Euskaraz ez dagoena, nola eman?

Euskaraz ez dagoena, nola eman?

Ikusiko zenuten Hego Euskal Herrian ikasten ari diren Ipar Euskal Herriko ikasleekin egindako bideoa. Kritika nagusiak mugaren alde batetik bestera dauden oztopo tekniko, burokratiko eta legalei dagozkie. Nola ziburutar bat, etxetik 30 kilometrora matrikula egitera doanean, Estokolmon edo Budapesten egingo balu bezala den, eta nola EHUn euskaraz ikasi gura izanda ere, suediarra edo hungariarra balitz bezain atzerritarra den unibertsitatearentzat.

Baina erakundeentzat ez eze, bada irakasleei zuzentzen zaien mezu bat ere. Euskal adarreko irakasleei, askotan horren euskaltzale izanda ere: beren ikasgaia ikasteko/ulertzeko/gainditzeko, ezinbestekoa dela espainola jakitea. Eskolak euskaraz emanda ere, testuak espainieraz banatzen dituztela. “Ahal duguna egiten dugu, ahal beste euskaratu, ez daukagun denborari ere orduak kendu…” entzun daiteke hor nonbait kexua.

Maila batera helduta, geroz eta gorago joanda ikasgai baten, geroz eta zailago izango da ikergai horren konplexutasunerako bibliografia euskaraz izatea osorik, baita zati baten ere. Hizkuntza ertain-txiki askotan gertatzen da, liburu teknikoak, ez izatea hizkuntza horretan, gizarteko oso zati txiki batentzat liratekeelako. Baina hizkuntza txiki eta gutxituaren artean, badago alderik: irakasgaiaren hizkuntzan ez dagoen material hori zein hizkuntzatan helarazten den. Kontua ez da ingeniaritzako, edo medikuntzako edo filosofiako edo artearen historiako liburuak ez daudela euskaraz edo galizieraz edo frisieraz. Islandiarrek eta norvegiarrek eta estoniarrek ere ez daukate bibliografiaren zati handi bat beren hizkuntzan. Baina Estoniako unibertsitatean ez dizute, poloniar autore baten testua irakurtzeko, errusierazko bertsioa aginduko. Frantses autoreen testuak espainolezko bertsioan banatu izan dituzten irakasleak ezagutuko dituzue nik bezala, tartean ikasle lapurtarrak egonda ere. Baina orduan baino ez zaigu kontzientzia pizten. Tartean Ipar Euskal Herrikorik ez balego, euskaraz ikasten ari diren ikasleei testuak espainieraz banatzea normala balitz legez. Bestela esanda, euskaraz ikasteko espainolez jakitea ezinbesteko dela onartuta.

Gaur Haizea Barcenillak horri buruz idatzi du, zelan unibertsitateko ikasle mutrikuar bat kontu eske joan zitzaion bi irakurgai espainolez agindu zituelako. Dioenez, harekin “ikasi nuen ez dela bidezkoa gaztelerazko testuak inposatzea”. Esan bezala, beste irakasle eta autore ugarik antzera egiten dute, baita oso euskaltzale askoren kasuan ere. Baina esanguratsua egiten zait euskal adarrean diharduen irakasle bat ordura arte ez ohartzea, espainolezko testuak banatzean edo irakurgaiak agintzean, espainola inposatzen ari dela.

“Eta zer nahi duk, euskaldun elebakar gisa funtzionatzea unibertsitatean?”. Itzulingururik gabe: ez da posible liburu espezializatu gehienak euskaraz egotea. Baina bitxia egiten zait horren aurrean zer planteatzen den: “Iparraldeko ikasleentzat frantsesezko bibliografia prestatzea”. Niri kosta egiten zait ustezko arazo horren konponbidea (euskaraz liburu espezializaturik ez egotea), Iparraldekoei frantsesa inposatzea izatea, Hegoaldekoei espainola inposatzen zaien bezala. Maila jasoetako liburu teknikoak bere hizkuntzan ez egotea ohikoa da Europan. Baina horren aurrean bi aukera ditugu: hizkuntza txiki normalizatuek (islandiera, norvegiera, esloveniera…) egiten duten bezala egin, eta beren hizkuntzan ez dutena mundu osoko hizkuntza hegemonikoan eman, edo hizkuntza gutxitu bezala funtzionatu eta gurean ez dagoena metropoliaren hizkuntzan erabili.

