Euskarara derrigortu
Euskarara derrigortu –
Ez digute inolako mesederik egiten ez egingo. Bost axola zaizkie gure hizkuntza-eskubideak. Euskarara seduzitzea? Ez, merkatuak ez du horrela funtzionatzen. Euskara normalizatzeko aukera bat izan nahi badugu, geure eskubideak baliarazi behar ditugu. Aldarrikatu behar dugu ezen euskara ukatzen diguten bakoitzean justiziaren kontra doazela, elkarbizitzaren kontra, krimen bat egiten dutela gure komunitatearen kontra, gizateriaren kontra. Seduzitu ez, derrigortu. Euskarara derrigortu.
Izenburuak eta sarrerak beste zerbait aditzera eman badezakete ere, ikus-entzunezko industriari buruzkoa da artikulu hau, eta beste honen segidan dator: Euskara eta ikus-entzunezko konpainia multinazionalak. Han, azaldu nahi izan dut euskarak zer egoera duen, eta zergatik, ikus-entzunezko hedabiderik arrakastatsuenetan.
Honela laburbil daiteke aurreko artikulu hori:
Ikus-entzunezko saioak nahitaezkoak ditugu euskararen erregistro informala azpigarapenetik ateratzeko. Zoritxarrez, fikziozko programarik ikusienak (telesailak, filmak eta beste) ez daude gure hizkuntzara egokituta, eta ez dirudi epe luze samarrean egongo direnik, zeren, diruak agintzen duen industria horretan, euskaldunok gutxiegi baikara inoren arreta erakartzeko. Azak ontzeko, guk geuk ere ez bide dugu interes handirik aferan, eta praktikan onartu egiten dugu, lau katuren kexak gorabehera, bizi dugun egoera hau.
Aipatu artikuluaren azken lerroan, galdetu dut, ia modu erretorikoan, ea zerbait egin daitekeen; izan ere, ez dirudi posible, gure txikitasunean eta ezaxolan, ezer egin daitekeenik.
Hara, ba artikulu honetan azalduko dut zer bururatu zaidan niri.
Gako-hitzak: derrigortasuna, giza eskubideak
Baldin ikus-entzunezko multinazionalek aintzat hartuko badute euskara, derrigortasuna ezarri behar da. Hau da, beren negozioak kokatu nahi badituzte gure hizkuntza erabiltzen den lurraldeetan, derrigorrez sarrarazi behar diegu euskara beren produktuetan.
Baina nork derrigortu ahal ditu holako konpainiatzarrak! Eusko Jaurlaritzak ez, argi dago. Agindua goragoko esferetatik etorri behar da: Espainiatik eta Europar Batasunetik.
Espainiako konstituzioak dio:
Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorri. (EK, 3.2)
Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du. (EK, 3.3)
Bada, babes berezi hori behingoz emateko eskatzen diogu Espainiari. Izan ere, geure burua euskaraz garatu ahal izatea, maila eta arlo guztietan, giza eskubidea da. Halakotzat eduki eta edukiarazi behar dugu. Badugu eskubidea, halaber, kultura eta entretenimendua geure hizkuntzan gozatzeko. Eta eskubideok gauzatzeko bideak izan behar ditugu. Nahiz eta lau katu garen, edo, hain justu ere, lau katu garelako, minoria kaltebera bat alegia, gure eskubideak zaintzea lehentasunezkoa izan behar da gizarte honetan. Beraz, ez guk baina Espainiak inposatu behar die bere lurraldean negozioa egin nahi dutenei bertako hizkuntza ofizial guztiak onartzeko betebeharra; eta guk Espainiari exigitu bere konstituzioan aitortzen digun babesa berma dezala.
Europari, berriz, erreklamatu behar diogu has dadila praktikan jartzen Eskualde eta Hizkuntza Gutxituen Aldeko Europako Karta, ikus-entzunezkoen multinazionalei errespetaraziz estatu bakoitzean dauden hizkuntza gutxitu guztiak. Europar Batasunak berak dio helburu hauek dituela ikus-entzunezko komunikabideen arloan: aniztasun kulturala iraunaraztea (Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Zuzentaraua) eta Europako aniztasun kultural eta linguistikoa sustatzea (Creative Europe Programa). Sartzen al dira hor gure hizkuntzak? Aintzat har gaitzatela exigitzen dugu.
Beharbada inozokeria da horrelakoak planteatzea, eta goi-estruktura horiek inoiz ez dute benetan eraginkorra eta esanguratsua den ezer egingo Europako hizkuntza gutxituen alde. Horregatik, nire ustez, hartu behar dugu abiapuntutzat giza eskubideen aldarria. Lehenik geuk sinetsi behar dugu geure hizkuntzan bizitzea giza eskubidea dela, eta uzten ez digutenei gogorarazi krimen larria dela giza eskubideak urratzea.
