Txalotu dugu gobernu taldeek eta EH Bilduk 0-3ko lan baldintzak hobetzeko sinatutako akordioa Nafarroan

lan baldintzak hobetzeko sinatutako akordioa Nafarroan – 

LABek positibotzat jo du akordioa sinatzea, zikloa duintzeko beste urrats bat delako.

Akordioaren arabera, 2023ko aurrekontuetan behar diren aurrekontu-partida guztiak sartuko dira, udal titulartasuneko haur-eskoletako langile guztien eta Nafarroako Gobernuko profesionalen soldata-baldintzak berdintzeko 2023ko urtarriletik aurrera. Era berean, hezkuntza-laguntzako langileen kontratazioa 100 lanalditan handitzeko ere balioko du eta horrek ia Nafarroako eskola guztiak erreforzatzea bermatuko du.

Ez dugu zalantzarik mobilizazioa eta borroka ezinbestekoak izan direla, LABek aktiboki parte hartu duen horietan, Gobernua osatzen duten talde parlamentarioek bere garaian EH Bildurekin lortutako akordioak gauzatzeko konpromisoa har dezaten.

LAB 0-3k Nafarroarako hitzarmen sektorial propio baten alde lan egiten jarraituko du, hori baita, gure ustez, etorkizunari begira, 0-3 ziklo osorako eta sektoreko langile guztientzako lan-baldintza eta soldata duinak bermatzeko modurik errealistena. Ziur gaude hori lortzeko negoziazio kolektiboaren bidea bide egokia dela, eta berriz ere azpimarratu nahi dugu konpromisoa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango direla gure helburuak lortzeko.

Txalotu dugu gobernu taldeek eta EH Bilduk 0-3ko lan baldintzak hobetzeko sinatutako akordioa Nafarroan