Izango da esango duenik euskaraz ezin bada, bost axola duela espainolez, frantsesez edo ingelesez egin, denak direla inperialista eta abar. Edo argumentu pragmatikoa: ikasle euskaldunentzat askoz errazagoa dela espainieraz edo frantsesez irakurtzea. Ingelesez irakurtzeko ahalegina egin ordez, askoz errazago zaien espainiera edo frantsesera jotzea alegia. Ustezko erosotasunaren azpian, subordinazioaren estrategia iruditzen zait, ezinbestean euskarazko ikasketak espainolaren mundura lotzen dituena. Euskaraz egiterik ez bada, ikerkuntzaren nazioarteko hizkuntzan egin behar da. Goi-mailako ikasketez ari gara, azken baten. Eta ez dezagun ahaztu, liburu espezializatu gehienak ere ez daude espainolez. Gure hizkuntzan dagoenari gutxiegi irizten diogu, baina espainolez dagoenari balekoa ematen diogu, jakinda ere hizkuntza horretan hutsune ugari direla, ingelesez askoz gehiago eta hobeto dagoela ia beti, eta goi-maila horretan aritzeko ezinbesteko hizkuntza dela.

Badakit, tamalez badira unibertsitatera ingeles maila eskas samarrarekin heltzen direnak. Baina haiek ere ikasi beharko dute goi-mailako ikasketetan normalena, etxean etxekoa eta munduan ingelesa erabiltzea dela. Lehen aipatu artikuluan zer egin zuen ikasleak espainolez baino ez zegoela esan ziotenean? “Ez larritzeko ihardetsi eta hiztegiaz hornituta, ordu mordoa galduz ziur asko, testuak irakurtzea lortu zuen”. Akademian balio murritz samarra duen espainola ezarri ordez, “hiztegiaz hornitu eta ordu mordoa galdu” behar bada, ez ote da hobe nazioartean baliatu ahalko duten hizkuntzan egitea?

Gauzak horrela, unibertsitatean guk baino presentzia txikiagoa duten eta oro har gu baino askoz okerrago egon ohi diren hizkuntza gutxituen eredu subordinatuan sakondu ordez ez ote da hobe hizkuntza txiki baina normalizatu baten gisa funtzionatzea? Izango da salbuespenik, noski, espainiar edo frantses batek idatzitako liburu bikainak egongo dira, baina akademiaren hizkuntza hegemonikoa ingelesa izanda, eta irakaskuntzarako hizkuntza euskara, ez ote litzateke bi horietan funtzionatu behar? Galesera edo gaeliko hiztunen aldean zorionekoak garela defendatu izan dut beti, euskara mehatxatzen duten hizkuntzak (euskara galdu den lekuetan, hura ordezkatu duten hizkuntzak), handiak izanda ere, ez direlako munduko hegemonikoak, eta hori oso garrantzitsua da parez pare duzunaren aurrean ahalduntzeko. Baina nekez normalizatuko duzu zure hizkuntza, bidean daukazun oztopo bakoitzaren aurrean  espainol hizkuntzaren lasterbidea hartuta. Mundua betaurreko moreekin begiratzen ikasten den legez, espainiar betaurrekorik gabe mundua euskaraz zuzenean behatzen ikasteak, espainol makulurik gabe ibiltzen ohitzeak, perspektiba erabat aldatzen du.

Euskaraz ez dagoena, nola eman? Euskaraz ez dagoena, nola eman? Euskaraz ez dagoena, nola eman?

4 pentsamendu “Euskaraz ez dagoena, nola eman?”-ri buruz

  • Oso ona, Urtzi, zurekin %100 ados.

  • Alpargatero 2017-05-24 08:20

    Ados. Gainera, nik esango nuke unibertsitatera doazen Euskal Herriko gazteek ingeles irakurria ulertzeko arazo handirik ez dutela (beste gauza bat da ahozkoari dagokionez, baina gai honetan ez du aparteko garrantzirik).

  • Bikain tokaio, bikain

  • Bittor Hidalgo 2017-05-26 18:20

    Ni ere guztiz bat. Eta ezin garrantzi handiagokoa da kontua…