Ezin gehiago hustu
Berri onak nahiago, txarrak baino. Alabaina, lanaren emaitzaren fruituak ikusi nahi izaten ditugu. Naturala da.
Anitzek indar handia egin dute euskara bizirik egoteko, euskara garatzeko. Ikastoletan, gau eskoletan eta euskarazko komunikabideetan ari direnen lana baitezpadakoa izan da euskarak ez zezan erreka jo.
Haien lanari esker ez balitz, inkesta soziolinguistikoaren emaitzak anitzez ilunagoak ziratekeen.
Erakundeetako ordezkariek muturra behar dute, haatik, espantuka aritzeko!
Odol-hustea gelditu dutela! Nola ez zen bada geldituko? Anitzez odol gehiago ez zegoen galtzeko!
“Elebidunak” deitzen direnak %20,5 ziren 2016an. Hogei urte lehenago %26,4 ziren. Odola isuri da oraino ere. Erdaldun elebakarrak %70,1 ziren iaz; duela hogei urte %64,3 ziren. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, lehen bi heren euskaldunak ziren lekuan, orain ez dira erdira heltzen.
Euskararen erabilera %46koa zen duela hogei urte, barnealdeko bi probintzia horietan. Azken inkestaren arabera, erabilera %28koa da. Lapurdin %16tik %9ra apaldu da erabilera.
Estatistiketan sartzen dira, ordea,
euskara jakinik ere,
bizia euskaraz egiteko
gaitasun mugatua duten pertsonak.
Beren burua elebidun gisa
aurkeztu dutenen %41,5ek diote
frantsesez aiseago ari direla
euskaraz baino.
Euskararen aldeko jarrera %35,3koa da orain; %42,3koa zen duela hogei urte.
Aurkako jarrera aldiz, %12,7tik %17,1era igan da.
A bai? Odol-hustea gelditu da?
Egia da gazteen artean igo dela elebidun kopurua. Gaur egun, %18,9 dira 16-24 bitarteko adin tartean (%11,3 ziren 1996an). Hori da arrazoi bakarra odol-hustea gelditu dela errateko. Datu hori da denek azpimarratu nahi izan dutena. Hori erran beharko dute justifikatzeko gela elebidunen sortzea, euskararen ofizialtasunik eman gabe hizkuntza politika (zer politika?) kudeatzen duten egiturak sortzea… Hara!
Hori balitz bezala gure salbamendua…
Estatistiketan sartzen dira, ordea, euskara jakinik ere, bizia euskaraz egiteko gaitasun mugatua duten pertsonak. Beren burua elebidun gisa aurkeztu dutenen %41,5ek diote frantsesez aiseago ari direla euskaraz baino. Kopuru hori ia 8 puntuz hazi da hogei urtez.
Gazte franko pasatzen ari da eskola elebidunetatik, eta horrek balio du estatistikak hobetzeko. Haatik, gehienak ez dira ateratzen behar den mailarekin, euskaraz aise komunikatu ahal izateko. Komunitateak ez badu euskara maila aski ona, hizkuntza baliabiderik ez dauka, eta horrela, euskara bera kamustuko da. Gazte horietatik gehienek euskara – izatekotan – eskolan erabiltzen dute. Behin kolegioko edo lizeoko ikasketak bukatu ondoan, ez dute euskarazko bizitzarik ukanen: ikasketak egitera Frantziara joanen dira, eta Lapurdin geldituta ere, dena frantsesez izanen dute; lan mundua frantsesez izanen dute, aisialdia ere bai; euskarak ez du balio ofizialik.
Euskarak non izanen du garatzeko bidea? Euskara ofiziala izatea bera ere ez da garantia bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gazte gehienek ikasi dute euskara, baina ez da erosoen erabiltzen dutena. Erabilera eta euskaltzaletasuna krisian daude. Zer espero daiteke, beraz, Lapurdin, halako kopuru apaletan gabiltzanean? Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera ezin penagarriagoa da, euskara, bere babesgunean ari baita gibelka, ezinago laster.
Beraz, beldurtzekoa da inkesta soziolinguistiko honen zenbakiek errealitatea ez ote duten distortsionatzen. Balio baldin badute azken hogei urteetan hartu den bidea ona dela eta fruituak dakartzala azpimarratzeko, bide arriskutsua hartzen dugu. Neurri horiek huskeriatzat jo ziren bere garaian; ez dute balio hizkuntza bat salbatzeko.
Gaur egun, oraino, Frantziak segitzen du euskara hiltzen. Denbora faktore inportante bat da…
Eneko,
Gordinki erranik: bortz axola zauku euskara euskaldunoi.
