Euskararen alde, derrigor
Euskararen alde, derrigor
Euskararen gaurko egoera ez da beti honelakoa izan; ezagutzen dugun moduan, batik bat azken belaunaldietan gauzatu da, eta oraintxe bertan ere gauzatzen ari da. Ez da berez eta naturalki gertatua; inposizioz, zigor bidez, bortxaz eta legearen makila eskuan honetaratu gaituzte.
Ez badugu aitortu nahi ere, gure hizkuntza gainbehera doa, eta, euskaldun askok barru-barruan sentitzen dugun eran, honela segitzera belaunaldi gutxi batzuetan galduko da. Horregatik, harrigarria da ikustea nola hain gutxi –eta hain aho txikiarekin– ausartzen den esatera gero eta gehiagok pentsatzen duguna: Euskara ez baldin badugu egiten derrigorrezko –nahitaezko, baitezpadako, obligaziozko–, hil egingo da; euskaldunen milaka urteko ibilaldia amaituko da azkenean, nahiz eta Euskadik Espainiaren puntan-puntan jarraituko duen I+G eta beste hainbat arlotan. Bien bitartean, Euskaraz bizi nahi dugunok kondenatuta gaude indignoki bizitzera, gutxiesten zaigularik, iseka eta irain egiten zaigularik, aurpegiratzen zaigularik ez dugula errespetatzen, inposatu nahi dugula, norengandik eta Espainiako Konstituzioaren abaroan elebakar jarraitzeko eskubidea bermatuta daukatenengandik, nahiz eta gure hizkuntzaren lepotik izan.
Horiek horrela, auzia argi eta garbi azaldu behar zaie: Euskararen alde zaude? Euskarak bizirik irautea nahi duzu? Normalizazioaren aldekoa zara? Orduan, Euskara legez derrigortu behar da. Eta horretarako hainbat neurri drastiko hartu behar dira: hezkuntza guztia D ereduan izatea; merkaturatzen diren gauza guztietan (hedabideak, liburuak, filmak, etiketak…) Euskarak legez bermatuta edukitzea gutxienez %50eko kuota; heldu eta etorkinentzako euskalduntze programa doako eta eraginkorrak abiatzea; eta abar.
Badakigu Euskal Herriko pertsona askok, politikari gehienek, Espainiako legeek, eta merkatuak ez dutela horrelakorik nahi, haien interesen kontrakoa delako. Haien interesak, beraz, gure bizirautearen kontra doaz. Biziraupena baita kontua, ez sedukzioa. Gutxienez euskaldunok ados jarriko bagina, gauzak garbi esan ahalko genieke elebakarrei, eta alderdi bat aukeratzera bultzatu. Euskararen alde zaude? Orduan fifty-fifty egingo dugu?
Euskararen alde, derrigor
Nik uste are harago jo behar dugula, eta Euskal Herrian bizi diren erdaldun guztiei ulertarazi dagoeneko euskaldunondako demokrazia linguistikoa izaterak ezinbestean eskatzen duela euskal herritar guztiek euskara jakitea, bestela euskaldunok ezin dugulako beraiekin euskaraz bizi, beraiek gurekin erdaraz bai bizi litezkeen bitartean legez inposatzen digutelako erdara jakitea. Guretako demokrazia bakarra beraiek guztien euskara ikasten dutenean. Noski, gainera zuk aipatu neurriak eta gehiago, euskaldunok ofizialki ere, gutxienez, erdaldunek duten bezainbeste eskubide merezi dugulako. Bitartean ez dago demokraziarik euskaldunondako, eta Euskal Herrian bizi diren erdaldun guztiak dira gure inposatzaile antidemokratiko. Hori ulertarazi behar zaie erdaldunei, eta hala, legez aitortu gure eskubideak, gutxienez, erdaldunek aitortuak dituzten neurrian.
Ondo izan
Bittor
Bai, ados nago zurekin, Bittor. Kontua da ze mezu hori helarazi nahi badiegu erdaldunei, batez ere euskaren alde egon daitezkeenei, orduan nire ustez behar diogu gauzak erraietatik adierazteari utzi, eta mezua positiboki modulatu, ez dela nahikoa haurrak euskaraz eskolatzearekin eta euskararen aldeko jaietara joatearekin, euskal komunitatea biziko bada, zerbait askoz ere drastikoagoa egin behar dela, guztion esfortzua errekerituko duena, eta abar.
