Frantziara

Frantziara –

Beñat Muguruza Aseginolazak ARGIAn.


 

Uda honetan aurkeztu du Arnas Dezagun plataforma guraso talde batek. Batik bat eremu erdaldunetako jendea da, kezka batek batzen duena: umeak D eredura eraman, eta umeak etxeko hizkuntzaren arabera bereizten ez dituztenez, ume euskaldunak erdaratan diluitzen omen dira eskolan sartu bezain laster. Gainera, arraro senti daitezke gelan, desberdin, are baztertuta, eta gainerako umeekin komunikatzeko arazoak izan ditzakete. Eskatzen dute arnasgunearen ideia eskolan txertatu eta etxeko hizkuntza euskara dutenak elkarrekin jartzeko gela berean.

Frantziara

Ni alde. Badakit gai arantzatsua dela, baina apustu sendoak egiteko garaia bada, nonbaitetik hasi behar. Euskaraz bizi nahi duenari aukera hori eman. Baina kezkatzen nau, besteak beste, bereizketak lekarkeen bazterketak. Taldea osatzen dugunean nor uzten dugun kanpo. Plataformaren jarraitzaile batzuei sarean irakurri dizkiedanek ere ez naute sobera animatu. Agian interneteko hizkera erasokorra da, edo lau ero anonimo, batek daki. Baina momentuz, pixka bat sentitzen naiz “futbola gustatzen zait, inguruan duena ez” posizioan bezala. Bietan patetiko samar, bietan koldar; alde egonda baina altuegi esan gabe, badaezpada ere.

“Irunen eta Hondarribian bizi den ikasle andana joaten da egunero Hendaiara, Donibane Lohizunera, Urruñara. Seaskako ikastolak alde batera utzita”

Gaiari aurrez aurre heltzea eskertzen dut, edonola ere. Baina Gipuzkoako Bidasoan bada beste kontu bat. Ohiko EAEko eskolatze-aukeretatik kanpoko eredu bat ere baitago gurean, aski hedatua, eta gurasoari galdetuz gero, esaldi gurean ezagun batekin laburtuko dizu: “Los míos van a Francia” (“Nireak Frantziara doaz”). Izan ere, Irunen eta Hondarribian bizi den ikasle andana joaten da egunero Hendaiara, Donibane Lohizunera, Urruñara. Seaskako ikastolak alde batera utzita, gurasoek aukeran dituzte B eredu moduko bat eta eredu frantses elebakarra.

Zergatik? Bada, beste hizkuntza bat ikasten omen dute horrela. Oraindik ere glamour ukitua duela esango nuke, gainera. Daturik ez dugu, zoritxarrez; konstatazio bat bai, ordea: euskal soziolinguista baikorrenen amets hezea, hau da, EAEko gazteen artean euskararen ezagutza unibertsala, gure inguruan ez da epe laburrean gertatuko, ume euskaldunak maiz egingo baitu topo bertako ume erabat erdaldunekin.

Frantsesa dotore ikasten dute, baina ai!, beste zerbait ere bada atzean nahitaez, lapurtar olderik ez baita inoiz antzinako Irungo A eta B ereduetara ikastera etorri egunero autobusean ordu eta piko eginda, espainiera den hizkuntza erraldoia menderatzeko.

Fenomeno horren atzean benetan zer arrazoi dauden gustura jakingo nuke; zeren bila doazen, edo zerengandik ihesi.

Frantziara Frantziara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

10 pentsamendu “Frantziara”-ri buruz

  • Gertutik jarraitzen dut Arnas dezagun taldearen jarduna. Azken urteotako ekimenik interesgarrienetakoa iruditzen zait. Oso beharrezkoa eta ausarta. Beñatek, ekimenaren “alde dagoela” dio, apustu sendoak egiteko eta nonbaitetik hasteko garaia dela BAINA kezka-zerrenda luze samarra osatzen du jarraian, eta ekimena bai “baina inguruan dabiltzanak” ez zaizkiola gustatzen iradokitzen du.

  • Iruditzen zait artikuluan ondo islatzen dela euskaltzale askoren egungo jarrera. Oinarri-oinarrizko eskaerarik bidezkoenak egiteko ere, beldurrez eta zalantzati.
    Arnas dezagun ekimenak EZ du inor baztertzea eskatzen, baina euskaldunon seme-alabak baztertuak ez daitezela izan exijitzen du (eta EAEko D ereduaz ari gara, ez Tuterako G ereduaz).
    Egun, ikastetxe askotan, haur euskaldunak ¨(euskal hiztunak) sakabanatu egiten dituzte. Horrela jokatuta, haurrok ezin diote euren artean euskaraz jarduteko ohiturari eutsi, eta hilabete gutxitan erdaldundu egiten dira zeharo. Ez hori bakarrik. Haur horietako asko euskaldun elebakar joan ziren eskolara, ikastrolara… Eta han, egun batetik bestera, erdara menperatu gabe ere, beste haurrekin erdaraz jardutera behartuta ikusten dute euren burua, D ereduan bertan, horrek eragiten dien (eta sekula aipatzen ez den, hain gara akonplexatuak) sofrikarioa lagun, eta autoestimuan kalte latza, besteak beste (ez da gozoa kolpetik ikastea, zeure gurasoek eman dizuten eta menperatzen duzun hizkuntza bakarrak, soilik irakaslearekin berba egiteko balio duela…)

