[Euskararen (pro)bokazioa] Ez beti da ez
[Euskararen (pro)bokazioa] Ez beti da ez –
Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.
.
EZ BETI DA EZ ESLOGANA
.
Aitortu beharra daukat niretzat ere arazo latza izan dela gaztelaniazko No es no famatuaren euskarazko ordaina topatzea. Interneten pixka bat begiratu besterik ez dago era guztietako erantzunak formulatu direla erakusteko, batzuk hobeak eta beste batzuk kaxkarragoak: ez da ezetz, ez ezetz da, ez da… ez! eta abar.
Arazo nagusia, ematen du esan beharrik ez dagoela, beste hizkuntza bateko esloganetik abiatzea da. Eta gure irudimenari muga hori jarrita, erantzunik onena ez da bat-batekoa, ez da erraza eta ez dakigu, askotan, nondik jo. Gainera, Era askotako ordainak izateak erantzun gustukorik topatu ez izana adierazten digu. Bila jarraitu behar…
Halako batean, Ez beti da ez! leloa entzun dut eta zoragarria iruditu zait: erraza, sinplea, euskararen jatortasuna errespetatzen du eta betea da.
Estu begiratuz gero, norbaitek esango du gaztelaniazkoa sinpleagoa dela, euskaraz /beti/ osagaia gehitu zaiola eta hala errazagoa dela… Eta hala da, /beti/ horrek erraztu egiten baitu ulermena eta ideia nagusia transmititzeko laguntza da. Azken batean, No es no horretan, /beti/ horren ideia leloaren azpian dago.
Egilea zein den ez dakit, baina nik lehendabiziko aldiz EiTBn ikusi nuen eta bertako Euskara Zerbitzua ez da urruti ibiliko. Zorionak!
Aurretik españolez ere “beti” gehitu zitzaion, “no siempre es no”tik hartua. Euskaldunok piskat lapurrak gara esloganekin…
Nire ustez, zuzenagoa eta jatorragoa da “EZETZA BETI EZETZA DA” edo antzekoren bat, Ezetza erabiliz, jakina.
Euskaraz pentsatua izan balitz, “ez” eta “ezetz” artean dagoen gradazioa aprobetxatuz egin zatekeen hitz jokoren bat. Adibidez: “Ez” esanda, “ezetz” sobran da.
Ecetz erran dut!
Ez’ ecetz da!
Arrazoia, Ritxi. EiTBk aurtengo udan pantailaratu duen kanpainan, Euskara Zerbitzuak izan du, bai, zerikusia esloganaren euskarazko ordainaren hautaketan. Eta zalantza barik egin dugu «ez beti da ez» esaldiaren alde. Egiatan, aspaldi erabaki genuen formulazio hori bultzatzea albistegietan eta programetan, onena iruditu zitzaigulako han eta hemen entzundakoen artean. Ez da, beraz, guk prestaturiko bertsioa, jasotakoa baino.
Zer du horrek beste formulazio batzuk baino hobea izateko? Hiru gauza azpimarratuko nituzke.
1. Erritmoa du. Eslogan baterako, funtsezkoa da erritmoa.
2. Konposizio grafikoetarako oso egokia da. Ikusiko zenuten ETBk prestatu dituen iragarkietan zelako jokoa ematen duen: “EZ beti da EZ“. Alegia, “EZ = EZ“.
3. Zuzentasunari, egokitasunari edo gramatikaltasunari begira, hizkuntzalari batek esan dezakeen gauza bakarra da «EZ adberbio bat da». Hortik aurrerako guztia eztabaida bizantziarra da.
Garai bateko euskaldunek, aldiz, ez zuketen problemarik aukera sinpleen eta logikoenaren alde egiteko:
Baceaquiat nor aicen: hi aiz Iaincoaren saindua (Leiz., Luk IV, 34)
Guré Arima da gaztelu eta Iaureguy eder bat (Tartas, OHB, 65)
Hitçaq dire emeaq eta obraq harraq (Voltoire, [187])
Mandamentuac dira amar (Kapanaga, Doctr. Crist.)
