Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa

Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa –

“Gazteek gero eta hiztegi murritzagoa darabilte”, “gazteen hizkerak gero eta mailegu gehiago ditu”, “gazteei adierazkortasun gabezia nabari zaie”, “laster erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan”. Askotan erabiltzen ditut horrelako baieztapenak irakasleentzat antolatutako ikastaroetan. Arbelean idatzi eta ikasleei ados dauden galdetzen diet; jakina, gehienek baietz. Ondoren, zera botatzen diet: lehenengoa Konfuziok bota zuen K.a. 510. urtean. Bigarrena, Aristotelesek K.a. 329an. Hirugarrena, Habermasek… Plagio kaskarra da egiten dudana, behin beste irakasle batek egin baitzigun guri, baina ez nituen ez esaldiak, ez autoreak apuntatu eta, hortaz, asmatu egiten ditut. Azken esaldia bai, azken hori Lazkao Txikik bota zuen. Txarrena da irakaslea nor izan zen ere ez dudala gogoratzen, eta ezin eskatu benetako aipuak.

Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa
Arg: Guguis

Ohikoa izan da beti gazteen edo belaunaldi berrien hizkerari kritika egitea, “garai batekoa” hobea zelakoan. Gure kasuan, gainera, gazteek ez ezik, pisu handia hartzen dute hizkuntzara heldu berri direnek ere, euskaldunon portzentaia handia baitira. Ondorioz, inoiz baino “euskaldun” gehiago dira beste hizkuntza batean trebeagoak. Horren arriskurik larriena, ordea, ez da euskara “kaskartzea”, euskarari uko egitea baizik.

Ohikoa izan da beti gazteen edo belaunaldi berrien hizkerari kritika egitea, “garai batekoa” hobea zelakoan

Hizkuntza ez erabiltzeko arrazoietako bat txarto egiteko beldurra izan daiteke. Gurea bezalako hizkuntza gutxituetako hiztunek eskapada erraza dute, inork gutxik kritikatzen baititu gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez trakets egiteagatik, eta hizkera aberasten eta egokitzen joateko baliabide ugari dituzte eskura. Izan ere, gaitasun komunikatiboa ez da soilik eskoletan eskuratzen, ezta euskaltegietan ere; bizitzaren esparru guztietan ikasten da, eta azken aldian batez ere pantailetan. Hizkuntza hegemonikoek era guztietako egoera komunikatiboak dauzkate grabatuta (benetakoak nahiz fikziozkoak) eta horrek etengabe hizkuntzarekiko kontaktu zuzenean egoteko aukera ematen die hiztunei, eta erregistro guztiak lantzeko ere bai. Erdarazko input kopuru ikaragarria jasotzen dugu guztiok, arnasguneetakoek zein estuguneetakoek eta, ondorioz, hiztun trebatuak gara erdaretan.

Horregatik, ezinbestekoak ditugu ikus-entzunezko materialak, kultur ekoizpen nahiz komunikabideetakoak edo errealak. Ondoren, ahozko eredu egoki eta ugari horiek fokuen aurrean jarri behar ditugu eta ondo sustatu, hizkuntza forma erakargarriak begi-belarrietatik sar daitezen. Hori guztia egin behar dugu, bai, baina batez ere, hizkerak kritikatzeko ohitura hori amaitu egin behar da. Ez da boli gorrien garaia, mese!

ARGIAn argitaratua

Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa

11 pentsamendu “Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa”-ri buruz

  • “ inportantea euskaraz mintzatzea da, nahiz gaizki ari”
    Eta? Bai, bai, hala da hori. Baina, baina, betiko baina, hori komunitate batek ez dezake inola ere bete, ezinezkoa baita. Euskaraz aski txukun ez badaki gizarteak, ezinezkoa izanen da euskaraz hizketan jartzea. Hor dago koxka. Zenbat eta nekezago ari orduan eta zailagoa izanen da euskaraz hizketan jartzea populu hori. Zuk proposatzen duzuna, Arkaitz, oximoron bat da

  • Beñat Castorene 2024-02-05 14:48

    Bai egia, baina beste zentzuan ere egia da. Zenbat eta gutiago ari, orduan eta zailago ongi hitz egitea.

  • Mikel Haranburu 2024-02-06 21:02

    Nire ustetan, gazteek gero eta hiztegi murritzagoa darabilte, baina ez soilik Euskaraz; arazoa psikologikoa da, informazioaren gizartean bizi eta informaziorako tresna kamusten ari. Eta hori ez da oso geniala!