  • Haur euskaldunak (euskal hiztunak, zalantzak uxatzeko) errumaniarrak, portugaldarrak, marokoarrak, senegaldarrak, bulgariarrak…. eta zer esanik ez espainiarrakl eta hego-amerikarrak (horietako asko han ere zapalduak jatorrizko hizkuntzen hiztun gisa), horiek guztiak D EREDUKO IKASTETXEETAN ESPAÑOLEZ jarduteari “integrazio” esaten diote, ez soilik españolistek, baita euskaltzale askok ere (!).
    Aldiz, planteatzen denean integrazioa EUSKARAZ egin behar dela, orduantze gure konplexu, beldur eta dar-dar guztiak agertzen dira, eta hasten dira akusazio funsgabeak baina kaltegarriak oso, ustezko segregazioaz, bazterketaz eta abar.
    Ez gara gauza ikusteko, gure begien aurrean, geure ikastetxeetan eta etxeetan bertan gertatzen ari den euskaldunon bazterketa, asimilazioa, akulturazioa edota DESintegrazioa bera ere.
    Azken batean, Espainiak eta Frantziak erosarazi dizkiguten betaurrekoez ikusten baitugu errealitatea batetik, eta ugazabak molestatzeko beldur garelako, bestetik.

  • Semenogorri 2021-09-13 13:41

    Egoera bidegabe bat zuzentzeak neurriak eskatzen ditu. Hego Afrikan sekulako bazterkeria gertatzen zen jatorrizko biztanleriaren kontra. Gutxiengo biztanleria hegemonikoak, Europa mendebalean jatorrian zeukatenen ondorengoak, hamarkada askotan agintzen zuelako. Behin hango bazterkeria amaitu arren, hango gizarteko arlo askotan oraindino horrek dirau. Baina, diskriminazio positiboa erabili dute gauzak berdintze aldera.
    Zer esanik ez, genero berdintasunaren harira, bizi garen honetan! Kontua da gaur egun euskaldunekin gauza bera gertatzen dela.
    Umea eskolara edo ikastolara lehenengo egunetik hasita joaten hasten denean , izoztuta geratzen da, batez ere, etxetik edo bere euskal girotik atera denean, hau da, bera gutxiengoa da, euskaraz baino ez dakiena. Konfiantzarik ez du , dena arrotz izaten zaio, beldurra, uzkurtasuna agerian. Jende askok egoera honek ez du ulertu nahi, mundu guztiak, antza, ederto gazteleraz jakin behar duelakoan eta gazteleraz ere bizi delakoan. Baina, zorionez, euren moduko asko ere egon bagaude, euskaraz bizi garenok. Besteek beste eskubiderekin. Gaur egun euskaldun batzuen epelkeria trenera begiratzea bezalakoa da, behien antzera. Ume euskaldunak hor daude, babesik gabe. Beti denon arteko aniztasunaren aberastasuna hizpide baino, esan beharko litzateke erdal aniztasunaren ikuspegitik dagoela gaur egungo hezkuntza sistema bera bideratuta, gazteleraz integratzeko/barneratzeko gune. Euskal aniztatasunetik ez dator, zeinetan euskara ardatza izango litzatekeen. Ez da ahaztu behar lehenengo hizkuntz ohiturak txikitatik sortzen direla. Ahulgunea ume euskaldunengan dago. Iparorratza eta eredua eurak balira, euskara irabazle. Gaur egun “bai, baina, ez” horrek ez du balio euskararen sorterrian, berdintasun-harreman baldintzak berdinak ez dira-eta!
    Garaiz gaude hau zuzentzeko, hizkuntz komunitateak sortuz eta indartuz.

  • Gure Euskal Herri honetan erabat hegemonikoa den diskurtso progre ezkertiar globalistak irentsiko du euskara, ez daukat zalantzarik ekimen hau babesten ez dutenek euren barnean arrazista, etnizista eta segregazionista deituak izateko beldurra daukatela.

  • Kezkagarria da euskaldun askoren jokabidea euskararekiko, euskaldunekiko… Euskarazko edozein ekimen oso zorrotz epaitzen da, bereak dituenak eta EZ dituenak egotziz, kasu honetan bezala.
    Euskaldun askok, eta euskaltzale askok, errugabetasun presuntzioa gabe, erruduntasun presuntzioa aplikatzen die aldez aurretik eta ezagutu gabe, beste euskaltzale batzuen ekimenei.
    Txupiguayismo ustez progreak oso gogor jo du gure artean.
    Zorte on, Arnas Dezagun ekimenekoei. Beharko dute.

  • Tarrapataka irkurri dut artikulua baina ez diot ulertu Beñati. Bai ados dago, baina plazara beste kontu bat ekarri du Arnas Dezagun taldeaten ekimena estaltzeko eta lurperatzeko bezala. Ikusia dago hemen euskaldun bai, baina euskaraz aritzeko deretxorik gabe. Nire bilobek euskaraz aritzeko derotxorik badute de iure baldin bada ere? De facto badakit ez dutela… ezta ezta ikastolan ere!!!!

  • Heldu gara une batera non D ereduan haur euskaldunak erdaldundu ez ditzaten eskatzea susmagarri bilakatu den, ez erdaltzaleentzat soilik, baizik eta hainbat euskaltzalerentzat ere bai. Maldan behera goaz, gainbehera geldiarazteko itxurarik batere gabe. Latza bezain lotsagarria.

  • Jone: euskaraz ikastea ongi, euskaraz ari nahi izatea susmagarri bihutu zaigu. Eta ez nonahi, ikastoletan baizik; eta eusksl komunikabide zenbaitetan ere bai. Azken hau niri tokatu zait

  • Zein koldar bihurtu zaizkigu euskaldunak hain denbora laburrean…
    Eta hala ere, zein autoestimu handia dioten beraien buruari…
    Azterketa sikologiko edo sikiatriko askorako emango luke horren azterketa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude