Euskara eta ikus-entzunezko konpainia multinazionalak

Ikus-entzunezko konpainia multinazionalak eta euskara –

Batetik, euskara.

Bestetik, ikus-entzunezko multinazionalak: Netflix, HBO, Fox, Amazon Video, Disney…

Kontraesana dirudi bi elementuok esaldi berean agertzea, sintaktikoki absurdoa, oximoron bat.

Ordea, batera nahiko nituzke nik.

Ikus-entzunezko konpainia multinazionalak eta euskara

Hala nahiko bide luke Juan Luis Zabalak ere, honela baitio plastikozko euskararen gainean diharduelarik:

Hizkera adierazkor baten falta aipatzen dugu maiz, erregistro informalarena, baina erregistro informaleko erdarazko hitz eta esaldi adierazkor eta arrakastatsu asko erdarazko aktore baten edo erdarazko bikoiztaile baten ahotan entzun ditugu lehen aldiz, gure ondoko erdaraz egindako edo erdara horretara bikoiztutako milaka pelikula eta telesail ikusita.

[…]

Euskaraz sortu eta euskaraz azpititulatutakoez gain, bikoiztutako ikus-entzunezko erakargarrien premia larria du, nire ustez, euskarak.

Premia larri horri, aldiz, ez dirudi inor erantzuteko moduan dagoenik. Ez behintzat hain geurea den EITB. Are gutxiago, zer esanik ez, egun gero eta presentzia handiagoa eta pisuagoa duten erraldoi multimedialak. Negozio globalen mundu honetan, euskara ez da errenta.

Netflix

Zuzeun bertan irakurri berri dugunez, euskarazko bi film daude Netflixen. Norbaiti iruditzen ote zaio datu positiboa? Ez, negargarria da.

Kontua da euskaldunek Netflix kontsumitzen dutela, baita euskarazko kulturaren aldeko militante sutsuenek ere, baina kontsumo hori, zenbaitetan gogoz kontra bada ere, euskara ez den beste hizkuntza batean gauzatzen da. Ez dago beste aukerarik. Bitartean, euskaldun horiek beren diruaz laguntzen dute enpresa hori aberasten.

Disney

Hona zer axola zaizkion haur-gazteentzako filmen munduko ekoizle handienetako bati hizkuntza gutxituen eskubideak (Deia, 2010-02-07, 72 or.):

El […] Departamento de Cultura, que dirigía Miren Azkarate, se reunió con [Disney] para proponerle el doblaje al euskera de algunos de sus títulos. Era de entender que, en vistas del pequeño mercado ofrecido, los norteamericanos dijesen que no. Lo que cuesta más entender es, que, habiéndosele ofrecido el 100% de la financiación y la sufragación de las posibles pérdidas, también dijera que no.

Laburbilduz, EITBk ez du indarrik ez gogorik euskaldunok behar dugun ikus-entzunezko fikzioa sortzeko, eta kontu hauetan aginte-makila daramaten multinazionalak ederki futitzen dira euskaldunez eta haien eskubideez.

Euskaldunon erantzukizunari dagokionez, egia da txalotzeko moduko ahaleginak egiten direla batzuetan, baina ur-tanta ñimiñoak baino ez dira itsaso zabalean. Zenbaitetan, gainera, guk geuk ez diogu garrantzi handirik ematen auziari. Hona hemen Netflixen filmak euskaraz azpititulatzeko eskaera bat, duela 6 hilabete abiatua Change.org atarian. 14 pertsonak sinatu dute.

Hitz bitan bil daiteke gure egoera: jai daukagu.

Edo zerbait egin dezakegu?

Ikus-entzunezko konpainia multinazionalak eta euskara
azpitituluak, bikoizketa, euskara, netflix, telesailak

Zer duzu buruan “Euskara eta ikus-entzunezko konpainia multinazionalak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude