[Urpeko Bonbarda #090] Biraka

[Urpeko Bonbarda #090] Biraka –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Laurogeita hamargarren saioan, munduari bira berri bat eman diogu, azkenaldian nabarmendu diren herri musiken diskoak lagun.

Laurogeita hamargarren saioan, bidaia soniko borobil bat egin dugu munduak biraka jarraitzen baitu, doan eta nekatu barik.

AMAK taldearekin ekin diogu bideari, trikitilari laukoteak single berria agertu baitu plazara, “Gu”.

[Urpeko Bonbarda #090] BirakaAfrikar doinuekin dantzari gustura aritzen gara beti, eta horrela izan da honakoan ere. The Movers hego afrikar taldearen soul musika berreskuratu dugu, Analog Africa diskoetxeak plazaratu berri duen “The Movers vol. 1 – 1970/1976” bildumari esker; arrakasta itzela izan zuten 70eko hamarkadan, arrazialki segregatutako herrialdean. Oso interesgarria da Nancy Mounir egipziarraren lana ere, desagertutako kantarien ahots grabaketak hartu baititu oinarri “Nozhet el Nofous” diskoa ontzeko (arimen paseoa). 1930ean arabiar musika tradizioanala estandarizatu zuen maqam arabiarraren aurreko kantuak dira, eta beraz, egungoak baino aberatsagoak, melodiei dagokionean.  Cabo Verden Lucibela ezagutu dugu, “Amdjer” bigarren lan luzea aurkezgai duen mona eta coladera abeslaria.

Afrikarekin bukatzeko, askok fusioaren atalean kokatzen duen “Queen of Sheba” aipatuko dugu, Ibrahim Maalouf eta Angelique Kidjo, jazz tronpeta jole libaniarrak eta benindar kantari itzaltsuaren arteko elkarlana. Egitasmo berezia azken hau ere, duela 3.000 urte Sabako erregina Makedak Salomon erregeari Jerusalemera egin zion bisita kontatzen baitu. Kidjok yoruberaz kantatzen ditu Salomonen jakinduria kolokan jartzeko erreginak jarri zizkion zazpi asmakizunak, kantu bakoitzeko bat. Fusioaren atalean koka genezake Elif Sanchez kantariaren azken lana ere, “Mi voz”, Javier Limón ekoizle sonatuaren laguntzarekin eta nagusiki gazteleraz emana; bertan, arabiar musikaren eta flamenkoaren arteko loturak aztertzen ditu turkiarrak.

Harrigarriro, Ozeanian igaro dugu gure bidaia sonikoaren tarterik luzeena kasik. Clint Bracknell hizkuntza indigenen irakasle australiarrak Maatakitj ezizena darabil musikari legez. Aurten “Noondar Wonderland” plazaratu du, desagertzear den noongarreraz kantatua. Aborigenez eta ez aborigenez osatua, edo yolnguz eta balandaz, King Stingray boskotea ere australiarra dugu, iparraldeko Yirrkalan sortua, eta oso musika kaliputsua dakarrena.

Matt Keegan safoxoi jotzailea ere australiarra da, berak gidatzen duen The Three Seas egitasmoak musika bengaliarra jotzen badu ere, folk indostania. Eta behin India aipatuta, Asian barneratuko gara, pakistaniarra baita Irfan Ali Taj, chitraleraz eta urdueraz kantatzen duena, rubaba -laudaren antzeko musika tresna, jatorriz Afganistanekoa- eta zitarra lagun.

Amerikari dagokionez, ordezkari bakarra dugu honakoan, brasildarra bera: Alliye, bere herrialdeko emakumeei, indigenei, baztertuei eta beltzei kantatzen diena, “Rosa e azul” diskoan, eta Bolsonarori, amorruz. Eta Europa ere, AMAK taldeak kenduta, talde bakar batek ordezkatu du: Heilung. Alemaniar, norvegiar eta danimarkar hirukoteak folk musika eta death metala uztartzen ditu, eta Vikings edo Game Of Thrones telesail famatuetan entzun izan da beraien musika.
.

* Songlines aldizkariari esker ezagutu ditugu aurkezgai ditugun lanetako asko.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #090] Biraka

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!