Ez loteslea
Ez loteslea –
Bai, badakigu Euskararen Nafar Kontseiluaren irismenak ez direla lotesleak. Kontua da, aurreko ostiralean Nafarroako Gobernuak lanpostu publikoetan hizkuntzen ezagutzaren balorazioa arautuko duen dekretu-proposamenak ez zuela aldeko boto bat bera ere jaso: bat ere ez.
Egoera paradoxikoa dugu orain. Gobernuak hizkuntza-politikaren inguruko aholkuak emateko erakundea sortu zuen. Gobernuak berak izendatu ditu erakunde horretako ordezkariak. Bilerara bertaratutako ordezkari batek ere ez du egokitzat jo Gobernuaren proposamena. Ez al dio Gobernuak gaiari buelta bat emango?
Tamalez, ez dut halakorik espero. Maiatzean milaka herritar kalera atera ginen desadostasuna erakusteko, eta Gobernuak entzungorrarena egin zuen. Orain, segurki, mahai gainean jarriko du tramitea besterik ez dela.
Dena den, irismena loteslea ez izatea ezin bihur dezakete aitzakia herritarren arteko bereizkeria hauspotuko duen dekretua ez berraztertzeko. Hori egin ezean, beste behin, Gobernuak agerian utziko du bere buruari esleitzen dion izaera aurrerakoia gezurra dela. Agian, hobe luke bere sokako ordezkariak jartzea, araugintza baztertzailearen aldeko irismenak izateko.
Postdata: ez nuke ahaztu nahi, noski, Euskararen Nafar Kontseiluak egun berean ofizialtasunaren aldeko adierazpena onartu zuela, kasu horretan kontrako bozkarik gabe.
Egoera paradoxikoak asko dira Nafarran eta Euska herrian oro har. Alderdi abertzaleek babesle (EHBildu) edo bazkide (Geroa Bai) dituen gobernu euskarafobo honek helburu argi bat dauka euskarari dagokionez: Nafarroatik behingoz desagerrarazten laguntzea.
Hori argi eta garbi adierazten eta salatzen ez den biotartean ez dugu burua jasoko. Eta horregatik ere, euskararen defentsan egiten diren mobiizazioak ahulak izan ohi dira Nafarroan, bestelako itxurak egiten saiatzen garen arren. Maiatzean 2.500 herritar inguru atera ginen kalera Iruñean. Oso gutxi, egoerak eskatzen zuen erantzunetik urrun.
Egoera mozorrotu baino, hobe genuke arazoei adarretatik heldu. Mobilizazio krisiaren zergatiei, besteren artean.