  • Euskahaldun 2024-02-07 11:20

    “inork gutxik kritikatzen baititu gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez trakets egiteagatik”, ba justu kontrakoa esango nuke nik, gaztelera kalean ikasi zuen euskalduna izanda, zorroztasun handiagoa nabaritu dut erdaldunen aldetik gazteleraz egindako akatsekin, euskaldunen aldetik euskara ikasten ari diren aldetik baino. Hain gara eskuzabalak, egungo irakasle batzuen euskara maila negargarria gure umeei transmitetzearekin konforme gaudela gutariko asko, eta gero harritu egiten gara oraingo belaunaldien maila kaxkarraz. Haritz bat eguzki betean eta lur elkorrean, inguruko haritz zaharren inolako babes gabe gabe nekez hazi eta iraungo duen bezala, euskara nekez haziko da gune erdaldun elkor baten euskaldun zaharren babesik gabe.

  • Mikel Haranburu 2024-02-07 18:27

    Kritikatu ez dakit, baina Euskaraz egonik, edozein gauza esan daitekeela bai (“otxayan oyasko jaten ari dugu”, kasurako), baina, batez ere Ingelesaz, ahoskatzeann ahaleginak eta bi egiten dituela askok, hori ere bai, (“Txuamp” esatearren, eta ez “Tranp”, esateko).

  • Euskaraz ez egiteko arrazoia izan daiteke “gaizki egiteko beldurra”, baina, izatekotan, arrazoien artean oso oso azkenekoetan dagoela esango nuke.

    “Gaizki” egiten duenak gaizki egin ohi du besterik gabe euskaraz ez duelako normalean egiten (beste hainbat arrazoi sakonagoengatik). Beraz, beldurra sentitzeko aukera gutxi izango du, arrazoi nabarmenena hori izan dadin.

    Gaztelaniarekin gertatzen da gaur egun denok (adin jakin batetik behera behintzat) dakigula euskaraz ondo, denok dugula barneratua gramatika estandar bat, neurri onargarri batean. Eta hortik kanpoko hankasartzeak eginez, nabarmenago geratzen dela edonoren aurrean.

    Euskaraz gazteen artean ikusten dudana da euskaraz bai egiten omen duten askok euskara pobreagoa jasotzen eta erabiltzen dutela.

    Euskararekin eta euskaraz jolasean aritzeko xedea duen Mihiluzeko partaideak ikusi besterik ez duzue. Horra ez dira aurkezten bere euskararen beldurra dutenak, eta maiz(egi) ikusten da nahiko ohiko gauza eta kontzeptuak euskaraz izendatzeko ezintasuna gaztetxoetan. Horregatik jarri dut aurreko paragrafoan “omen” hori.

    Pobreziaren arrazoiak sakonagoak eta, tamalez, larriagoak dira.

  • *gaztelaniaz ondo
    (esan nahi nuen hirugarren paragrafoan)

  • Benat Castorene 2024-02-08 12:08

    Ez da beti argi beldurra “gaizki egitekoarena” den ala “kapable ez izaitekoarena”.
    Adibidez, inbasioagatik erdaltzen ari den herri honetan, jende zahar anitz ezagutzen dut gai sinpleetan mintzatzen direlarik ongi mintzatzen direnak baina gai konplikatuagoaetan laster erdarara pasatzen direnak, iduriz, ezbaitira kapable sentitzen erraiteko erran nahi dutena bururaino.
    Haien hizkuntza haurrean etxean ikasi dutenaren mailan egon da blokatua. Ordutik haien kultur orokorraren a maila igo da frantsesez) baina haien euskara maila ez du araberan segitu.
    Baina antzeko zerbait gerta dakieke gazteei ere bai.

  • Benat Castorene 2024-02-08 12:11

    “Ordutik haien kultur orokorraren maila igo da (frantsesez) baina haien euskara mailak ez du araberan segitu”.
    Iduriz, ni behintzat, hutsak egitearen beldurrak ez nau arrastatzen!

  • Mikel Haranburu 2024-02-08 13:19

    Nik ere uste dut arazoa sakonagoa dela; ez da gaizki egiteko beldurra (nork du gaur egun beldurrik edo lotsarik? karrikara edozein jantzi, mozorro eta arropa estrafalario, ileak floreszente tindaturik eta beste hamaika “irudikeriaz” ateratzen bada jendea…ez da modan dagoen gauza beldurra edo lotsa izatea…) baizik eta jarrera eskasa. Bestela, Benatek esaten duenaren ildotik, hiztunek beldurrik ez duten huraxe esateko ohitura lukete, agurretik hasi eta hizketa konplikatzeraino. Bitarte horretako hizketaldiak. Hortik aitzina, bale, erdaretara pasa… baina menperatzen duten mailaren barnean, Euskaraz. Ez da horrela egiten, ordea.
    Uste dut beldurra edo lotsa duenak, beste zerbaiti diola: jakiteari, ikasteari, trebatzeari, hizkuntzaren gaineko ardura hartzeari…

  • luz-ekin guztiz ados. 2024-02-08 15:19

    Edozein mordoilori deitzen diote euskara. Sasi-euskara da hori.
    Askotan diskurtsoaren erdia erdaraz egiten dute, ezintasunagatik edo euskaraz ondo egitearen beldurrez.
    Eta batzuetan hizkuntza eskubideak aldarrikatzen duten une berean gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude