“Euskarak aurrera Nafarroan”

Kontseilua: “Euskarak aurrera Nafarroan”Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia egin du Nafarroako hainbat lagun esanguratsuk lagunduta. Iruñean egin duten agerraldian Vascuencearen Legearen aldaketaren inguruko iritzia eman dute. Bide batez, gaia aztertzeko bihar egitekoa zen Plenoa otsailaren 19ra atzeratu izana salatu dute.

Bilbaorekin batera euskalgintzako ordezkariak eta  alor desberdinetan aritzen diren Nafarroako persona esanguratsuak egin dira. Iker Gorrosterazu (Bertsozale Elkartea), Xabi Gartzia (AEK), Alizia Iribarren (AEK), Gorka Iriarte (EHE), Joxerra Olano (IKA), Sergio Iribarren (Sortzen), Bego Bados, Asier Biurrun, Maider Irazoki, Arantza Goienaga, Javi Tejedor, Helios del Santo, Nestor Esteban, Garikoitz Torregrosa, Josetxo Apezetxea, Jorge Arias, Malen Eugi, Oier Zuñiga, Susana Garralda y Oskar Zapata (ezin izan du bertan egon).

Kontseiluko idazkari nagusiak guztien izenean hitz egin du:

“28 urte euskararen normalizazioa eragozteko helburuz pentsatutako lege baten eraginpean. 28 urte Nafarroa zatitzen, nafarrak urruntzen, harresiak eraikitzen, hizkuntza-eskubideak urratzen lege bitartez. 28 urte Nafarroari bere izana legez aldatu nahian.

Bihar landu behar zen gaia Nafarroako Parlamentuko plenoan, baina atzeratzea erabaki dute. Espero dugu atzerapena aitzakia ez izatea eta gaiari beharrezkoa den garrantzia emanez behar bezala lantzea.

Otsailaren 19ko plenoan, ustekaberik ezean, partzialki, arinki bada ere, zoritxarreko legea aldatua izango da eta euskararen aldeko mugimenduak aukera berriak izango ditu nafarrei haiena dena itzultzeko lanak egiteko orain arte debekaturik izan ditugun ikastetxe publikoetan.

Urte hauetan guztietan legearen aldaketa eskatzeaz gain oztopo guztien gainetik euskarazko irakaskuntza bermatzeko ahaleginetan aritu da euskararen aldeko mugimendua ikastolen bitartez. Lan eskerga egin da, pertsona anonimoen bizkar gainean erori den lan handia egin da eta justiziazkoa da hori buruan edukitzea. Izan ere, legea sortu baino lehenago ere ari ziren herritarrak ikastoletan lanean beste alor eta sektoretan bezalaxe. Gogoan ditugu, egunero kilometro mordoa egin behar izan duten haurren aurpegiak ere. Horiengatik bada ere, proposamenari ongi etorria eman behar diogu.

Lege aldaketa horren bitartez aukera berriak irekiko dira eta gure apustua euskararen aldeko normalizazioa indartzea izango da, ikastetxe publikoetan lerroak irekiz eta ikastolak indartuz. 1 + 1 egitera goaz, herri ekimenez, bat eginda aurrera egitera goaz.

Edozein kasutan, hainbat gauza esan behar dugu aldaketaren aurrean.

Hizkuntza-politika egokia izateko 4 zutabetan oinarritu behar da. Alde batetik, arkitektura juridikoaren egokitzapena egin beharra dago normalizazioa errazteko, bestaldetik, plangintzak abian jarri behar dira hizkuntza-politika politika planifikatua delako, hirugarrenez mota guztietako baliabideak esleitu behar dira eta azkenik, herri gogoaren elikadura etengabea bermatu behar da herritarrak direlako normalizazioaren motorra.

Plenoan aztertuko den proposamenak aldaketa txiki bat dakarke alor juridikoan. Horrek garbi adierazten du hizkuntza bat normalizatzeko alor juridikoak duen garrantzia baina era berean, garbi uzten du oso neurri txikiko proposamena dela, bere horretan, bestelako neurririk gabe indar gutxikoa izan daitekeena. Euskararen garapenerako plangintza eta baliabideak behar ditu ondoan proposamenak eraginkorra izango bada.

Baliabideei dagokienez, horiek esleitu behar dira herritarren nahia kalitatez atenditu ahal izateko. Baliabideak beharko dira irakasleria egokitzeko, materialak hedatzeko eta oro har, ikastetxeak harrera egokia egin dezaten. Baliabideak beharko dira orain arte zerbitzua eskaini duten ikastolek baldintza egokitan jaso ditzaten matrikula berriak. Euskarazko hezkuntza sistema indartzeko baliabideak beharko dira.

Plangintza eragingarria ere beharko da erabakitakoa inplementatzeko. Helburu eta epe zehatzak dituen plangintza ez bakarrik matrikula berriak egoki jasotzeko baizik eta horiek gero eta gehiago izan daitezen.

Guk gure gain hartzen dugu herritarren motibazioa lantzeko beharrezko lan jardunak indartzea orain arte egin dugun bezala.

Bukatzeko esan nahi dugu ez garela konformatzen aldaketatxoarekin. Lege berri bat nahi dugu behar dugulako. Sektore guztietan eta lurralde osoan eragingo duen legea nahi dugu. Arkitektura juridiko berria eraiki behar da, plangintza sendoen bitartez garatuko dena eta baliabide nahikoak esleiturik. Euskararen normalizazioa erraztuko duen hizkuntza politika behar dugu eta hori nola egin behar den publikoki azalduko dugu apirilaren 25ean Anaitasunan antolatuko dugun ekitaldian”

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

2 pentsamendu ““Euskarak aurrera Nafarroan””-ri buruz