Gaur, jomugan hartu nahi nituen, soil-soilik, ikus-entzunezko plataforma eta telebista internazionalak. Baina hemen esandako guztiak bizitzaren esparru guztietarako balio du. Beude esparru horiek hurrengo baterako.
Amaituko dut, berriro ere, galdera batekin, zerbait esateko duenak erantzun dezan:
Zer egin daiteke Netflix* derrigortzeko bere produktuetan euskara sartzera?
…
* Jarri hor nahi duzuen plataforma, kanal edo zerbitzu mediala.
Espainiari eskatu ez, Espainiarengandik eta Frantziarengandik askatu eta gure estatua lortu behar dugu gure hizkuntza nazionala derrigorrezko izateko.
Ez dakit estatu batekin auzia konponduko ote genukeen, izan ere, geure geureak diren erakundetan (eitb, liburutegi publikokoak…) askoz indar gehiagorekin bultzatzen dute gaztelera euskara baino. Eta Espainiak ez die behartzen horrela jokatzera.
Gauzak (hizkuntzak) derrigortzeko behar dituzu erakunde ahaltsuak, eta gizarte ahaldundu bat.
Adibidez, Euskadiko liburutegi digitalean, sortu berrian, zergatik ez jarri filmak, serieak eta dokumentalak, euskarazko azpitituluekin ere? Ez dirudi hain zaila nire ustez.
Zer egin? Euskaraz kontsumitu. Netflixen bi pelikula on onak (eta oraingoz bakarrak) euskaraz: Handia eta Errementari
Kontsumitzen ez bada ezin exijitu. Copyrighten kontuak ere existitzen dira eta garestiak dira.
-Estatua: euskara desagertuko da estatua lortu baino askoz lehenago. Euskararen alde egin dezakegun guztia egin behar dugu estatuaren zain egon gabe; hori bai, estatuaren alde gaudenok alde batera utzi ere gabe estatua lortzeko borroka.
– Erakunde ahaltsuak: ez dauzkagu. Gure exigentziak Europari eta Espainiari helarazi behar dizkiegu, eta etengabe gogorarazi giza eskubideak urratzen ari direla. Pentsatzekoa da hemengo gobernuek, partiduek eta politikariek beharko lituzketela eraman exigentzia horiek Madrilera eta Bruselara.
-Espainiak eta Frantziak, bestalde, ofizialtasuna eta babesa ez ezik, erreparazioa eta kalte-ordaina ere zor digute mendeetan euskaldunen kopurua drastikoki gutxiarazteagatik.
– Ipuru, “Ez dirudi hain zaila nire ustez”, diozu. Orduan, zergatik ez da egiten? Ez dutelako nahi? Ba nola edo hala behartu beharko ditugu, ezta? Edo zain geratu eskuzabal sentitzen diren arte?
– Kontsumoa: bai, baina zer? Bi pelikularekin ez dago astebeterako ere.
– Copyrighta: hizkuntza gutxituetako hiztunok abantaila edo hobari batzuk eduki beharko genituzke arlo honetan, nolabait konpentsatzeko hizkuntza handiekiko desoreka. Hori ere Europari exigitu beharko genioke.
Geure erakundeek ez dute nahi sikiera azpititulatu (merkea eta teknikoki erreza) ikus-entzunezkoak euskal gizartea exijitzen ez dielako.
Ene ustez, Gilenek arrazoi du : Estaturako borroka politikoa deliberatuki ereman behar da bururaino.
Bainan zenbat denbora iraunen duen ezdakigun borroka hau bururaino ereman ahal izaiteko, bitartean euskaltasunak eta euskalduntasunak existitzen segitu behar dute, bestenaz Estaturako borroka politikoak berak ere galduko luke dramatikoki erregai eta zentzu, alferrikakoa bilakatzeraino.
Errealistak bagara, onartu behar dugu erreskate egoeran gaudela, beraz ezinbestekoa da lehen bai lehen bilatu eta asmatzea nola borroka politikoa paraleloki eremaitea egiazko euskaltasuna eta euskalduntasuna zaindu edo errekuperatzeko eguneroko bizitzan, gotorleku jakin batzuetan hasiz bederen.
“Euskal” gizarteak ez ditu hizkuntz eskubideak aldarrikatzen, botereak (espainiarrak bai, baina autonomistak ere bai) menpekotasunean hezi gaituelako.