Ez da ez!
Ez errran “garai bateko euskaldunek”, “garai bateko euskara itzultzaileek” baizik: aipa guzi horiek itzulpenak baitira, garai hartan itzulpengintzaz zekiten apurrarekin nola edo hala egokituak. Batek arrunt xaloa izan behar du sinesteko “garai bateko” euskaldunak solasten zirela Leizarragak edo Tartasek idazten (itzultzen) zuten bezala.
Horrelakoak ez dira soilik itzulpenetan aurkitzen, baizik eta mota eta garai gutietako testuetan, erruz aurkitu ere. Eta bai, uste dut euskaldunek horrela hitz egin izan dutela historian zehar (Leizarragaren euskara batua salbuespen ezaguna da).
Hala, adibideak nonahi daude, esaterako ereduzko idazlanetan:
[Axularren Gero]
Eta Alfertasuna da ergelkerien ama, eta bertuteen ugazama.
Alfertasuna da gero guztien iturburua, zimendua eta ama.
[Peru Abarka, batura moldatuta]
Erretilua da euskaldunen platera.
Badakit orain nor den agure kantore hau. Da hordi puxika etxe guztia hondatu duena.
Aitzurlaritza da artez-artez Jaungoikoak emaniko lana.
Abestietan:
[Gernikako arbola]
Gernikako arbola da bedeinkatua…
[Urthubiako Alhaba]
—Gainkoac deizula egun hon, Erregheren portal-zaina.
—Baita zuri ere, andere gazte ederra; eta zu nongo zira, horren andere gazte ederra?
—Ni niz Urthubiaco alhaba eta Dona-Petrico madama.
Eta gaur egun ere, euskaldun zaharren ahoan:
[Bittor Hidalgok jasotako adibideak]
Bueno, ni nai Anjel Barturen, Armintzako gisona, arraintzalea. (Armintza)
Ni naiz Ester, beutarra, Beuten jaioa, da hemen bizi naizena. (Bereute)
E, ni nas Karmelo, Berrizko mutil bat, … (Berriz)
Bueno, ni nas, a, Juan Mari Bilbao, … (Gatika)
Ni naiz Manuela Iantzi, Lesakakua. (Lesaka)
Ni nas Jose Mari Bilbao, Jose Anjelen anaje, … (Goierri)
Ni naiz alkizarra, Pedro Solarrain, basarri ontan bizi naizena,… (Alkiza)
Pues, ni naiz Felix Iriarte, emen, Arizkunen sortue, … (Arizkun)
Ni naiz, e, Simon Etxeberria Belaunzaran, basarri ontan jaiua, … (Astigarraga)
Ni naiz Berastegiko Jabier Saizar. (Berastegi)
Ni naiz eratsundarra, Migel Mindegia, eta ola erri koxkor ontan, emen bizia, … (Erasun)
E, bueno, ni nas, e, Miren Bilbao, … (Larre)
Ni naiz, e, Meliton, o Meli, deitzen diate erri guziyan, Meliton Garmendia. (Lezo)
Ni naiz Jose Antonio Goikoetxea, … (Muxika)
Bueno, ni naiz Gabino Pui, emen jaiua oan dala berrogeita hemeretzi urte, … (Pasaia)
Ni naiz Simon Ilarregi Ziaurriz. (Ultzama)
Ni naiz Maixux Aldabe, urroztarra, emen beitiko baserri baten bizia … (Urrotz)
Ni naiz, i, Benito Abrisketa, … (Zoilo)
Ni naiz Mikaela Biana, … (Oderiz)
Bat eguiten dut Gilenequin:
Ez da ez!
Bai da bai!
erraiten beguenu beçala.
Txoria txori. Zozoa zozo eta tontoa tonto. Eta ezetza ezetz!
“Basta ederragatik asto duk astoa” dio Zaldubiren bertsoak