Xoratu al gara?

Xoratu al gara

Burgosen bide dute ezkon aurreko festa. A Coruñan egitekotan omen dira. Cadizen egin zuten…
Harrigarriak zitzaizkidan kontu hauek guztiak. Aspalditik entzunak nituen horrelakoak. Ezin sinetsiak. Krisia dela, klima aldaketa dela, arriskuak direla, baina… Bidaiatzea ona omen da eta! Badakizue? Ikasi ere, anitz ikasten da! Denak merezi du kultura zabal baten jabe egiteko, jakina!

Orain hilabete bat Espainiako gazte bat hil zen Milanen; horrelako festa bat antolatu, alegia, eta goizaldeko mozkorrak eraman bide zuen trenbide batera. Trenak harrapatu eta bizia Milanen utzi zuen. Jakintza eskuratzeko, eskarmentua izateko…bidaiatzeko bezalakorik ez!

Xoratu al garaGaur, astelehena, etorriko zaigu iloba neska gaztea, bisitaz. Londrestik dator. Atzo hegazkina galdu eta gaur Londrestik atera eta Bilbora iritsiko da eguerdian. Laster izanen dugu etxean. Bai, adiskideren bat ezkontzekotan du eta ezkon aurreko despedida izan dute Londresen.

Ea ingelesen bat den ezkontide adiskidea? Ez, ez, ez, Hueskakoa du eta bertan bizi da. Baita ezkontide mutila ere. Biak dira Espainian bizi, biak. Hala ere festa hori Londresen egin dute.

Nahiz oraingoan hegazkina galdu duen, bazeneki nola mugitzen den aireportu erraldoi horietan gure iloba! Ikusgarria omen. Kontu hau bere aitari entzuna diot.

Baina atzo hegazkina zuen galdu. Eta okerrago dena, Biarritza eraman du adiskide batek, han baitizuen autoa! Biarriztik atera baitziren. Biarriztik Londresa eta hemendik berriz atzera Biarritza Bilbotik pasatuz. Txango ederra gazte hauena! Baina, bazeneki nola dakien mugitzen neskato honek!!!
Kontuak kontu, krisiari aurre egin, klima aldaketari muzin, Mundua kizkali. Eta zer zait niri?
Zoropitoak, ankerrak, astapotroak, xoroak…Bene-benetan, lehen gerla karlistako bertso batzuetan, gerlak utzi zuen gosea, miseria, Espainiako Gobernuaren modu ankerra madarikatuz, honela bukatzen zuen bertsolariak:

“…ez dakit nori egin maldiziyua”

Eta hegazkinetako kerosenoak ez du zergarik ordaintzen. Biba gu! Ez dadila txanpaina eta putarik falta izan festa bukatu artio! Iaaapa gazte!!!

Xoratu al gara