Doraemon: sexua, drogak eta matxismoa

Doraemon: sexua, drogak eta matxismoa –

Doraemon: sexua, drogak eta matxismoaDoraemon katu kosmikoaren abenturekin hezi dira milaka eta milaka euskal gazte, eta gaur egun ere ETB3-n euskaraz emititzen dela esango nuke. Makina bat atal irentsi ditugu gehienok, umeak izanda begiak zabal-zabal eginda begiratzen genuelako, edo etxeeko umeek ikusten zuten bitartean ez genbiltzalako oso urruti. Esan bezala, orduak igaroko genituen etorkizunetik iritsitako katu urdin japoniar horri begira, baina @CaIitat txiolariak hamaika laguni aldatu die azken egunotan telesail honen bueltan zeukaten ikuspuntua. Ziur zuri ere zer pentsatua emango dizula. 

Pedofilia

Umeen begiek ez dute hori antzematen, baina orain arreta jarriz gero, ohartuko gara telesailak aski joera pedofiloa daukala. Shizuka, 10 urteko neskatoa, hamaika ataletan agertzen da biluzik; gehienetan, bainu bat hartzen, nahiz eta horrek ez daukan zerikusirik atal horretako narratibarekin. Horretaz gain, nabarmentzekoa da askotan Nobitak, Doraemonek edo koadrilako beste mutilen batek larru-bizirik harrapatzen duela. Bestalde, deigarria da marrazkilariek nola aldatu zuten Shizukaren tankera urte gutxiren buruan; noski, pertsonaiek beti zeuzkaten hamar bat urte eta ez ziren inoiz nerabezarora iritsi, baina Shizukak telesailean aurrera egin ahala daukan gorputza ez da hamar urteko neskato batena. 

Adingabeak alkohola edaten

Aipatutako txiolariak aditzera ematen duenez, Doraemonek, bere milaka tramankuluen artean, “mozkorkeri tapoia” izena duen tresna bat dauka, edozein edari alkoholdun bilakatzen duena. Barkatuko didazue zuzeulari guztiok (bihotz-bihotzez) baina ez dut lortu atal hori sarean topatzea. Txiolari honek gaztelaniazko atala jarri zuen, eta berau jarriko dugu hemen froga gisa (01.04 minututik aurrera hasiko da). Elkarrizketa itzuliko dut:

  • Doraemon, nik ere sakea edan nahi dut, aitak bezala.
  • Ez, umeek ez dute hartu behar. Atseginak ez diren gauzak ahazteko edaten dute helduek.
  • Horrelako gauzak umeoi ere gertatzen zaizkigu, ez da justua.
  • Ia, beno, bai, agian arrazoia daukazu.

Elkarrizketa argigarri horren ondoren, noski, sekulako zepelina harrapatuko dute. 

Matxismoa

Zalantzarako tarte gutxi dago hemen ere, eta adibide dezente jarri daitezkeen arren, bakarrera mugatuko gara: Tamako, Nobitaren ama. Jarraian dagoen kapituluko (berriz ere gaztelaniaz, barkatu, barkatu, barkatu) lehen bi minutuetan Tamako etxea txukuntzen ari da, eta erropak garbitzen, eta etxeko lan denak egiten, beste hiruak harpa jotzen dauden bitartean. Amak ez du oraindik bazkaria prestatu, eta beste hiruak gose dira. Bapatean telefono dei bat jasotzen dute: amona erori egin dela. Noski, Tamakok joan behar du laguntzera. Eta orduan nola demontre egingo dute bazkaria ba? Doraemonek ateratzen duen traste bati esker, noski.

Azkeneko bi minutuetan (09:40 minututik aurrera) ama bueltan dator, euripean korrika, etxera iritsi eta bere familiari afaria egiteko gogo-biziz. Baina etxera leher eginda eta bustita iristen denean, ohartzen da etxekoek ez dutela arazorik izan afaltzeko Doraemonen asmakizunari esker. Orduan triste eta haserre jartzen da bazter batean, bere familiak tramankulu batengatik ordezkatu duelako.


Emandako hiru arrazoiez gain, beste asko aipatzen ditu txiolariak: Nobita hezi beharrean trasteak ematera mugatzen da Doraemon; Erraldoi mundu guztia jipoitzen aritzen da, eta batzuetan Doraemonek berak justifikatu egiten du; Suneok tratu txar psikologikoak egiten dizkie guztiei, eta hala ere nahiko ume on bezala saltzen digute; Shizuka Nobitarengana hurbiltzen bada, Doraemonengatik zer edo zer behar duelako izaten da; Erraldoik biolentziaren inguruan hausnartu dezake, baina hurrengo atalean egurra banatzen jarraitzen du…

Hori dena eta gehiago.

Doraemon: sexua, drogak eta matxismoa Doraemon: sexua, drogak eta matxismoa

Zer duzu buruan “Doraemon: sexua, drogak eta matxismoa”-ri buruz