Ostikoak besteen ipurdietan

Ostikoak besteen ipurdietan

Ostikoak besteen ipurdietan

Tripak erdi nahastuta ditut egunotan; gaitzen hurbiltasunak berebiziko garrantzia baitu minean. Mutrikuarra izanik, Ondarroara begira pasa ditut egunak, azken aldiko gaitzen kateari iskinetik begira. Ederki aipatu zuen Zuhaitz Ordokik ondarrutarren elkartasuna, kasta, arazoei hortzak estututa aurre egiteko gaitasuna.

Irentsi zintuen luizi haren aurretik heldutako harri solte hura zen ulertu behar zena, abesten du fin Anarik. Nahiz eta ez den erreza mendia gainera erori aurretik ostikoka urrundu berri duzun harri koxkorraren arriskuez ohartzea. Eta orduan, sortzen da bumeran efektua eta zuk ostikoka urrundu zenuen hark ostikatzen zaitu orain zu. Ohartu gabe ostikoak ez direlako berdinak ipurdi guztietan: ederki sentitzen ditugu geure popetan, antzematen ditugu ondokoarenean eta jasotako kolpearen osteko oihuak ez du oihartzunik urrunean.

Ondo ikasia daukagu mina distantziatan neurtzen; ondarrutarrak ez baitira azken aldian euren etxeetatik ihes egin duten bakarrak, ez dira hil diren (dituzten) bakarrak, ez dira luiziak irentsi dituen bakarrak. Baina kilometrotan neurtzen diren minek lepoa eta begirada norabide bakarrean okertzea dakarte. Eta harantz begira gaudenez, aprobetxatu genezake ikasteko: ikusteko nola lagundu duten zinegotziek kaltetuen etxe zein lokaletatik kaxak ateratzen, ikusteko nola mobilizatu diren Ondarroako zein alboko herrietako etxe hutsak okupatzeko, ikusteko nola egiten duten protesta langileen lan baldintza duinak aldarrikatzeko; ikusteko eta ikasteko, funtsean.

Izan ere, perspektiba pixka bat hartu, belarriak zorroztu eta urrunekoen ipurdian emandako ostikadaren ondorengo oihua entzuten ahaleginduko bagina, agian lotsaz hilko ginateke; albokoari elkartasuna adierazi bitartean urrunekoak urrun mantentzeko harresiak eraikitzen baitugu. Trikimailu politikoak asmatuz, mina ahalik eta urrunen mantenduz. Gaitzen artean distantzia hartzeko; geure (zuri europarron), pribilegioak mantentzeko. Eta Melillako harresietan kateatutako hark ere agian ostikatuko zuen luizi haren aurretik heldutako harri solte hura, eta orain lur-jauziaren gisan zanpatu duen Europan burua ezin aterata dabil, guk minari tartean kilometroak jartzen dizkiogun bitartean. Ondo baino hobeto azaldu baitzuen Kattalin Minerrek Berrian Europak hilko gaituela: “Europak tirokatuko, gaseztatuko, kolpatuko ditu gureak ez diren gorputzak, baina ohartu baino lehen, arnasa faltako zaigu tabernako atarian zigarroak erretzen ditugun artean, eta ez gara ohartuko Europak belztu dizkigula birikak eta barrenak”.

Albokoarekin egiteko prest gaudena urrunekoekin egiten hastea borondate kontua da. Elkartasuna eta mina distantziatan neurtzeari uzten ez diogun bitartean, geure pribilegioen defentsan edozer balekoa dela pentsatzeari lagatzen diogun artean, zuri eta Europar izateak zapaltzaile egiten gaituen bitartean Europak hilko ditu (gaitu).

Ostikoak besteen ipurdietan

4 pentsamendu “Ostikoak besteen ipurdietan”-ri buruz

  • Invasio islamiar SUNNI hau neri susmagarriegia iruditzen zaidala, EEBB etako Soros bezelako multimillonarioak Europan etorkin islamiarren ate irekien politikaren alde egitea susmagarriegi iruditzen zaidala, Espaniako eta Europako eskuin ultrakapitalistak ixilik egon arren, inmigrazioa arriskuan dagoenean honen defentsa sutsuan irtetetea susmagarri egiten zaidala.
    Konturatu etzaretenontzat, oligarkiaren helburua Europar batasuna EEBB ak bezala bihurtzea da, ez askatasunetan noski, ekonomikoki baizik,soldatak jetsi, langileei indarra kendu eta babessoziala suntsitu hau sostegarriezina bihurtuaz.