Denean ados Gilenekin atal batean izan ezik. Lehenik eta behin bertoko erakunde ahulei exijitu behar zaie bere lana egin dezaten behingoz. Jaurlaritzari, foru aldundiei, udalei… eta alderdi nahiz sindikatu abertzaleei. Eta unionisten zapalkuntza lotsabakoari planto egin.
Euskaltzaleok antolatu eta ekin. Berandu(egi) baino lehen.
Oraingo egoera politicoa baino charragoa eduqui gueneçaque. Hobea ere bai, nosqui.
Neure beldurra da ez othe garen joanen charragora.
Ohitu gara PNV aguincen (Naffarroaco parte honetan cein Euscadi deitzen baita) eta sinhesturic gaude hala içanen dela dathocen urtheetan.
Ez da certan horrela içan behar.
Ethorquiçunean espainolistac egon litezque botherean eta aguian republica espainol uniformatzailea statu espainolean.
Oraingo auquerac ez ditugu guztiz valiatzen eta noizbait damutu eguinen garateque haiec valiatu ez içanaz.
Bessarcada baicorra.
Euskarazko edukiak txertatzea litzateke ona, gainontzeko edukiak euskaraz jartzea baino. Ohitu behar dugu edukiak bertsio originalean ikusten, azpitituluekin. Eta euskarazko azpitituluak jartzea, apustu sendoa eta merkea litzateke. Egin dezatela!
Hala da, Josu, Iparraldeko egoera Euskal Herri osokoa izan liteke etorkizun batean. Horregatik euskalduntasuna blindatzeko moduak bilatu behar ditugu. Nire ustez, modu bat izan liteke hizkuntza-eskubideak giza eskubideekin parekatzea, edo pareka daitezen aldarrikatzea.
Ildo horretan, gaur Berrian irakurri dut Eusko Ikaskuntzak proposatzen duela, besteak beste, “euskararen ulermen unibertsala” eta “hizkuntza eskubideak gainontzekoen pare jartzea”. Bi kontzeptu klabe iruditzen zaizkit. Hori bai, zail ikusten dut PNVk horiek onartzea, ikusita nor duen bidelagun.
Eskubideak eska daitezke noski, baina ez dizkizute oparituko. Eskubideak inposatzen dira eta Wikipedian begiratu dudan azkeneko aldian behintzat euskal herriak ez du ejerzitorik.
“Zuzenketarekin” bat.
Ezin dugu zer emango diguten zain. Ikusi dugu EAJren aginteak zer gutxi eman duen, eta ezker abertzaleak gobernatzen duen herri eta hirietan egoera ez da askoz hobea.
Antolatu eta ekin, beste aukerarik ez dago. Eta azkar, rtzen ari gara eta.
“Zuzenketarekin” bat.
Ezin dugu egon zer emango diguten zain. Ikusi dugu EAJren aginteak ere zer gutxi eman duen, eta ezker abertzaleak gobernatzen duen herri eta hirietan egoera ez da askoz hobea.
Antolatu eta ekin, beste aukerarik ez dago. Eta azkar, urtzen ari gara eta.
Inor behartzen hasterako, aurreneko gauza, Netflixen euskarazko bi titulu bakar horiek zenbat kontsumitu diren enteratuko nintzateke. Eta gero horren arabera erabaki zer egin eta nori eragin. Euskarari (borondaterik onenaz) egin diezaiokegun kalterik handiena da, gero etxekoek baliatuko ez dituzten baliabideak exijitzea auzoei. Horietako pasadizo bakoitza (eta badira mordoxka) etsipenezko labankada bat da gure hizkuntzaren gorputz ahulean.
Eztabaida-puntu interesgarriak. Parte-hartzaile batzuek esan dutenarekin bat, estatu baten aldeko borroka politikoa ezin da alboratu inondik ere, herri batek eduki dezakeen tresnarik ahaltsuena baita. Baina borroka horrek belaunaldiak eman ditzake fruitua ikusi arte, eta bitartean erauntsiari eustea dagokigu, galduko ez bagara.
“Bertako” erakundeetan geure aldeko politikak exigitzeaz gain, euskaldunok hasi beharko dugu estamentu ofizialetatik at dagoen antolaketa propio bat eraikitzen, geure beharrei erantzuteko. Euskaldunok euskaldunentzat eta euskaraz. Erabat atomizatutako gizarte honetan geure burua lehenengo jarri ezean amildegitik behera goaz. Inpasse egoera honen larritasunean, hartzen ditugun joerek eragin handia edukiko dute etorkizunean, beraz erantzukizunez jokatzeko ordua da Herri honetan sinesten dugunontzat.
Badago oinarri soziala, badago urteetan pilaturiko jakintza eta badago proiektua sustraitzeko testuingurua. Lanean jartzeko garaia da, berandu baino lehen