Euskaraldiaren garrantzia eta ahalmena

Euskaraldiaren garrantzia eta ahalmena –

Gainean dugu Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Lehenengoak sekulako eragina izan zuen. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialak berrikuntza handia suposatu zuen ordura arte euskararen alde antolatutako egitasmoen aldean, Euskal Herri osoko erakundeek eta eragile sozialek elkarlanean antolatu zutelako, berrehun mila partaide bano gehiago izan zituelako eta milaka pertsonak beren gorputzetan sentitu zituztelako euskarara jauzi egitearen edo lehen hitza euskaraz egitearen sentsazioak, euskaraz egiteko konplizitate eta sare berriak sortu zirelako eta euskara agenda komunikatiboaren erdigunean kokatu zuelako. Bigarrengoa, pandemia betean egin behar izan genuen, eta burutu ahal izatea bera sekulako arrakasta izan zen. Gainera, era guztietako entitateetan milaka arigune sortu ziren.

Euskaraldiaren garrantzia eta ahalmena

Euskaraldia praktika da, erabilera da. Ez da euskararen aldeko kanpaina. Ez da jarrera baten adierazpena, jokaera praktiko baten inguruko konpromisoa baizik; norbanako mailan nahiz kolektiboan. Ez da euskarak dituen aje guztien sendagai mirakulutsua, baina, erabileran aurrerapausoak emateko tresna eraginkorra da, ikerketek frogatu bezala.

Bere ahalmen nagusien artean dago eragin masiboarena. Euskaraldiaren bidez, milaka eta milaka euskaldun (hartzaile nahiz hiztun) euskara erabiltzeko prest agertu dira publikoki, aurretik erabiltzen ez zuten pertsonekin eta egoeratan. Euskaraldiari esker, horretarako bultzada eta motibazioa sentitu dute, eta urrats hori emateko baldintza egokiak sumatu dituzte inguruan. Horregatik da horren garrantzitsua parte hartzea masiboa izatea, ahalik eta txapa gehien ikustea leku guztietan, eta kaleak berriz hartzea banderolekin, muralekin eta abarrekin. Gutxien uste dugun pertsona, giro horretan, euskara erabiltzera animatu daitekeelako.

Bestalde, era guztietako entitateetan ariguneak sortzea, hizkuntzaren biziberritze prozesurako oinarriak jartzea da. Batetik, entitate horietan euskararen erabilera erosorako aukerak non dauden identifikatzen dugulako, eta bestetik, aurrera begira, normalizazio-prozesua abiatzeko edo indartzeko urratsa ematen delako.

Garrantzi handiko beste aspektu bat da, Euskal Herri osoan, berau prestatzeko ehunka batzorde sortzea. Euskararen inguruko elkarterik edo bestelako antolakuntzarik ez duten herrietan, ahalik eta gehienak egonkortzea eta iraunaraztea dugu helburu, Euskaraldiaren ondoren ere, erabilera sustatzeko dinamikarekin jarrai dezaten.

Euskaraldia, azken batean, heldulekua da, palanka, abiapuntua. Inertziak puskatzeko heldulekua da, erabileran urrats bat aurrera eman nahi duten pertsona edo entitate guztientzat. Eta aitzakia egokia, euskarari buruz hausnartzeko eta erabakiak hartzeko. Palanka da, ariketa praktikoa delako eta konpromisoak eta erronkak eskatzen dituelako. Ez da manifestu bat sinatzea eta kito. Hausnarketa kolektibo izugarria ere bada Euskaraldia, non pertsonen eta erakundeen kontraesanak ere agerian geratzen diren: jarreraren eta praktikaren arteko kontraesanak, nahiaren eta portaeraren arteko distantziak. Eta abiapuntua izan nahi du, egun horietako lorpenak eta dinamikak iraunaraztea baita ariketa honen helbururik behinena.

Badakigu, izango ditugun lorpenetatik batzuk mantendu egingo direla eta beste batzuk inertziak jango dituela, baina aurreko Euskaraldiek erakutsi diguten bezala, bukatu eta hilabeteetara, egoera ariketa egin aurretik baino hobea da. Ariketa bakoitzean, partaideek helburu berriak lortzen dituzte eta partaide berri asko integratzen dira lehen aldiz. Horregatik, jarraitu beharko dugu Euskaraldiarekin kolpeak bi urtez behin ematen, eta tartean, euskararen erabilera sustatuko duten bestelako egitasmoak bultzatzen.

Honengatik guztiarengatik, eman izena Euskaraldian. Hitzez ekiteko garaia da!

Euskaraldiaren garrantzia eta ahalmena

Euskaltzalea

10 pentsamendu “Euskaraldiaren garrantzia eta ahalmena”-ri buruz

  • Gabonetako parafernalia edergarriz apaindutako erakusleihoa da Euskaraldia, denda barrua trastetegi bilakatua dagoelarik. Hala eta guztiz ere, nire aupadarik ozenena batzordeetan lan egin duten euskaltzaleei, hauek gabe, euskararen aldeko militanterik gabe, Euskaraldirik esistitu ere ez zen egingo eta. Euskaraldia da Eusko Jaurlaritzak bere miseria linguistikoak zuritzeko darabilen su artifizial itsugarriak. Egiaz aldarrikatu beharko lukeena (EH-ko hiru hikuntzen arteko parekotasun legala) zokondoan lagatzen duelarik.

  • Euskaraldiaren helburuekin bat gatoz euskalgintzan dihardugun guztiok, baina tresna bera (urtebete sinpatikoenak egiten, lagunak galtzen, aliaturik gabe, Udal guztiak dirutzak gastatzen, kea saltzen, dinamika astuna, irentsi ezina…) lotsagarria da. Jaurlaritza bakarrik, Karlos? Euskalgintzako zenbait erakunde ere pozik ikusten ditut inguruan dantzan. Ez etorri berriro kontatzen arrakastatsua izan dela. Herriz herri sinesgarritasuna galtzen ari gara. Nahikoa da.

  • Berriz ere jarraituko du euskarak bidegurutzean…in eternum…

  • Mikel Haranburu 2022-11-07 13:16

    Eusko jaurlaritza…? Zer da hori? Gure gobernua ez da horrela deitzen… baina bai, gure gobernuak beste zerbait egin beharko lukeela argi dago. Ondoko komunitateko gobernuak ere, hitzetik hortzera Euskararen Normalizazioa, Biziberritzea, Telebista… hor darabiltza, baina ez zaio sendotasunik ikusten. Hortaz, ez dakit zertara datorren harendako hainbeste protagonismo gure hizkuntzaren kontuetan…
    Bai, komunitate horretan ba omen daude hiztunak, franko, eta Frantziako Euskal Herrian ere bai. Euskaraldian (gainerakoa Erdalaldia?) euskaldun jokatzeko aukera… Ea behingoz ohartzen garen zer garen…

  • Mikel Haranburu 2022-11-07 13:16

    Erdaraldia.

  • Euskara gehiago entzuten zen Ondarroan 1950ean gaur egun baino.

  • Mikel Haranburu 2022-11-08 09:47

    Hala izanen da 1950ean pantaila guztiak Euskaraz zeudelako… edo oso biziberrituta zegoelako Euskara… edo eskoletan ‘segregaziorik’ ez zegoelako…
    Ironia da… ez dadila inor haserretu

  • Euskaraldia erraminta interesgarria da euskararen indartzean. Milaka pertsonek parte hartzen dute eta egia da askotan postureoa besterik ez dela, baina beste askotan ez. Kritikatzen ibili beharrean ez al da obe ondo egin nahi dugun milaka euskaltzalerekin 2 aste hauek ahal den oberen probestea? Kritika ondo dago, baina ekintza oztopatzen ez duenean.

  • Euskararen militanteen artean, Euskaraldiak sinesgarritasuna galdu du. Tokian tokiko gobernuek euren aurpegia zuritzeko darabilten amarru bat besterik ez da; bai, ados. Baina bestalde, euskararen garra (gero eta ahulago dagoena) mantentzeko modua ere bada, eta halako ekintzetatik euskaldun bakanen bat irtetea ere lortuz gero, zerbait ere bada. Gure hizkuntza bizirauteko beste? Inondik inora, baina ekimen bat da. Euskaldunen iraultza egiten ez dugun bitartean, halako ekimenak oraindik behar beharrezkoak dira.

  • Goi mailatakoak ez dakit zerran ari diren, herrietatik urruti beti ere, baina udal askotako agintariena oraingo honetan ez da postureoa, ez diete aukerarik eskaini Euskaraldiari buruz duten iritzia azaltzeko, inposatu egin diete, goitik behera. Hor ari dira zinegotzi piloa erruki eske,batzordeak sortu nahian, jende faltan ekintzak asmatzen,… Penagarria.. Nahikoa egiten dute herrietako zinrgotziek itxurakeria honi eusten.
    Erretiratu zaitezte euskararen ustezko salbatzaileok!
    Hurrengo hauteskundeetarako euskara zinegotzirik ez. Hau gurutzea