  • Niri susmagarria ere Siriako gerra amaitzear dagoenean eta errefuxiatuak euren herria itzultzeko aukerarekin hemengo batzuk nerbioso jartzea. Ez al dugu nahi jende hori euren etxe propioetara, maite duten lurrera itzuli ahal izatea nahi? Suntsituta dagoela, noski, orain berriro altxa beharko dute, konstrukzioan, negozio berrietan, itzultzan asko aberastu ahal izango dira. Badirudi batzuek nahiago dituztela hemen soldata xumearekin lan merkeetan eta babes ofizialeko etxeetan bizitzen dirulaguntzen esklabu, euren lurretara itzuli eta lurraren jabe izatea baino. Historiak agirtuko digu ze interesak zeuden jokoan hemen.

  • Herrien hizkuntza-paisaia aldatzea gaizki dago baina herrien kultura eta etniak ordezkatzea ondo al dago?

  • Nere Aburuz 2016-04-01 17:12

    Jende baten etxeetako solairua bustitzen ari da itoginak dituztelako. Geroz eta gehiago dira arazo hori dela eta etxetik alde egin behar izan dutenak. Adierazi dezagun gure desadosasuna egoerarekin. Enpatiza dezagun oinak bustiak dituztenekin. Erakuts diezaiegun gure babesa. Erakuts diezaiogun geure buruari kontzientzia soziala dugula…
    Baina itoginek bertan diraute. Geroz eta gehiago dira gainera. Eta hauek nola konpondu ez da eztabaidatzen. Itogin hauek zerk/notzuk sortzen dituzten ez da eztabaidatzen. Etxetik alde egin behar izan dutenei etzaie galdetzen egoera konpontzeko zer egingo luketen.

    Hainbat berriemale etorkinen miseria kubritzen, hemendik edo bertara joanda, hainbat iritzi emaile profesional beraien miseriari buruz eztabaidan. Baina inorrek ez du jotzen arazoaren sorburua konpontzen saiatze aldera.

    Arazoaren sorburua konpontzen saiatzeko politikoki zuzenak ez liratekeen irakurketak egin beharko lituzkete komunikabideek, kazetariek. Eta nik irakurri ohi ditudan 2 euskal egunkariak ez dira albiste internazionaletan mundu mailako irakurketa ofizialetatik aldentzen.

    Horrela, zenbat hildako izan diren eta bizirik geratu direnek zenbat sofritzen duten besterik kontatzen ez diguten kazetari, komunikabide batzuk ditugu. Baina horrek ez gaitu harritzen. Normala hori dela uste du gehiengoak. Egia esan beti hala izan baita.

    Ni ere ez nau harritzen jendearen harridura faltak. Baina bai kazetaritza bokaziotzat dutenen harridura faltak. Uste baitut kazetari baten helburuak jendeari mundua hobeto ulertarazteak beharko lukeela izan.

    Ez dugu afrikar etorkinen arazoaren sorburua konpondu naiz eta orain urte batzu modan egon. Ez dugu ekialdeko etorkinen arazoaren sorburua konponduko.
    Ur putzura begiratu eta hanka bustiengatik sumindura erakustea dela arazoa konpontzeko jarrera sinetsita baitugu.

    Komunikabideek kamara beti behera begira dute. Eta kazetariek uste dute hori dela kazetarien betebeharra. Ebidentea dena errepikatzea, bertsio ofizialak hizkuntza ezberdinetan ematea. Putzuak daudela eta jendea bustitzen ari dela.
    Baina nozbait jenderik bustiko ez bada, kazetariek bustitzen hasi beharko dute.
    Begirada tokiz aldatu eta itoginen izatearen arrazoietara jo.
    Agian ez da putzuak eta jende bustia dagoela esatea bezain ebidentea eta objetiboa.
    Gezur ofizialez beteriko mundu honetan balorazio subjetiboekin bustitzea beharrezkoa da agian.