Erdaldunei ulertarazi behar omen zaie euskara ikasten ez badute hemen ez dagoela demokrazia linguistikorik. Nik uste dut bizia arroxa kolorekoa ikusten duzula eta heidi eta pedrorekin bizi zarela. Lehenago ere antzeko iruzkinak irakurri dizkizut. Ea ba! Irten kalera eta esaiezu kasteiano elebakarrei euskara ikasten ez badute hemen ez dagoela demokraziarik. Irribarretxo bat gutxienez aterako diezu! “Tipo hau nondik atera da!” pentsatuko dute. Baina ze demontre gertatzen zaizue zu bezalakoei! Hau konkista da jaunak! Konkista! Eta konkistatzailearentzat euskara oztopo zikin bat besterik ez da eta lehenbailehen ezabatzea komeni da. Hainbeste konkistei buruz badakizue eta zer gertatzen zaizue hemengoa konkista bat dela ez ikusteko? Esaiezu AEBko zuriei nabajoa ikasi behar dutela demokraziaren izenean, “joan zaitez indiar erreserbara” esanez bidaliko zaituzte haizea hartzera, gure kasuan “joan zaitez arnasguneetara”. Hor ere hitz erosoagoa aurkitu dugu euskaldunok geurok, erreserba ordez arnasgunea alajaina!
Bueno, eta zuk zer proposatzen duzu? Zer egingo dugu euskara ez dakien maioria horrekin? Haietako asko odoleko baskoak dira, gainera.
Borroka. Baina borroka inteligentea, juduek egiten dutena bezalakoa.
Juduek borroka inteligentea… Benetan???? Galdetu palestinarrei.
Euskaldunak odolez? Odolez, 21. Mendean? Ufa!! Hau nibela!!!!!
Nik kalera aterata euskaraz egiten diet galdetu barik euskaldun bihotzeko diren, euskaldun soil, euskaldun ulertzaile, edo erdaldun huts eta peto. Eta ulertzen didanari, ongi, eta ulertzen ez didanari, hor konpon. Ez diot nik itzuliko esandakoa. Berak galdu beharko du. Nik ulertzen diot berak erdaraz eginda ere. Pentsatzen dut zuk ere, heiditar edo ez, horrela jokatzen duzula, eta horrela jokatzera bultzatzen dituzula zure inguruko guztiak, ala?
Juduek borroka inteligentea egin dutela ezin da ukatu. Beste gauza bat da egin dutena ez zaigula gustatzen, palestinarrei egin dietena ez dagoela ondo, baina onartu beharra dago zeinen ondo egin duten guztia. Hainbeste lurralde ezberdinetakoak elkartu, kultura ezberdinetakoak, eta estatu bat sortu. Hemen euskaldunok kultura berekoak izanagatik ez gara ezta zaborren kudeaketan ere ados jartzen. “Bai, baina dirua dute juduek eta AEBen laguntza” esango du norbaitek. Bai, baina nik argi dut euskaldun dirudun handiak izango bagenitu ez zutela denbora askorik gastatuko Euskal Herria sortzen laguntzen eta AEBan lobia egiten. Hor ere aldea. Eta zer esanik ez inork hitz egiten ez duen hizkuntza bat berpiztu eta miloika pertsona hori hitz egiten jarri. Guk hizkuntza berpiztu beharrik ez dugu baina daukaguna erabiltzeko gai ere ez gara, hor daude erabilpen portzentaiak. Eta dirudunak izango dira juduak bai, baina hizkuntzarekin egin dutena egiteko dirua baino zerbait gehiago behar da. Euskaldunak hori guztia egiteko gai garela nork sinestu dezake? Egin dutena ez al da borroka inteligentea? Eta berriro diot ez dudala gogoko egin dutena, baina meritua beraien ikuspuntutik begiratuta ezin zaie ukatu. Hori da borroka inteligentea. Hemen aldiz zaborra gora eta behera, sindikatuak ere bananduta, batek sozialismoa nahi duela eta besteak ez… Juduek ere izango dituzte desadostasunak baina estatuko gaietan bat egiten dute eta bat egiten dutelako egin dute egin duten guztia. Zerk bereizten du nazio indartsu bat? Antolaketak, besterik ez. Euskaldunok bat egingo bagenu, denok euskaraz hitz egingo bagenu… indar beldurgarria izango genuke, uholde bat bihurtuko ginen eta indar handiak oraindik eta jende gehiago erakarriko luke, indarrak lilura sortzen duelako. Nik horri deitzen diot borroka inteligentea.
Zurekin ados Gilen, espainiarrek euskaraz hitzegin nahi izatea español bat badago aurrean “edukazio txarrekoa” dela sinistu arazi digute, gu garela intrasigenteak, ziurrasko alemaniako nazi batentzat judutarra izatea intransijentea izatea litzake:
Argi daukat gaur presioa egiteko 3 modu nagusi daudela,1. islamiarrak bezela asko eta burugogorrak izatea, 2. alderdiek koste politikoa edukitzea, eta 3.kontsumitzailearen indarra.
