Euskaraldiaren bitakora: 9, 10 eta 11

Euskaraldiaren bitakora: 9,10 eta 11 –

Euskaraldiaren amaieran nire ametsetako bat bete dut: txaranga bat gidatu dut!

Euskaraldiaren bitakora: 9,10 eta 119. Eguna

Azken egunetan gaude eta lehen balorazioa egiteko presa sartu zait, kazetariei hauteskunde-eguneko arratsaldetan bezala. Lan eskerga izan dut egun hauetan eta azeleratuta, zakar eta urduri egon naiz. Edozelan ere, pozik nago dena primeran irten delako. Denboraz konturatuko gara aldaketaren lehen mugarriak jarri ditugula, baina horretarako ezinbestekoa izango da helaraztea benetako ariketa asteartetik aurrera egingo dugula.

Bihar Bilboko herri-bazkaria antolatuko dugu Deportivon. ‘Leku arrotza’ izango da askorentzat, baina ez al da Euskaraldiaren helburua euskarari ‘esparru berriak’ zabaltzea? Animatu!

10. Eguna

Gaur Bilboko Biziprest Eguna ospatu dugu. Beldur ginen ez ote zen jende asko hurbilduko, baina petatu dugu. Goizeko argazkia jendetsua izan da, Deportivo bete dugu eguerdian eta lagun asko bildu dira Garilak 26ren kontzertuan. Egun luzea izan da, baina laguntzaileei esker lanak tita batean egin ditugu. Eskerrik asko!

Eguerdiko poteoan ‘Euskaraldia-ostekoaz’ berriketan egon gara. Euskaltzale asko aktibatu dugu eta pena litzateke galtzea. Zer egin dezakegu? Bi ideia datozkit burura: Bilboko euskalgintza saretu eta auzoetan euskara elkarteak sortu behar dira (Otxarkoaga, Indautxu, 7kaleak…). Funtsezkoa da proposamen erakargarria eskaintzea.

11. Eguna

Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna da (gure patroia!). Ume asko ikusi ditut kalean baserritarrez jantzita. ‘Euskal’ duen guztiaren uniforme ofiziala dirudi, duela 30 urte bezala. Euskara etorkizuneko hizkuntza izango bada, estetika berriekin identifikatzea komeni zaigu, bestela folklorizatuta geratuko gara betiko.

Bazkalorduan, musika tailerra eman dugu institutu batean. Sentsazio berberarekin ateratzen naiz beti: euskaldun asko oso kontserbadoreak dira. Ramon Saizarbitoriak sufritu zituen abortuaz  idatzi zuenean eta Niko Etxartek Rock&Rolla jotzean.  Azkena Fermin Muguruza izan da Korrikaren kanta berriagatik. Irekiagoak izan beharko genuke, gauza berriak probatzeak ez digulako sekula kalterik egin.

Euskaraldiaren bitakora: 9,10 eta 11

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.