Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts

Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts –

Abantzu bost urte badira erretretan sartu nintzela, eta jadanik irakaskuntza kontuak aski ahantziak, edota alboratuak, ditut. Baina lehengoan, txiripaz, Murtuts eta bertze liburua eskuetara etorri zitzaidan eta horrek hainbat oroitzapen ekarri zizkidan burura. Irakasle gisa egin nituen azken hamabost urteak Irungo Txingudi ikastolan eman nituen, eta hainbat urtetan, euskarako irakasleok gure ikasleak Donazaharreko Salha jauregira eraman izan genituen. Hango ederra! Hango oihanak! Hango jende onak! Inguruetan bazen lantoki edo tailer mekaniko bat, urte oroz gure harridura sortarazten zuena, baina ez erabilitako teknikengatik edota eraikinaren itxura bereziagatik, haren izenagatik baizik. Mutrustegi izena baitzuen, guretzat arras ezezaguna zen izena.

Urtero gauza bera galdetzen genion elkarri: Zein da Mutrustegi hitzaren erranahia? Zein izen dago hor barruan? Joan ginen azkeneko urteetako batean Markox Balentziaga irakasle bergararrak afera argitu zigun: Itxura horretako abizenek pertsona izen bat atxikitzen dute barruan. Demagun, Satrustegi Saturren tokia da, Petritegi Petriren tokia, eta Mutrustegi Murtutsen tokia.

Eta zer izen da Murtuts? -galde egin genion denok harriturik, eta Markoxek erantzun: Fruktuoso, Furtuts edo Murtuts sainduaren izena. Itsasuko elizaren izena Jondoni Murtuts da, berari eskainia baita eta berak ekartzen baititu urte oroz gerezi ederrak eta ugariak Itsasu herrira.

Horrela ezagutu nuen Murtuts izena, eta gerora, berriz euskal literatura aztertzean, Piarres Lafittek 1945ean plazaratu zuen Murtuts eta bertze izeneko eleberriaren berri ukan nuen.  Ikus dezagun jarraian.

1.- Piarres Lafitteri buruzko hainbat zehazkizun

Piarres Lafitte Ithurralde  Lapurdiko Luhuso herrian sortu zen 1901. urtean. Zazpi urte zituela umezurtz geratu eta Zuberoa aldeko ahaideekin hezi zen. Beloken eta Baionan ikasketak egin ondoren, aipatu azken hirian apaiztu zen. Uztaritzeko Seminarioan irakasle zela lortu zuen Okzitaniako Tolosan hasitako lizentziatura.

Gazte-gaztetik euskaltzale sutsua agertu zen. Euzkadi aldizkari jeltzalean maiz idazten zuen Saint Pierre apezpikuak abertzaletasuna piztu zuen Lafitterengan. Geroxeago, 1932an, Eugène Goihenetxeren eskutik Aitzol ezagutu zuen. Orduz geroztik, Hegoaldeko politikagintza hitzez eta ekintzez jarraitu zuen, beti EAJko ideietatik hurbil. 1933. urtean, Euskal Herriaren alde programa politikoa idatzi zuen. 1936ko gerra piztu zelarik, Hegoaldetik Iparraldera ihesean etorritako abertzaleei fermuki laguntzen aritu zen. II. Mundu Gerran mobilizatua izan zen eta berehalaxe erresistentzian buru-belarri sartu.

Euskararen eta euskal kulturaren aldeko militante gartsua eta nekaezina izanki, Ipar Euskal Herriko aldizkari eta agerkari ia guztietan idatzi zuen. Berak jarri zuen martxan, Mixel Labegerie, Piarres Lartzabal, Legasse anaiak eta Xarritonekin batera, 1934tik 1937ra plazaratu zen Aintzinahilabetekaria. 1944an, Eskualduna izeneko aldizkari ospetsua desagertu zelarik, Herria aldizkari berriaren sortzaile eta zuzendaria izan zen. Egun, aldizkari hau Ipar Euskal Herrian zabalkunderik handien duen kazeta da. Aldizkari honetan  elizarekiko harremana mantendu bazuen ere, haize berriak ekarri zituen euskalgintzara. Urte zonbait berantago,  Monzon eta Sotaren laguntzaz Gure Herria kultur aldizkaria abian jarri zuen.  Bere obra nagusitzat hartzen den “Grammaire basque”oinarrizko gramatika-liburua garai haietan kaleratu zuen.

1952az geroztik euskaltzain osoa izendatu zuten. Idazle oparo moduan, gramatika eta hiztegigintzaz gain, antzerkia, olerkia, ipuina, biografia eta saiakera landu zituen. 1982an Euskal Herriko Unibertsitateko honoris causa izendatu zuten. 1985an Ipar Euskal Herriko Atlas Linguistikoa egiten ari zela hil zen Baiona hirian. Urte berean omenaldi beroa egin zioten eta horren karira, bere biografia eta lanak biltzen dituen liburu ederra plazaratu zuten azken agur gisa. Liburu hau ezinbestekoa da Piarres Lafitteren ibilbide pertsonala zein literarioa ongi ulertzeko.

Liburu ainitz plazaratu zuen eta genero ezberdinetakoak: antzezlanak, bertsoak, ipuinak, saiakerak, ikerketa lanak, olerkiak, narrazioak… eta horien guztien artean, 1945ean, Aintzina argitaletxearen bitartez, argitaratu zuen Murtuts eta bertze (arto xuritzeko zonbait ixtorio zahar) izeneko liburua. Bertan, Murtuts izeneko eleberri laburraz gain, badira beste bospasei kontakizun.

 

2.- Itsasu herriari buruzko zehazkizun zenbait

Itsasu herria Lapurdiko udalerria da eta gaur 2.200 biztanle inguru ditu. Iparraldean Kanbo eta Larresororekin egiten du muga, mendebaldean Ezpeleta eta Ainhoarekin, ekialdean Luhuso eta Bidarrairekin, eta hegoaldean Baztango hainbat herrirekin. Itsasuz gain honako auzoak ditu: Zubeleta, Zuheleta, Errobisala eta Plaza. Artzamendi (931 m) Lapurdiko mendirik garaiena, udalerri honetan kokaturik dago, baita Mehatxe eta Mondarrain mendiak ere. Errobi ibaia bertatik pasatzen da, eta gerezi ekoizpena izan da luzaz Itsasuk izan duen produkziorik ezagunena.

Itsasu herriaren izena ez dator itsasotik, baizik eta, Gipuzkoako Ezkio-Itsaso eta Itsasondo, Nafarroa Garaiko Basaburuko Itsaso, Nafarroa Behereko Jatsu eta Lapurdiko Jatsu herriak bezala, isats zuhaixkatik. Hainbat deituretan ere belar hori agertzen zaigu: Isasa, Isasti, Isasmendi… eta abar.

Herri zaharra dugu, zalantzarik gabe, haren historiaz zehazkizun handirik ez dugun arren.  Erdi Aroko zenbait dokumentutan Lesaka izenaz deitzen dute gaur Itsasu deitzen duguna. 1794. urtean, Frantziako Konbentzioko soldaduek itsasuiar gehienak Landetara erbesteratu zituzten, saratarrekin eta azkaindarrekin batera, Hegoaldekoen adiskideak zirelakoan. 1963an, Iparraldean egin zen lehen Aberri Egunaren kari,  Itsasuko Agiria izeneko aldarrikapen abertzalea izenpetu zen bertan. Ordutik bada harri bat hori oroitzen diguna. XVII. mendeko eliza ederra du, hilarriz beterik den hilerriaz inguraturik. San Fruktuoso edo Jondoni Murtutsi eskainia da.

Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts

 

3.- Murtuts istorioaren nondik norakoak

Kasualitateak eta koronabirus izurriak ekarri didate aurten aipatu liburua eskuetara. Aspaldian nuen erosia irakurtzeko asmotan, baina etxeko liburutegiko apal batean, beste liburuen artean eta hautsak harturik zegoen, nire burutik arrunt ahantzia.  Irakurtzeko zerbait bilatzen ari nintzela, topa egin nuen Lafitteren liburua eta berehala irakurtzeari ekin nion. Hau ustekabea! Ez nuen horrelako irakurketa atsegin eta umoretsua inolaz ere espero. Hasiera-hasieratik gatibatu ninduen eta amaitu arte irakurri nuen den-dena, pausa handirik egin gabe.

Hara! A zer umorea! Eta a zer nolako kritika euskal gizarte zaharrari!

Ez du urterik aipatzen, baina XVI-XVII. mendeetan koka daitekeela iruditzen zait niri. Istorioa Lapurdiko Itsasu herrian gertatzen da, eta Zanpagarai erretora dugu pertsonaia nagusia. Lafittek kontatzen duenez, garai zaharretan mareek itsasoko arrainak eramaten omen zituzten Itsasura, orain baino bide zabalagoa eta sakonagoa zuen Errobi ibaitik barna, eta itsasuiarrek hori ederki baliatzen omen zuten arrain ederrak arrantzatzeko eta saltzeko. Sos-iturri handia omen zen itsasuiarrentzat. Baina, halako batean, eurite handiek luiziak sortarazi zituzten eta hauek Errobi ibaiaren urbidea ederki txipitu zuten. Orduz geroztik ez zen itsasoko arrainik Itsasura sartu.

Itsasuiarrak ederki zapuztuta gelditu omen ziren, eta orduan erretorari bururatu zitzaion eliza eta Itsasuko lurretan ernaltzen ziren fruituak, gereziak batez ere, Fruktuoso izeneko saindu bati eskaintzea (Murtuts euskaraz erraiten dena), itsasuiarrek beste sos-bide egoki bat ukan zezaten. Horretarako erretorak elizako bazter batean, hauts artean lo zegoen estatua zahar bat atera eta Jondoni Murtutsena zela erran zuen. Aldare ondoan ezarri zuen eta horrela aurkeztu zien Itsasuko biztanleei. Haatik, asmakizun hau ez zen interesik gabea izan, ez, Itsasuko laborariek herrian sortzen ziren fruitu guztien kopuru jakin bat, Jondoni Murtutsi eskaini behar baitzioten, horiek janez, saindua Itsasun pozik bizi zedin, bertako herritarrei oparotasuna ekarriz. Eta horrela egin zuten luzaz. Negozio ederra zela dirudi, eta fruitu horien salmentak ekartzen zituen sosak erretoraren eta herriko etxekoen xarpetara pasatzen ziren.

Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts
Jondoni Murtuts eliza

Baina gezurrak bide laburra duela erraiten dugu euskaldunok, eta horrela gertatu omen zen Itsasun. Herrian ba omen zen fraide kaputxino nafar bat, erretorarekin gaizki konpontzen zena, eta behin, aldarean zegoela, herritar guztien aitzinean, Jainkoari eskerrak ozenki eman beharrean, erretoraren asmakizun eta ebaztea gogor salatu zituen. Erretora eta auzapeza oldartu zitzaizkion, goiko galerietatik herri kontseiluko norbaitek kadira bat jaurti zion burura, eta ostikada eta ukabilkaden artean elizatik eta herritik igorri zuten betiko.

Hala eta guztiz ere, fraide kaputxinoaren hitzek nolabaiteko mesfidantza sortu zuten herritarrengan, eta orduz geroztik, laborariek ez zioten Jondoni Murtutsi lehen bezainbeste fruitu eta barazki eskaintzen. Negozioa behera zihoakiela ikusirik, erretorak beste trikimailu bat asmatu zuen. Larunbat gau batez sainduaren estatua hartu eta urruneko pentze batera eraman zuen. Igandeko mezara joatean, itsasuiarrek sainduaren hutsunea sumatu eta Zanpagarai erretorak aldaretik, haien zuhurkeriari egotzi zion sainduaren alde egitea. Gose baitzegoen, gaixoa! Eta horregatik beste herri batera abiatua omen zen. Itsasuiarrak bideetara atera ziren bila, eta azkenean, urruneko pentze batean aurkitu zuten. Herrira eraman, aldarean ezarri, eta orduz geroztik, lehen baino fruitu eta barazki eskaintza handiagoak egin zizkioten, erretoraren eta auzapezaren bozkariorako.

Baina hor ez da istorioa bukatzen, ainitzez luzeagoa baita. Hortik aitzina istorioa korapilatuko da, eta erretoraren diruzalekeria eta laborarien ezjakintasuna are eta nabarmenago geldituko dira. Jaun erretora diruzale eta aprobetxategi galanta zen, laborarien ezjakintasunaz ederki baliatzen zena, eta ber neurrikoak, herriko auzapeza eta kontseilariak.

Hau dena kontatzeko, Piarres Lafittek herriaren euskara erabiltzen du, biziki aberatsa dena, eta umorez zipriztindua. Harrigarria da apez batek horrelako kritikak egitea, eta hainbat apezen diruzalekeria eta faltsukeria horrela salatzea. Adore handiz jokatu zuela erran daiteke. Beharbada,  horregatik izenpetu zuen P. Ithurralde izenaz, hau da, bere bigarren deituraz, nolabaiteko anonimatua atxiki nahian. Modu batean edo bestean, eskertzekoa da liburu honekin egindako kritika saio garbia.

Eleberri hau dugu euskaraz egin den lehenetako bat, ez da sobera luzea, baina bai ederra, ongi kontatua eta umore handikoa. Argitalpen berri bat merezi duelakoan nago, eta biziki egokia ikusten dut antzezlan moduan  moldatzeko eta jokatzeko. Lafitte berak tituluan arto xuriketan kontatzeko istorioa dela dio. Arrakasta handia atzemanen lukeela uste dut.

Badira Iparraldean hainbat antzerki-talde, urtero-urtero, lan berriak jokatzen ibiltzen direnak. Ea horietako baten bat animatzen den Murtutsen istorioa berridazten eta  jokatzen.  Herriaren pozgarria litzateke.

Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts   Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts  Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts  Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts  Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts  Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts  Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts  Piarres Lafitte, Itsasu eta Murtuts 

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude