… Bejondeizuela!

    • Ez ein ametsik titularrekin, alde hoiek gauza bat diote, baina esfortzuak kontrakoan jartzen dituzte.

  • Elene Txarte 2016-12-03 18:47

    Baina eta Eraiki zein alderdi da? Kar kar…

  • EGIkoek zerbait zuzpertu behar badute… ojoalkrixto!! EGIN-en aurkako difamazioetan, esaterako, inor baino gogotsuago ibili ziren… eta Bingo!!
    Beraz, lasai!! no problemo!!

    • JAJAJAJA
      PODEMOS euskaren defentsan?? Entzun behar dianak gaur egun, astehenean Donostin Españolen hizkuntza eskubideak (hau da zapaltzailearenak eta desagertzeko arriskurik ez duen hizkuntzarenak) erreklamatzen, eta asteartean “gure ere euskara blabla bla”

      NO CUELA

  • Kurisoa,Hernanin San juanetako egitaraua euskaraz soilik argitaratu zuen udalak, Hernani euskaldun baten bila, erantzuna, PODEMOS ,PSOE eta PNV ren kexa españolez ere etzegoelako.Beraz betikoa, euskara KONKISTAREN aurretiko egoerara itzuli nahi dugun bakoitzean españolisten kexarekin topatzen gara, eta PODEMOS hauetako bat da.
    Podemos ekoak herri askotan gaztelaniaren defentsan ateratzen dira, SMITHSONIAN museoan, kulturen asteak egiten dituzte eta “euskal kulturarena” tokatzen zenean, PODEMOS ek gutuna kexatzen, hemengo gizartea ez omen da “euskal kultura soiik”, ondo erantzun zioten “ez da geografia konkretu bateko kulturen erakusketa” ” etnia edo kultura bakoitzarena” eta espaiñolak bere erakusketa propioa du.

    Podemosek ondo daki leku bakoitzean entzun nahi dena esaten,” bai bai zurearen alde gaude”, baina kontrakoa nahi dute.

  • Elene Txarte 2016-12-06 23:59

    Beti berdina esaten zabiltzate, Ternuazko monagillook. Herriko Arranon esaten dizkizueten kontsignak zabaltzen ibiltzeaz nazkatuko zarete egunen batean, ez? Gainerakook nazkatuak gaituzue behintzat. Adostasun politikoa oso onuragarria da euskarak aurrera egin dezan. Eta hori ikusi nahi ez izatea penagarria eta mingarria da.

  • Elene Txarte 2016-12-07 00:00

    Lotsagarria euskara ezker abertzalearena dela uste dutenen jarrera. Utikan

  • Zuhaitz Ordoki 2016-12-07 09:08

    Elene. Aurrena akordioa goraipatzen duzu, ondoren Eraikiri barre egin aurpegira, eta jarraian iseka egin Xabini kontraesanak azaleratzen dituelako (eta berak ezker abertzalekoa denik esan ez arren, zuk aprobetxatu erasoak nahi dituzun norabidean bideratzeko).
    Inork gutxik ukatuko du akordio politikoa onuragarria denik euskararentzat, noski baietz. Baina hein berean inork gutxik onartuko dizu egiazki euskararen aurka daukan jarrera, edo genero berdintasunaren aurka, edo langileen eskubide oinarrizkoenen kontra, edo…
    Askok itxurakeriaz jokatzen dute euskararekin. Hori hala da, eta bestela begiratu “txantxangorriaren manifestua” sinatzen dutenen zerrenda (PP, PSOE eta Diario Vasco, besteak beste):
    https://zuzeu.eus/euskara/frantzisko-xabierkoari-esker-onez/
    Zure anonimotasuna kaka botatzen jarraitzeko probestu nahi baduzu, segi, psikologoarena joatea baino merkeagoa da eta; horren ordez ganora apur batez eztabaidatu nahi baduzu, primeran.

  • Elene Txarte 2016-12-07 10:42

    Eskertzen dizut errespetua Zuhaitz. Eta aurrez, jakin ezazu, kaka barreiatzen ibiltzen naizela, soilik, besteok ere hala ibiltzen direnean. Zure gisako gutxi sareetan barna.

    Hori esanda, arrazoia ematen dizut hainbat puntutan, eta kendu beste zenbaitzutan. Egia da itxurakeria darabiltela askok Abenduaren 3ro, eta egun horrez gain gutxi erabiltzen direla euskararen alde jarduteko. Alabaina, esan beharra dut, bestelakoa dela, nire ustez, adierazpen bateratu honen errealitatea. Lau alderdi desberdineko gazteek hartzen dute parte (jakin dudanez Eraiki Aralarren gazte taldea da, irri-edo sekula santan aditu gabeko taldea zelako egin nuen). Lau horietako bi, EH Bildu-ren baitan kokatzen diren gazteak dira, beste bat EAJrenean, eta azkena Podemosenean. Duda izpirik ez genuke izan beharko, nire aburuz, EH Bildu eta EAJren sektore zenbaitek euskararen aldeko jardunean egindako lanaz. Izen handiak eskainiz bi-bietako jendeak. Podemos, bestalde, nahiko euskaltzaletzat joko nuke.

