Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, maldan behera

Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, maldan behera –

Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari 50 milioi emango zaizkio datozen lau urteotan. Gainera, ziurtatu du 2021ean 2.486 pertsona artatu zituela zerbitzuak Donostian, 424.383 ordurekin, eta langileen sodatak %15 handituko direla lau urteotan. Pagotxa dirudi.
Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, maldan behera
Arg: Lea-Artibaiko Hitza

Datu horiek erabili ditu ponpaz alkateak Udalak ‘gastu soziala’ deitzen duen horretan diru asko jarriko duela esateko. Baina datu horiek sakon aztertuz gero, bestelako argazkia erakusten dute.

Hasteko, Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua pribatizatutako zerbitzu publikoa da (zerbitzuko laguntzaileak zaurgarritasun egoeran daudenak artatzera joaten dira etxeetara). Horrek esan nahi du enpresa pribatu batek kudeatzen duela diru publikoa, baita bere etekinak ere. Zerbitzuaren zati bat udalak ordaintzen du, eta bestea erabiltzaileak, bere baliabideen arabera.

Bestetik, datuek ere erakusten dute, antza denez, Donostian jendeak gero eta gutxiago behar duela zerbitzua, denborari dagokionez: 2021tik 2022ko irailera arte ia 28.000 ordu gutxiago baliatu dira, nahiz eta 2021ean  279 pertsona gehiago artatu diren. Nola da posible? Jendeak denbora gutxiago kontratatzen duelako zerbitzua, beharra handiagoa izanagatik ere. Prezioa garestiaren ondorio ote? Udalak dio ezin duela erabiltzaileen prezioa merketu.

Horren aurrean, beraz, hona galdera: zerbitzua behar duten guztiengana iristen ote da, benetan behar duten neurrian? Beharrak handiak badira, hausnarketarik egin ote du Udalak zergatik erabiltzaileek zerbitzuaren denbora mugatu eta gutxitu duten?

ELA sindikatuarentzat kezkagarriak dira datuak, zerbitzuaren zein lan baldintzen okertzea erakusten dutelako. Izan ere, kontratu partzialen kopurua beldurgarria da, eta enpresak zein udalak ez diete ordu kopuruari eusten; jardunaldiaren herenarekin dauden langile askok oso etorkizun beltza izango dute. Gogora dezagun orain bi urte ELAk salaketa jarri zuela Lan Ikuskaritzan kontratu partzialtasuna salatzeko. Enpresak prozesua lotsagabe luzatu zuen, eta Udalak beste alde batera begiratu.

Soldatei dagokienez, Goiari ahaztu zaio zehaztea iragarritako %15eko soldata hobekuntza ez dagoela KPIari lotuta. Horrek langileen erosahalmena galtzea dakar eta, beraz, txirotzea. Ondorioz, horrek ez du langileen lan baldintzak hobetuko; hori prekarietate eta txirotasunaren aurrean mutu eta geldirik geratzea da.

Azkenik, iaz Udaleko ordezkariekin bildu zen ELA, Matia Fundazioak egindako bakardadearen inguruko azterketaz aritzeko. Izan ere, azterketak erakusten du edadekoek eta, batez ere emakumeek, bakardade handia jasaten dutela, eta horri aurre egiteko, etxez etxeko profesionalen akonpainamendua egitea proposatu zuen sindikatuak. Gainera, langileen batez besteko adina 56 urtekoa dela kontuan izanik, lan gogorrenak egiteko gai ez direnekin eskain daiteke zerbitzu hori, erretiroa hartu aurretik bajak kateatu beharrik gabe lanaren gogortasunagatik. Udalak erantzun zuen horretarako ez zegoela dirurik. Zaintzarako ez.

Gizartean hainbat egoera larri ikusten ditu egunero ELAk. Zaintza esparruak, ordea, pribatizatuta jarraitzen du. Horregatik, zaintza duinak erdigunera ekarri behar dira, eta ELAk Donostiako Udalari eskatzen dio benetako neurriak har ditzala. Inoiz baino beharrezkoagoa dugu zaintza publiko, unibertsal eta doakoa. Behar dugulako eta dagokigulako. 

Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, maldan behera  Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, maldan behera

ELA sindikatua