Hirugarren hori nik egunero jartzen det praktikan, españolez ederto mintzatzen naiz eta lanean berezo batek españolez nahi badu hala egiten diot, baina bezeroa ni naizenean nerekiko adeitasuna eta nere herriarekiko, lurraldearekiko eta arbasoekiko errespetua exigitzen det, beraz euskeraz. Beti beti edozein ezezaguni kalean, dendetan, edo edozein lekutan “barkatu, badakizu euskeraz” batekin hasten naiz, tipoa beltza bada ere (askotan sorpresak daude), eta negozio batetan aurrean dudanak ezin banau euskeraz atenditu beste norbaiti deitzen diot, bestela hurrengorako kontutan daukat non kontsumitu.
Hau ez bazaizue ongi iriditzen, ez heman buelta geiagorik euskeraren egoerari edo asuntoei.
Zurekin ere ados Bittor.
Itzulpena da gakoa. Itzulpenik gabe inork ez du euskaraz irakurtzen, irakurtzeko askorik ez dagoelako (bai badakit euskarazko eleberri eta poema kaxkar andana argitaratzen dela). Irakurtzen ez den hizkuntza bat desagertzen da. Jendea gehiegi zentratzen da kalean hitzegiten denarekin.
Hizkuntza kolokiala gora eta behera, euskalkiak gora eta behera… ondo, baina…
Botere zentroetan (zientzia-jakintza, enpresa-ekonomia…), euskaraz hitzegiten den leku gutxi horietan ere, teknikoa den guztia gaztelania/frantsesa/ingelesetik hartzen da. Horrela ezin dituzu estrato sozialeko maila gorenak bereganatu. Eta horrela hizkuntzak ez du inolako prestigiorik.
Oraindik ere, nire harridurarako, gazte asko harritzen dira gradua zein doktoretza nik euskaraz egin izanaz. Oraindik “fisika nuklearra euskaraz ezin da irakatsi”-ren ideia zabaldua dago, eta zentzu batean ados nago.
Euskaraz klasea ematea, baina ikasleei lanak beste hizkuntzetan ematea, edo euskaraz hitzegitea lankideekin baina dokumentu teknikoak (argitaratzen ez diren horiek) beste hizkuntzetan egotea zentzu batean bai da “fisika nuklearra ezin da euskaraz irakatsi”.
Euskaldunak ez gara genioak. Ezin ditugu munduak ekoizten dituen obrarik inportanteenak guk geuk egin. Itzuli behar ditugu.
Ados.
Ez ditugu elebakarrak konbentzitu behar, batik bat ikasi nahi ez dutelako, ta ahal duten heinean, legeak ta egoerak hori ahalbidetzen dien bitartean, ez dute euskara ikasteko esfortsu minimorik egingo, berdin du euskararen alde daudela badiote.
Esfortsu gutxiago behar danarekin berdin jokatzen du jendea, birziklatzearen aldekoa naiz baina derrigor izan gabe ta zaborra banadu gabe, aldekoa nahiz magikoki ta esfortsu gabe egiten bada.
Erdaldun elebakarrak gaztelerarekin nahiko badu, zertarako gastatuko du denbora euskara edo beste zerbait ikasten?Nahiz ta dohainik izan, ez du behar ta, benetan uste badugu inoiz iritziz aldatuko dutenik jai dugu.
Ta beraien semeak nahiz ta euskara ikasi, etxean beste mezu bat jasotzen dute, euskararekiko erdeinuarena, ta gurasoak ez dakitenez, umeek euskara gutxiago ikasten dute ta harekiko izan beharko zuten maitasun edo begirunea, desagertu egiten da.
Duela gutxi lagun bat enpresa batean sindikalista modun hautatua izan dana ta LABen afiliatua dagoena, prebentziorako ikastaro batzuk egin behar zitun, LABen lan giten duen ordezkariari erran zion berak kurtsiloak euskaraz egingo zituela edo ez zituela egingo( lagunak jada beste ikastaro bat egin zun ta kondizio berbera jarri zun),
Kursiloak atera dira, ta euskaraz izateko 20 behar omen ziran gutxienez (gazteleraz ez dakit).
40 ordezkari egonda ez da euskarazko klaserik atera, LABen lan egiten duenari galdetuta erran zion berak 23 ordezkari eramaten zituela ta hoietatik 16 gazteleraz egin nahi zutela ikastaroa, 6 euskaraz nahiago zutela baina berdin zitzaiela gazteleraz baziren, ta nire laguna euskaraz derrigorrez.
