Euskararen Ginkanaren edizio berrirako izen ematea zabalik

euskararen ginkana kartela 2015Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, aurten lehen aldiz Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko duena.  Bi erakundeek euskara sustatzeko duten konpromisoan bat egin, eta beraien lan eremuak diren IKTak eta ekologia elkartu dituzte proiektu bakarrean. Laugarren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea.

Lau urtetako ibilbidea duen proiektua da Euskararen Ginkana eta  urtez urte, Kutxa Ekoguneak eragile eta kolaboratzaile ezberdinekin batera, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna gaiak landu izan ditu.

Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Bilakaera honen lekuko izan da Ginkanaren aurkezpen ekitaldia: Bilbon, Euskararen Etxean,  eman zaio hasiera lehiaketaren 4.edizio honi, eta Donostian izango da finala, Ekogunean.

Aurtengo edizioaren gaia: IKTak eta Ekologia

IKTak eta Ekologia izango da aurtengo gai nagusia eta beraz, gainditu beharreko probak eta galderak mundu digitalean euskarak eta ekologiak duten presentziari lotuak izango dira. Euskarak, hizkuntza gutxiagotua izanik ere, sarean duen presentzia ez da makala: nabigazio hizkuntzen artean, euskarak 44. lekua dauka mundu mailan eta wikipedian artikulu gehien duten hizkuntzen zerrendan 34. tokian dago kokatua gaur egun.

Denbora gutxian, gure bizitzako egunerokoan eta eremu ia guztietan barneratu ditugu sare sozialak eta internet, hasi etxetik eta kalera, baita lanean, hezkuntzan eta aisialdian ere.

Baina euskara ekosistema digitalean, osasuntsu bizi ahal izateko, baliabideak ezagutu, erabili, elikatu  eta sortu  behar ditugu guztion parte hartzearekin, bakoitzari dagokion mailan.

Edizio honetan, IKTak ekologia arlora ekarriko ditugu, gizaki bizidunek medioarekin duten lotura ezagutzeko sarean dauden baliabideak ezagutuko ditugu eta, bide batez, euskara eta ekosistema birtuala ikuspuntu ekologikotik aztertuko ditugu.

Lehiaketa

Bi fasetan gauzatuko da ginkana: lehenengoa otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an amaituko da. Fase honetan www.euskararenginkana.net webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek.

Bigarren fasea, apirilaren 18ko final handia izango da, Donostian kokatuta dagoen Ekogunea parkean. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.

Parte-hartzaileak

Parte-hartzea taldekakoa izango da eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dute. 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko.

Edozein talde motak hartu dezake parte lehiaketan: Euskalgintzako elkarteak, Kulturgintzako taldeak (Musika, antzerki, literatura taldeak, bertso eskolak,…), talde ekologistak, guraso elkarteak eta, euskaraz eta euskararekin jolastu nahi duen edozein taldek.

Izena ematea urtarrilaren 23an hasi eta otsailaren 18an amaituko da. Izen ematea gauzatzeko, www.euskararenginkana.net webguneko formularioa betetzeaz gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean.

Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Guztiak baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak …

Informazio gehiago:  

www.euskararenginkana.net / euskararenginkana@ekogunea.net

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude