Euskaraldiaren postureoaz

Euskaraldiaren postureoaz –

Ekimen ederra iruditu zait Euskaraldia. Existitu ere egin beharko ez litzatekeena, baina beharrezkoa. Ordea, ekimena behin-behinean amaituta, “baina” bat atera behar diot Euskaraldiari.

Ziur naiz izan direla Euskararen Herri osoan Ahobizi eta Belarriprest rolak uste osoz bete eta bakoitzaren konpromisoak zeintzuk diren barneratuta jokatu dutenak. Ez dut horren dudarik. Ahalegin handiak egin dituztenak badaude. Eta bejondeizuela, zuen hizkuntza-ohiturak aldatuta, ingurua pixka bat euskaldundu duzuenoi! Segi horretan!

Baina —eta hemen dator “baina” hori—, askorentzat Euskaraldia “postureoko” erreminta bikaina izan dela iruditu zait. Bikain etorri zaie enpresa, erakunde, politikari eta herritarrei. Galdera batzuk sortzen zaizkit, besteak beste: gure erakunde guztiek informatu eta kontzientziatu al dituzte beraien langileak Euskaraldiaren garrantziaz eta txapatxoa jartzeak dakarren erantzukizunaz? Behingoz euskaraz berdintasunean artatu edo erantzuteko pausu ausartak hartu al dituzte erakundeek, eurek ere babestu duten ekimen honi jarraituz?… Eta gure komunikabideek? Eta zuk? Eta nik?… Hamaika egun hauetan, izan al gara kontziente Ahobizi izateak eskatzen zigun militantziaz? Ziur gure lehenengo hitza beti euskaraz izan dena eta gureari eusteko gai izan garena?

Herritar askok Ahobizi intsignia eraman duela ikusi dut, beste barik, euskaraz badakiela adierazteko. Eta Belarriprest askok, aldiz, “armairutik irten”, euskaraz ez dakiela publikoki onartu eta euren castellanotik eroso jarraitu ahal izateko erabili dute txapatxoa. Baina euskaraz egin/ikasteko inongo ahaleginik egingo ez dutela justifikatu ahal izateko, noski.

Baina denaren gainetik, —eta hemen beste “baina” bat aurrekoa konpontzeko asmoz—, norbere burua zuritzeko egin ala ez, Euskaraldia urteko 365 egunetan egin beharko genukeela uste dut:

Herri menperatua garen unetik, gure hizkuntza ere menperatua ere badelako behar dugu gainontzekoetatik bereiztu —tira, esan dezagun “identifikatu”—, eta publikoki lau haizetara adierazi, sikiera, “nik euskaraz badakidala” edo “euskaraz entzuteko prest nagoela”. Euskalduna bere herrian bakarrik ez dagoela sentitzeko. Gainontzeko euskaldunei baita euskara ikusezin duten guzti horiei ere, euskaldunak gure herrian arrotzak ez garela ikusarazteko. Horrela lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago bat, bidezkoago bat.

Horregatik Euskaraldiak, “postureotik” harago, gure ahulezi edo konplexuak indar kolektibo bilakatzeko balio izan badu, segi dezala orain Euskaraldia “autogestionatuak” bizi luzez!

Euskaraldiaren postureoaz

Euskaraldiaren postureoaz

3 pentsamendu “Euskaraldiaren postureoaz”-ri buruz