Azkenean ikastaroak gazteleraz izango dira ta nire laguna euskaraz egingo ditu, hori bai funtzio publikokoekin egingo du ta ez egin beharko zukeen sektore berdinekoekin, hoiek euskaraz derrigorrez egin behar dituztelako ikastaroak.
Ta horrela gaude, eztakit zer ulertarazi behar diegula erdaldunei, baina nik ez dut euskaraz egiten besteei ezer ulertarazten,euskaraz egite diet (gehienetan), ta bakarrik derrigortua nagoenean gaztelerara pasatzen naiz.
Ta emaitzak uste baino askoz hobeagoak izan dira, ta pena merezi du izaten ditudan liskarrak lortzen ari dudana ikusita.
Hori bai, estresa ez dut nik bakarrik sentitzen, beraiei ere sentiarazten diet.
Hori bait da beraiek ikas dezaten egin dezakegun gauz garrantzitsuenetarikoa nire aburuz, hau da, zuk sentitzen badezu zerbait behar dezula guztiz onartua izateko, guztiaz konturatzeko, hiritar osua izateko… orduan bai ikasiko zenuela, ta dohainik bazan errazago, baina nahiz ta doahinik ez izan, estres hori jasango bazuten, askoz jende mordo ikasiko zun.
Duela gutxi hitz egin genuen maila makroaren garrantziaz, eta orain berriz ematen du trabatuta gabiltzala maila mikroan. Ala mikrotik bakarrik aldatu daiteke makroa?
Ala mikrotik bakarrik lor daitezke sostengu sozial eta botere politiko nahikoak aldaketa sakonak eragiteko? Ez dakit, iruditzen zait batzuetan zakil-neurketan baino ez gabiltzala.
Eztabaida antzua da. Makroa mikroaz dago osatua, beraz ez dira bereizten. Makroa eta mikroa gauza bera dira. Zer faktore diren garrantzitsuenak diot nik, bertan testuen itzulpena da nire iritziz, besterik ez.
nire proposamena autonomia erkidegoan catalunyan bezalako eredua jartzea litzateke,denek bai euskara bai gaztelera menpera zezateen.D ereduaren antzekoa beraz.Nafarroan gizartea ez dago prestatuta holako aldaketa baterako oriandikan.
hau esanik,uste dut ez dela ona ta onuragarria euskal gizartea hainbeste estutzea euskeraren desagerpenaren inguruko mamua bein ta berriz astintzen.Zoritxarrez hizkuntz bat ez da berreskuratzen desargetzen den abiadura berdinean.Gure belaunaldiak ez du euskal herri euskaldun bat ikusiko baina bai gure ilobek.Hori da gure betebeharra
IRUÑEAEUSKAAZ: “ez da ona euskal gizarte hainbeste estutzea euskararen desagerpenaren…”
1.-Euskal gizartea ez dago estutua. Ideiarik ere ez du gertatzen ari denaz, maldan behera goazela, alegia. Alderantziz, oso ongi goazelakoan dago.
2.-Euskaltzaleok ere, nire ustez, ez gara horretaz ohartu. Zu zeu, kasurako.
3.-Bitartean, Larraunen, Basaburuan, Ultzaman…haurrak euskaraz mintzatzen ziren herri bakarrak …akabo. Denetan ari dira erdaraz.
4.-Euskaltzale batzuk kezkati ikusten ditut, eta ni ere bai, ondamendia ikusirik.
Beraz, zer egin behar dugu?
Ba bai, arrazoi duzu, horrela jarraituta hau urte gutxiko kontua da. Ez dakit nahikoa gihar daukagun euskaltzaleok egoera iraultzen hasteko, Mohikano sindromea sartzen zait askotan.
Dena dela,Egian egin berri duten bezalako ekimenek ematen didate hauspoa. Argi dagoena zera da ekintza zehatzetara pasa behar dugula eta hizkuntza eskubideen gaia azaleratu eta ikustarazi.
Eceçagunarequin eguin behar dugu nahi ukan deçagun hizcunçan, euscaran casu hunetan, eta euscararic ez daquiena, joan dadila çucenean popatic harcerat. Ez da ene araçoa baldin ulercen ez baderaut.
Ez daquit hori educationea den ala ez, bainan nago ‘educationearen’ icenean hizcunça asco galdu direla.
Statu proprioa behar du euscarac, Statu naffarra. Statuarequin lotzen ez deno hizcunça, jai dugu.