Barneratua dugu deus ere ez garela Frantzia demokratikoan.
Eta oso eroso bizi gara bertan.
Lauburua, ikurrindun matrikula, pilota partida eta paisaia menditsua bertzerik ez dugu behar zinezko euskaldun sentitzeko.
Eta norabide bertsuan doaz Hegoaldean ere.
Bai, hala da, norabide berean amildegira Hegoaldean ere.
Haste hastetik diagnostiko egiazkoa bear dugu, baina gezurretan goxo-goxo bizi nahiago. Hor da gakoa.
Ados.
Kontua da etengabe beste mezu bat ari zaigula belarriratzen: ONDO GAUDE. Inon baino hobeto.Ekonomian apartekoak, Langabezian gutxien, Subirautzan Kataluniarrak gure inbiditan,Zerbitzu sozialetan Europaren abanguardian,Osasungintzan (espaniar aberats baten limosnapean) puntaren puntan, Hezkuntzan txapeldunak, Hizkuntza gutxituen berreskurapenean guztien eredu, Kristonak gara,…Beraz zertarako aldatu ezer ondo bagaude? Zertarako alternantziarik gobernuetan?Egonkortasunaren mantra eta segi aurrera (edo atzera).
Okerrena zera: Abertzaletasunaren diskurtsoaren oinarrian (abertzaletasun guztietan) aldarrikapenerako joera berezkoa dagoen bezela, badela supremaziaren zera hori, alegia aukeratutako Herriaren sentimentu hori. Ebitaezina da gainera, berezkoa. Hegoaldeko agintari sekularrek lotsagabe darabilte hainbeste urtetan euren iraunkortasuna bermatzeko. Horra abertzale eraldatzaileon erronka ez txikia.
Bueno, beraz alderdi abertzaleei abisu serio bat emateko garaia heldu da hala? Gauzak ongi eta xalo esanez ez dira gauzak aldatuko, beraz ken diezaiegun botoa ea espabilatzen diren behingoz. Beren botere kuota mantentzen dutem bitartean bertan goxo egingo dute eta. Gainerakoan jarrai dezagun euskalgintzan lanean, daukagun apurra ez galtzeko lana franko egin beharko dugu eta
Mikelats, seguru ez dudala behar zen modura azaldu. Zalantzarik ez euskalgintzari bultzada berria eman behar diogula gizarte zibiletik. Horrela mugituko baita gero mundu pollitikoa (Katalubiakoa adibide ezinhobea da). Baina ni beste arlo zehatz batetaz ari nintzen, alegia botereaen erabateko monopolioak, inongo lehiakiderik gabe, berez dakar erosokerira jotzeko joera. Ez dut inongo arriskurik nagoen eremu-erosoa galtzeko eta beraz zertarako arriskatu? Zertarako egitasmo berriak aukeztu? Zertarako hartu nekerik adibidez Espainiari aurre egiteko? Zertan hasi herria dinamizatzen autodeterminazioaren alde (Gipuzkoan errauskailuaren alde egin zuten bezelatsu adibidez?) Zertan hasi behar naiz herrian euskeraz soilik bizitzeko aukera emango luketen eskualdeak martxan jartzen? Zertarako burua nekatu eta LAN egin?. Esaera bat bada: “Gorpoutza alferra da”, esan nahi baita eta edonori gertatzen zaigu, akuilua behar dugula askotan, deserosotasun puntu hori, mugitzeko, espabilatzeko (zuk diozun modura). Baina gurean alderdi hegemonikoa dugu. 40 urtean erosotasunean dagoena istalatuta Estatuaren oneritziarekin. Uste dut egoera alda daitekeenaren zantzu txiki batzuk badirela baina oraindik urruti gaude adibidez Kataluniako (berriro) lderdien arkitekturatik (Zergatik ari da bertako eskuin abertzalea mugitzen? Bestela bozka Esquerrara joango zaiolako, zeintzuak era berean CUPen zaintzapean dauden). Horregatik, ez dut uste alderdi eta politikari abertzale guztiak berdinak direnik eta zigorra agian denek mereziko dute baina igual bakoitzak modu desberdinan. Izan ere, hegemoniko den horrek nazkaraino ustiatzen du abertzaletasun(keria)ren GU ONENAK. Euskaldunak Indartsuenak, euskera hizkuntza zaharrena, EH jan inon baino hobeto, Kiroletan abilenak,Politikari zintzoenak, Euzkadi oasia, eta abar etabar….Hori gaitz hadia dala deritzot. Paralizatu egiten gaitu. Aldaketekiko uzkurtu. Anestesiatu.
