EUSKA(RA)(L)DUNA, beti aitzakiatan

EUSKA(RA)(L)DUNA, beti aitzakiatan –

EUSKA(RA)(L)DUNA, beti aitzakiatan

Gaur arratsean, telefonoz, Twitterren txiokatu ditudanak bilduko ditut hona, ZUZEU orainkarian “Euskararen gibelatzeaz” irakurritakoan. Hona hemen zortzi txio laburrok:

1) Arrazoi du Gabi Oyharzabalek dioenean hemen, Hego Euskal Herrian, eta bereziki EAEn, beti aitzakiak ditugula besteri egozteko euskara gibelatzearen erantzukizuna.

2) Eragozpenak eragozpen, euskara legezkoa da hemen, lanpostu publikoetan lan egiteko eskakizunetako bat, eta, Euskararen Legearen (koofizialtasunaren) 40 bat urteren bueltan, asko eta asko gara euskara(z) ikasi eta bizitzeko (benetako) gaitasuna dugunok.

3) Hala ere, edozein aitzakia erabiltzen dugu, egunero, uneoro, gaztelaniaren mundu erakargarri eta txundigarrian murgiltzeko. Eta GU maiestatikoa darabildanean, ez dut esan nahi denok berdin jokatzen dugunik, denok euskarari eta, hortaz, Euskal Herriari traizio egiten diogunik.

4) Badakit, bai, euskaradun huts nahiz euskaldun zintzo askotxo dagoela, zaudetela edo gaudela, baina nabarmenegiak begitantzen zaizkit bestelakoak, erdarara jauzi egiteko ia aitzakiarik ere behar ez dutenak.

5) Izan ere, nik egunero-egunero entzuten ditut euskaldunak euren artean gaztelaniaz berbetan; maiz, niri inoizkotan eta bakarka euskaraz egiten didaten euska(ra)(l)dunak (?).

6) Batzuetan, eta ez gutxitan, pentsatu izan dut hobe litekeela, lehengo garaietan bezala, euskarak (benetako) jazarpena eta debekua jasan beharko balu, horrela behintzat, euskal kontzientzia, akaso, berriro piztuko bailitzateke eta horrek, nonbait, koherentziaz jokatzera animatuko gintuzke.

7) Tira, barkaidazue, euskaldun txiolari zintzook, baina arrats txarra pairatzen ari naiz zentzu horretan, enegarrenez, semeen entrenamendu orduan nahiz osteko ohiko garagardo dastaketan: zenbat eta zenbat ‘euskaldun’ erdaraz egiten!

8) Eta ni, zer ondo txokotxo honetan, bazter, bakarrik. Umeak hartu eta etxera noa, zazpiak jotzeko dira eta.

EUSKA(RA)(L)DUNA, beti aitzakiatan

9 pentsamendu “EUSKA(RA)(L)DUNA, beti aitzakiatan”-ri buruz

  • Osoro kezkakide zaitudala bihoa aurretik. Dena den, “euskaradun” termino hori gaitzesteko hartzen dut idazteko lana. Lehenik “vasco” izan zen arerioari oparitu genion hitza eta orain badirudi “euskalduni” egokitu zaiola txanda. Gure hitzez eta haien esanahiez jabetzen dira eta gu hitz berriak asmatzera behartzen gaituzte, zurtz utzita. “Vasco” gaztelaniaz eta “euskaldun” euskaraz, euskaraz bizi zen lagunari irizteko erabili ohi ziren eta horrela beharko luke aurrerantzean ere ene uste apalean. Horri eusten ez badiogu, gaztelaniaz baino egiten ez duten euskal herritarrak izendatzeko erabiliko dira labur barru, euskara erabat desagertu eta gero, hori baita, hasi dugun bidearen helmuga. Eutsi diezaiegun gure hitzei, jabe gaitezen haien esanahiez arerioari opari egin gabe, eta asma ditzagun hitz berriak, ez lehengo eran euskaraz bizitzen jarraitzen dugun euskaldunak izendatzeko, orain sortzen ari diren espezie berriak (euskaraz jakinik nagusiki erdaraz ari direnak esate baterako) izendatzeko baizik. Gorde ditzagun “vasco” eta “euskaldun” gerontzako eta hasi gaitezen “euskolono” eta “baskolono” bezalakoak erabiltzen sortu berri horientzako. Gainerakoan esan dut non amaitzen den beste bidea.

  • Xabin Arana 2019-04-13 11:41

    “Eragozpenak eragozpen, euskara legezkoa da hemen, lanpostu publikoetan lan egiteko eskakizunetako bat, eta, Euskararen Legearen (koofizialtasunaren) 40 bat urteren bueltan, asko eta asko gara euskara(z) ikasi eta bizitzeko (benetako) gaitasuna dugunok”.
    Euskara legezkoa da EAEn eta Nafarroako iparraldean, baina bigarren mailan beti ere.
    Nafarroa-Garaia ia osoan “legezkoa” maila platonikoan baino ez da, eta “Iparraldean” alegala da: atzo bertan, Ustaritzeko bost zinegotzi abertzaleek dimisioa eman zuten euskaldunok bertan jasaten duten bazterketa tarteko, besteak beste.

  • Xabin Arana 2019-04-13 11:47

    Lanpostu publikoak eta euskara:
    Egoera askotarikoa da EAEn. Mixerablea Nafarroa Garaian, eta erabat larria Iparraldean.
    EAEn euskararen exijentzia maila asko aldatzen da erakunedtik erakundera. Eusko Jaurlaritzan adibidez, euskara (maila bat edo beste bat, 1.HEtik 4.HEera) eskatzen da lanpostuen erdietan ggb; beste erdietarako meritu baino ez da.
    Nafarroan okerrago gaude uneotan, UPN-PSN gobernuan zirenean baino, harrigarria bada ere. Atzera egin da Administrazioan sartzeko euskararen eskarian.
    Iparraldean ia-ZERO da Administrazio publikoetan euskararekiko exijentzia.

