Euskararen aldeko garaipen txiki handia eraikin ospetsu batean
Euskararen aldeko garaipen txiki handia eraikin ospetsu batean –
Bilboko eraikin multzo ezagun batean ekintza bat burutu dut. 2019an hasi nuen. Hango finka administratzailearekin hitz egin nuen eta baimena eskatu nuen bertako seinaleak euskaraz jartzeko. Izan ere, gaztelania hutsean zeuden.
Baimena jaso nuen eta seinale batzuk jarri nituen, baina egun gutxitan kendu zituzten. Bertako atezainak “irteera” bezalako segurtasun seinaleek “araudia betetzen ez zutela” argudiatuta, kendu zituen. Hori amorrua eta inpotentzia sentitu nuena!
Egia esanda, sute prebentzio eta larrialdien aurkako legearen barruan, ebakuatzea adierazteko seinaleak homologatuta daude. Estandarizatuak daude: auto luminiszentzia gaitasuna izan behar dute (iluntasunean ikus daitezen) eta seinalean hainbat datu agertu behar dira: ekoizpen data, enpresa ekoizlea, ekoizpen lotea (UNE kodeak).
Baina araututako kartel horiekin batera, beste batzuk kendu zituzten arautuak ez zeudenak. Adibidez “ez erre” zioena. Hori dela eta, euskarafobia kutsua antzeman nion.
Edonola ere, gaztelaniazkoek jada araudia betetzen badute, euskarazkoak gehigarriak dira, beraz, ez dute estandarizazio hori bete behar.
Pandemia igaro ondoren, auzokideen batzarrean seinale guztiak euskaratzeko nahia adierazi nuen. Horretarako, komunitateak xentimorik jarri beharko ez zuela esan nuen, prozesuan trabak saihesteko. Kostu guztia euskaragara.net bidez finantzatuko nuen*.
40 bat auzokide zeuden batzarretan. Izan ere, Isozakiko 23 solairuko dorreak+7 atari gehiago eta 5 sotoko garajea dago (ia 1000 ibilgailukoa). Hori bai, eros ahalmen handiko auzokideak daude.
Batzarrean “¿pero para qué quieres ponerlo en vascuence?” eta horrelakoak entzun nituen. Ez, ez zuten ulertzen euskarari presentzia ematea zein garrantzitsua den euskaltzale porrokatu batzuontzat. Auzokideen artean, badira PP eta Vox kordako euskarafobo porrokatuak. Baina baita beste pentsaeratakoak ere; “Pues que lo pongan en euskera, a mi me parece bien” zioten beste batzuek.
2 batzarretan egon ondoren eta administraziotik kasu handirik egiten ez zutela ikusita, auzokideen artean sinadurak biltzeari ekin nion. 30 bat sinadura bildu ondoren hirugarren batzarrean aurkeztu nituen. Azken batzar horren ondoren dena mugitzen hasi zen.
Eraikin eta garajeen seinale guztiak euskaratzeari ekin nion. Ez da lan samurra izan. Gainera, erakin horretan oso mokofinak dira. Seinaleen kalitatea lupaz begiratzen dute.
Paretan margotutako 60 seinale handi margotu behar izan ditugu. Ia 3 metro luzerakoak asko. Txantiloi bereziak inprentan atera, pegatina eta plakak sortu. Ehundaka ordu eman ditugu eta 2.000 eurotik gora gastatu. Auzokide eta eraikineko langile batzuen kolaborazioa lortu dut. Duela 4 urte hain euskarafoboa zirudien atezaina, orain lagunkoia da. Azkenik ardo botila batzuk oparitu ditut, euskaraz idatzitako esker-on mezuekin batera. Azken finean, ez da soilik euskarari presentzia ematea, baita euskararekiko jarrerak aldatzea eta euskara esperientzia atseginekin lotu dezaten.
Ziur nago, baina, euskarafobo asko aztoratu ditugula euren aburuz, “ezertarako balio ez duen hizkuntza” horri ikusgaitasuna emateagatik, non eta haiek bizi diren eraikinean. Seinale horiek hamarkadetan egongo dira hor.
Bilbon, euskara eremu pribatuetan ikusezina da. Euskaldunok desagerturik gaude, desagerraraziak. Euskaltzaleek ere ez dute gehienetan ezertxo ere egiten hau aldatzeko. Bada, nik argi nuen beldur, lotsa, ezinegon guztiak gaindituko genituela. Eta, gainditu ditugu.
Garaipen txiki handia.
…
*Erakunde honen helburua euskararen zabalkundea da. Irabazi guztiak (diru laguntza publikorik ez du jasotzen) horretara bideratzen dira, euskarari presentzia emateko, batez ere eremu erdaldunetan.
** Hizkuntza paisaia, etxebizitza-komunitate batean, osorik euskaratzen dugun bigarren multzoa da hau. Zure auzo-komunitateko hizkuntza paisaia euskaratu nahi baduzu jarri gurekin harremanetan. Lagunduko dizugu.
Euskararen aldeko garaipen txiki handia eraikin ospetsu batean
Nafarroako eremu erdaldunean dagoen 1.000 biztanleko herri bateko hizkuntza-paisaia euskaratzea bezalakoa izan da Isozakikoa.