Irtenbidea alternantzia litzateke. Gutxienez bi alderdiren arteako lehia sanoa.
Politika instituzionalaren egoerarekin ados nago zurekin, baina ni irtenbidea beste bat delakoan nago. EAJk euskara eta euskal den guztiaren hustiapena hauteskundeetan egin ondoren, boterean egonda egin dezakeenaren aldean ezer gutxi egiten duela eta ez saiatu ezker abertzalea zuritzen.
EAJren aldean gehixeago egin duela bai (bere egiturak euskaldundu ditu eta barne komunikazioa euskaraz da), baina hor ditugu EA nagusi den bailara batzuk, oraindik orain erdaldun elebakarrak lasai ederrean bizi daitezkeenak eta belaunaldi berrietako haurrak herriko plazan erdaraz ari direnak. Praktikan gauzak gutxi aldatu dira norbanakoen borondate hutsez ez bada, familiaren transmisioan, hikaren erabileran, kultur eskaintzan… utzikeria nagusi alde guztietan. Hori gutxi balitz EA barneko azkenaldiko joera batzuk agertu dira esanez euskara ez ote den oztopo prozesu independentista baterako etabar. Noraino iritsi den ahultasun ideologikoa, euskaldunok subjektu beharrean beren “iraultza”rako kaltea izango bagina bezala.
Inperialismoaren instituzioetako alternantzia politikoa ez da arazoa, herri honen ahultasun politiko, ideologiko eta espirituala baizik.
Komunitate trinko, gogor eta indartsu bat izanda gure biziraupenerako bidea argi edukiko bagenu ez nuke oraina mesfidantzaz ikusiko, jakingo bainuke estatu zapaltzaileak diren eta indartsuagoak izanda ere gure herriak biziraungo zukeela. Baina arazoa etsaiak indartsu egoteaz gain gu sakabanatuak, antolatu gabeak eta ideia garbirik gabe gaudela da. Gure burua indartzetik hasi beharko genuke, euskaltzaleok/abertzaleok etorriko diren hamarkada gogorretarako prestatu behar dugu.
Mikelats, hori arrazoia!! Antolatu egin behar gara, elkartu… Galduak gaude alderdi politiko hauekin…
Sortun eta Aralarren ere bada arazo hori, Mikelats. Ez dago alderdirik euskaldunoi lehentasuna ematen dionik.
EA idazterakoan Ezker Abertzalea nuen gogoan, barka ez zehaztea. Mezuak berbera izaten jarraitzen du dena den. Ondo izan
digunik, ejem…
Intituzio demokratikoak nola eragingo ditu biztaneleen %6ra iristen ez den gure herriak? Egoera aldatzeko modu bakarra txikitikan hastea da: ikastolak (ganorazko edukazio bat umeentzat, gaur egun ez baitago), unibertsitate pribatu euskaldun bat Iparraldean, gazteei etorkizuna emango dieten enpresa abertzaleak… Guk ezin dugu itsaso korrupto bat mugitu gaurkoz gaurko.
Ados nago, Mikelats, komunitate trinkoa izatea da giltzarria. Eta hain zuzen ere horixe da eta ez besterik nere iritziz Kataluniako ANC eta enparauek lortu nahi dutena INSTITUZIOETATIK une zehatz honetan. Alegia, jakin badakite Estatu berria lortzea EPE MOTZEAN oso zaila dela baina helburu handi horren bidean jauzia egitea deliberatu zuten. PROCES deitutakoa hori baino ez da prozesu bat zeinean orain salto HANDIA baina agian ez definitiboa egiteko unea den. Oraingo helburu hurbila: Komunitate katalan subiranista trinkotu. Horrela urrengo jauzia emateko garaian, fase hau istean, egoera hobean egoteko. Eta horretarako tresna ezinbestekoa da alderdi politikoen arkitektura egokia. Herriak alderdiak mugiarazi, baina alderdiek instituzioetatik ere herria (gizartea) dinamizatzen dute, mobilizatu, pedagogia egin. Bi zentzuko gurpila da. Bestela Balego, balitz,…eta horrelakoetan blokeatu eta etsipena dator, eta mala letxia. Horregatik diot gure motorra izorratezn duten faktore nahi baino gehiegiren artean bi konponbidean jarri beharko genituzkeela lehenbaitlehen: Abertzaletasunaren diskurtsoak berak intrintsikoki duen AUTOKONPLAZENTZIA anestesikoa batetik, eta bestetik Alderdi politikoen ARKITEKTURA desegokia.
“Alabaina”?