    Hala eta guztiz, bestela izango balitz ere, ez dut kritika ulertzen. Adierazpena irakurrita argi gelditzen da ez dela adierazpen soil batean geldituko, baizik eta etorkizunera begira ehuntzen joango den harreman baten mugarri. Hau da, iritsi beharko da egun bat ideologia guziak batuta euskararen arazoari aurre egingo den. Ezin dugu beti eskema manikeoetan erori. Euskaltzaletasunak historikoki bereak izan ez dituen eragileak behar ditu. Eta hauek baztertzea akats handi bat da, Zuhaitz.

  • Bat nator Zuhaitzekin. Testuari politikoki zuzentasuna eta euskararen eguneko agiriren usain sendoa dario. Norbanakoen ahaleginean egiten du indar eta ardurak orokortzera eta lausotzera jotzen du (euren alderdiek bezala).
    Euskarak adostasunak behar ditu, bai… ganorazkoak baina. Eduki eta norabide zehatzak planteatuko dituztenak, eta ez Zuhaitzek aipatu agirian antzera, euskaldunok azpiratu edota dokumentaletako protagonista bitxi gisa nahi gaituztenek sinatzeko modukoak.
    Pasarte batzuk bereziki esanguratsuak iruditu zaizkit. Adibidez:
    “Izan ere, hizkuntza aniztasunari eutsi nahi badiogu, euskara da nahitaez indartu behar dugun hizkuntza”. HPS-productions. Orain hizkuntza aniztasunari eustea omen da bogan dagoen helburua. Euskarari eutsi nahi izateak zer du ba txarretik?
    Gure gaineko erdaldunek españolari eta frantsesari eusten diete amorruz, eta ez “hizkuntza aniztasunari” prezisamente.
    .
    “Benetan aintzat hartzekoa dugu eragileok aurrera eramandako normalizazio prozesua, euskararen malda-behera zentzuz aldatzea lortu duena”
    Aurrera eramandako normalizazio prezesuaren eragiletzat dute euren burua, antza. Ez dakit zein bere erakundeaz ari den, ala normalizazio prozesu orokorraz diharduten. Batera zein bestera, ezpalak atera dakizkioke (handiusteko) esaldiari.
    .
    “Iparraldean eta Nafarroan, urtetako gabezia politiko eta instituzionalagatik, oraindik ere, euskara gutxiengo zapaldu batean bizi da”
    Eraso geniozidari esateko eufemismo polita asmatu dute gazteok: “gabezia”. Euren alderdiotan gora egingo dute, zalantzarik gabe. Hiztegi politikopartidista menperatzen dute.
    .
    “Ez baititzakegu ahaztu euskarak behin eta berriz bizi dituen zapalkuntza eta eraso egoerak, Madrildik zein Paristik datozenek ez diotelako euskararen ofizialtasunari biderik ireki nahi”…
    Madrildik, Paristik, eta berton egoitza duten hedabide vasconavarro nahiz basque jakinetatik, alderdi vasco-basque-navarro ezagunetatik, eta abar. Baita Podemosetik eta bere koaliziokide diren IUtik edota Equotik ere, uniformizazio nahia ezkutatzen duen “berdintasunaren” izenean eta disimulu handiarekin bada ere.
    .
    Erakunde gazteak izateko, oso “helduak” dirudite. Euren alderdi nagusien oso antzekoak, erran nahi baita.

    • “Izan ere, hizkuntza aniztasunari eutsi nahi badiogu, euskara da nahitaez indartu behar dugun hizkuntza”. HPS-productions. Orain hizkuntza aniztasunari eustea omen da bogan dagoen helburua. Euskarari eutsi nahi izateak zer du ba txarretik?

      Honi deitzen zaio “marketing”. Helburu bera hobeto saltzeko estalki polita jartzea. Inpotanteena ordea, euskara indartzea dela egin beharrekoa, hau da, erderen aldean hegemonia irabaztea.

      NIre aholkua JJ, ez begiratu horren beste estalkiari eta gehiago asmoari. Nago asmo hori saltzeko ahaleginetan dabiltzala partidu politiko asko, estrategi eraginkorrak aplikatu ahal izateko; eta ez gara konturatzen estrategi eraginkorrak aplikatzea dela asmoa saltzeko modurik eraginkorrena.

      • Gehiago iruditzen zait konplexu arazoa, marketing estrategia baino.
        Hizkuntza aniztasunaren defentsak, elebitasunarenak bezala, ibilbide motza dauka. UPPN-k eta PSN-k ere elebitasuna defendatzen dute Nafarroan, ingelesa-espainierarena hain zuzen.
        Euskara defendatzea dagokigu euskaldunoi, eta horrela hizkuntza aniztasunari ekarpena egitea, bidenabar. Baina nago “adostasunaren” aitzakian, “hizkuntza aniztasun” eredu bat baino gehiago dagoela jokoan. Eta nago, tamalez, abertzale batzuena espainiarren eredutik gertuago dagoela, euskaldunonetik baino.

        • Elene Txarte 2016-12-07 19:37

          Kasu honetan, ordea, hsts-ek dioen bezala, adierazpen bateratuak hizkuntza-aniztasunari baino euskara indartzeari eta euskararekiko diskriminazio positibo bat baliatzeari buruz hitz egiten du.

        • Konplexutik ere bai noski. Barnarazi diguten “edukazio ona”… Erdaldunak deseroso senti ez daitezen, dena elebitan. Soziolinguistika azterketa guztiek diotenean subsidiaritate printzipioa guztiz beharrezkoa dela. Baina soziolinguistika azterketak saltzeko zailak omen… Eta hori ere egin beharko dugu, ze konplexudun guztiak bazterrean utzita, ea ba nor geratzen den zutik.

  • Elene Txarte 2016-12-07 12:27

    Eta hi, JJ, nongoa haiz? Hatxeberotar gogor sutsua ala Sabino-garbizalekeriazale porrokatua? Zaharkitua duk hire diskurtsoa. Zaharkitua eta penagarria. Hik egin ezak euskararen alde hire txokozuloan garbizale horiekin guziekin. Alajaina, aditu behar ditiagunak!

    • Elene hori! Eguzkiaren argia bezain dirdiratsua dena, nonbait hor! Euskararen arazorik ez da, izatekotan, kolonoena dugu. Herri kolonizatua gara, Atxagak eta beste hainbetek hala diote. Ez dugu adostasunik behar, espainolek eta frantsesek behar ez duten neurri berean. Eskubideak behar ditugu, besterik ez. Bestela, hitanoa ez da ibiltzen harridurazko perpausetan, ezta galde perpausetan ere.

      • Elene Txarte 2016-12-08 10:05

        Eskerrik asko Nerau! Hitanoarekiko nituen zalantzak argitu dizkidazu! Mendeko perpausetan ere ez da erabiltzen, ezta?
        Zer duen kaleko hitanotik batuerara pasatzeak!

  • Elena, guapa. goitizenaren atzean balentria handiak esaten dituzue trollek.
    Zerbait ganorazko erantzun behar badun, idatzi. Hire egiazko izenaz ahal dela, baliente!

  • Zarauztarra 2016-12-07 14:02

    Ebrotik behera etorri zaizkigun ildo politiko GUZTIAK gure kontrakoak izan dira. Orain, Podemos bezala. Elene Troll.

  • Zuhaitz Ordoki 2016-12-08 09:31

    Ene ustez eztabaida honek arras mami dauka, apur gutxi batzuekin konformatzeko. Ez dakit zuei zer irudituko zaizuen, baina hemen PP-koak edu UPN-koak hedabideen aurrean euskaraz hitz egiten entzungo ditudan egunean (Laura Garridoz aparte) irribarre bat loratuko zait; ez Iturgaitz edo Basagoiti entzun nituenean bezalako irribarre malerusa, bestelakoa baizik. Baina hori seguraski ez da gertatuko, haiek gu bezain ondo baitakite gaur gaurkoz euskararen herria zabaltzea inplizituko, paraleloan eta neurri esanguratsuan Euskal Herria zabaldu eta egonkortzea dela. Eta “Espainiak” bere kolore gama barruko anistasuna du gustuko soilik.
    Akordioak akordio, manifestu eta hitz eta pitz, zalantza bat sortu zait: zergatik ez dago Ernai? Pisuzko arrazoirren bat izango dela pentsatzen dut, eta norbaitek baleki, azal dezala mesedez, interes handikoa baitzait.
    Unionista espainiarrek (eta abertzale zenbaitzuk) euskara denona dela barneratzen duten egunean, euskarak irabaziko du; baina hori ez dator bat Espainia den horren DNA-rekin, mundu ikuskerarekin.
    Ea agiri hau itxurakeri soila ez den eta alderdiek euskarari burutik behera txiza egiten dioten hurrengoan gazte hauek bertan dauden ustez babesten dutena mahai gainean jartzeko.

  • Elene Txarte 2016-12-08 10:12

    Ene aburuz, Zuhaitz, zure galderaren erroa da, hain zuzen, zu adierazpenaren aurka egoteko arrazoia. Zergatik ez dago Ernai? Galdera interesgarria, EH Bilduko gainerakoak daudenez gero…

  • Marco-Gardoquik gaur EL CORREOn (euskararen eguneko agiriaren sinatzaile fin hau ere):
    “Tiene sentido explicar y aprender en euskera física cuántica, biología molecular o marketing avanzado cuando la inmensa mayoría de la producción ciéntifica mundial se realiza en inglés y cuando es evidente q quien quiera dedicarse profesionalmente a ellas deberá expresarse perfectamente en inglés?”