Realari errealak barkatzen

Realari errealak barkatzen

Argia aldizkarian irakurri ahal izan dut albistea aste honetan, Iker Oñateren eskutik. “Markel Olanoren aurkako kereila onartu dute, Realari 6,4 milioi euro barkatzeagatik”. Realari erreal dezente barkatu omen zizkion Diputazio jeltzaleak, mila milioi pezeta baino gehiago, eta hori errealetan zenbait den, ba atera kontuak.

errealakDena den, afera honen inguruko kalapita oso kuriosoa dela iruditzen zait. Zeren eta kontu hau salatu duena ez da edozein izaki hilkor, ikerketa bat egin duen kazetari bat edo horrelako zerbait. Inondik inora. Salaketa jarri duena Iñaki Badiola da, Realeko lehendakari ohia, bera ere futbol taldearen diru kontuen bueltan egondako beltzuneak zirela eta epaitua izandakoa. 2008an zehar izan zen  Badiola taldeko lehendakari, abenduan batzar gatazkatsu batean kanporatua izan zen arte; dirudienez, taldeari zorra 2009an barkatu zitzaion.

Ez naiz aditua gai honen inguruan, baina agerikoa da talka hartan Badiola erresuminduta atera zela, eta su haietatik ke hauek datozela dirudi. Kereila zuzen-zuzenean dago Markel Olanori bideratuta, garai hartako diputatu nagusiari. Markel Olano, SWAP-ena, angulena, Bidegirena eta batek daki zenbait lokatzetan dabilena. Kontu guzti hauetan leporaino sartuta egon arren, egun Gipuzkoako Ahaldun Nagusi txit gorena, hauteskundeetan demokratikoki hautatua. Erraustegiaren proiektua babeste aldera, gobernu aldaketa iritsi bezperan gorpuztu zituzten klausula kriminal horiek sinatu, eta gero angulak jatera joan zena; eta ondoren “ongi egina” zegoela lau haizetara zabaldu zuena. Beharbada, eta kereila zuzena izatekotan, noski, ez zaio astakeri bat irudituko Realari dirutza hori barkatzea. Kontxo, niri oso ondo iruditzen zait Gipuzkoako Ahaldun Nagusia errealzale amorratua izatea, baina herritarren poltsikoari eragiten ez dion bitartean. Eman ditzala azalpenak.

Badiola VS Olano, badirudi zozoak belea ipurbeltz izateagatik epaitu nahi duela.

Realari errealak barkatzen

2 pentsamendu “Realari errealak barkatzen”-ri buruz

  • Futbola indar mediatiko bat da eta alderdi guztiek nahi dute edo kontrolatu edo lagun izan.
    Lagun izateko zorrak barkatu behar dira, eta beste alderdiak lagun izatea eragozteko, zorrak barkatzen dituztenean denuntziak jarri.

  • Beñat Amenabar 2016-03-27 20:05

    Ez naiz ni Badiola zalea ezta aldekoa ere, baina ez dut uste eztabaidaren mamia Badiola eta Markel Olanoren artekoan kokatu beharko genukeenik, eztabaida da ea beste edozein herritar edo enpresari Aldundiarekin dituen zorrak inolaz ere barkatzen ez zaizkion bezala zer dela eta Errealari bai??? eta bide batez orain egitera doazen Anoetaren handitze hori nolatan baimentzen da, gaur egungo zelaia betetzen ez dutenean?… en fin…hori guztia kudeatzaile fina eta eredugarrien eskutik…