  • Xabin Arana 2019-04-13 11:50

    “Batzuetan, eta ez gutxitan, pentsatu izan dut hobe litekeela, lehengo garaietan bezala, euskarak (benetako) jazarpena eta debekua jasan beharko balu, horrela behintzat, euskal kontzientzia, akaso, berriro piztuko bailitzateke eta horrek, nonbait, koherentziaz jokatzera animatuko gintuzke”
    Beharbada arrazoi duzu. Egungo agintarien itxurakeria eta erdeinu mozorrotua askoz hilgarriagoak dira euskaldunontzat ageriko zapalkuntza baino, ziurrenik.
    Zapalkuntza-moldeak aldatu dira, gozotu, ikusezinago bilakatu, baina bazterketak bere horretan darrai, abertzale askoren konplizitate inozoarekin.

  • Trifatxitoen gorakadarekin eta haien erasoen eraginez espero dut euskal kontzientzia berpiztea. Abertzaleok egoera aprobetxatu behar dugu!

  • Benat Castorene 2019-04-13 15:29

    Sabin diozu:
    “Zapalkuntza-moldeak aldatu dira, gozotu, ikusezinago bilakatu, baina bazterketak bere horretan darrai, abertzale askoren konplizitate inozoarekin”
    Ulertzen dut esan nahi duzuna, iduri du guretako errana dela.
    Gure aldean,batez ere, “abertzale” hitzak ez du askotan deus erran nahi. Bestenaz nola erran daiteke orobat “abertzale”, “konplizio”eta “inozo” pertsona berarentzat, bada zerbait gehiegi hor.
    Nik beldur aipatzen dituzunak ez direla hain inozo eta horrek animatzen ditu zapaltzaileak goxoago agertzera, irabazten ari direla senditzen dute eta.
    Abertzale bilakatu da etiketa bat erakusten edo ezkutatzen duguna momentuko zirkonztantzien eta interesen araberan.
    Posible, adibidez, erakustea hauteskunde batean eta ezkutatzea ondokoa preparatzeko. Horrelako zerbait gerta liteke beharbada Uztaritzen. Geroak erranen.
    Orai, kasik denak abertzaleak omen ginateke, bainan abertzale terminoak ez du gehiago deus ikusteko helburu finko eta serioekin, autodeterminazioa, euskara, Herri guziaren batasuna.
    Hau guzia ez da serio.

  • Xabin Arana 2019-04-13 21:04

    Ez da serio, ez. Iruzur galanta baizik. Nortespañismoa da nagusi EAJn eta autonomismoak ere pisua irabazi du EHBildun. Espainera eta frantsesa, euskara bezain “bertokoak” omen dira, gure leaderren esanetan. Gero eta nabariagoa dirudi, Estatu okupatzaileok baimendutako erakundeetan luzaz eta bapo bizirauteko prestatzen ari direla gure elite politikoak. Hizkuntzez gain, baietz laster piper-potoa eta frantziar bandera “gure” bilakatu, “aniztasunaren” izenean?

  • Hartsuagak aipatu duenaren ildotik, neu ere oso kezkatuta nabil aspaldian geure burua izendatzeko terminologia dantza horrekin. Duela sei bat hilabete eztabaida sutsua izan nuen lagun euskaldun batekin,”vasco” terminoaren esanahiarekin ez ginen ados jartzen; Harentzat “vasco” Euskal Herrian bizi den edonor da, euskaraz bizi ala ez. Niretzat “vasco” beti izan da “eusakldun” adierazteko gaztelaniazko terminoa. “Beraz zure ustez erdarazko vasco eta basquek EHn bizi den edonor adierazten badu, nola esan behar diogu erdaraz euskaldunari????” Ez zuen erantzunik.
    Neuk ez dut inoiz zalantzarik izan terminologiarekin: gu euskaldun, vasco, basque gara, besteak erdaldun, kastellanue ( ni hazitako herrian). Egia da terminologia asmatu behar dugula baina ez gurea aldatzeko, batez ere bertan bizi diren erdaldunak izendatzeko erdarazko terminoak asmatzeko. Neuk”erdaldun” hitza gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez hitzegiten dugunean ere erabiltzea proposatuko nuke. ” In the Basque Country there are the Basque (people who speak Basque and use the lenguage) and the Erdaldun (they might know Basque language a little, but don’t use it in their everyday life)”.
    Gure herria, gure terminologia!

  • Benat Castorene 2019-04-14 10:39

    Munro, zure kezka askorena da. Gure hizkuntza ez zen preparatua gure egoera nahasi eta tragiko honi aurre egiteko.
    Zure ikuspuntua oso argia da bainan oso linguistikoa ere.
    Hertsia da alde batetik, zeren eta basque “sendimentu”z edo jatorriz sentitzen direnak deszailkatzen baititugu, eta bestetik, zabala edo idekia, zeren eta euskara ikasi eta pratikatzen duten kanpotiarrak integratzen baititugu.
    Lehenak elemenia daude gure herrian eta bigarrenak oso guti.
    Falta zaigu behintzat beste termino bat lehen horientzat sobera baztertzaile ez litzatekeena.
    Kontzientzia politikoa ere ez ote da nunbait hartu behar? Ez beste kontu bat izango da.
    Debate hau oso serio ereman behar da, ez da erraza ez eta batere inutila.
    Nik ideiak ez ditut oso finkatuak.