Euskaraldia eta hizkuntza politika integrala

Euskaraldia eta hizkuntza politika integrala –

Euskaraldia eta hizkuntza politika integrala

Hogeita hamar urte luzez soilik ezaguerari begira iragan ondoren EAEko Hizkuntza Politika Saila ohartu da, inkesta soziolinguistikoek behin eta berriz  gauza bera erakutsi ondoren, euskararen erabilerak ez duela ezaguerak adina gora egiten eta are okerrago oraindik, zenbaitetan, ezaguerak gora egin arren bere horretan geratu edo behera egin ere, egiten duela: eskoletan, lantegietan, kalean, mendian, herri handietan, herri txikietan, guraso erdaldun, mixto eta baita, ai ama! guraso euskaldunetako etxeetako sukaldeetan ere.

Ezagueraz haratago zerbait badela-eta, erabilera sustatzeari ekitea erabaki da orain eta EUSKARALDIA prestatu da horretarako. Pozarren eta beso-zabalik egin nahi diot ongi-etorria EUSKARALDIAri (gure etxeko guztiek parte hartuko dugu bertan), zalantzarik gabe gauza on asko dakartzalako aurreko egoerarekin alderatuz gero, baina beldur naiz gabezia handiak ere ez ote dituen.

Euskaldunek badakite euskaraz, baina gero ez dute euskaraz egiten eta gainera gero eta gutxiago egiten dute. “Egizue euskaraz!” esate hutsarekin konponduko al da arazoa? Ezetz esango nuke, arazoa ezin dela hain sinplea izan. Aurreko galderak hurrengo honetara garamatza: Ba dakigu zergatik euskaldunek sarritan ez duten euskaraz egiten?Honi ere ezezkoaz erantzungo nioke, orain arte eskaini den ulerbide “ofizial”  bakarraren (hizkuntza ez dutelako behar adina menderatzen) ifrentzuak (ez dute behar adina menderatzen erabiltzen ez dutelako) behar bezala ikertzeke dirauelako.  Eta galdera horrek azken galderara garamatza: Posible al da euskaldunak euskaraz egitera eraginkorki bultzatzea, aurrez zehaztasunaz eta xehetasunaz jakin gabe zergatik ez duten euskaraz egiten? Hirugarrenez, ez. Ez dirudi posible izango denik.

Zinez eta bihotz-bihotzez, nahiago nuke EUSKARALDIA bezalako borondate ezin hobeko herri-mobilizazioak erabileraren arazoak konponduko balitu eta bere arrakastak, nire gogoeta hauek funtsik gabeko kezka txorotzat utziko balitu. Zoritxarrez ez dut uste horrela gertatuko denik. Uste dudana da, erabileran taxuz eragiteko ezinbestekoa dela aurrena, luze, zabal, sakon, zehatz eta xehe aztertzea gakoa den galdera hori: “Zergatik euskaldunek ez dute euskaraz egiten?”

Sare sozialetan duela gutxi dabilen sinadura bilketa hau, hori eskatzen dabil gutxi gorabehera, beste hitz batzuekin esanda. Arazo zail eta konplexuak nekez konpontzen dira errezeta sinpleekin. Iritzi berekoa bazara, sinatu eta zabaltzen lagundu.

Euskaraldia eta hizkuntza politika integrala

4 pentsamendu “Euskaraldia eta hizkuntza politika integrala”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2018-10-19 18:44

    Besteentzat mintzatu beharrean, entseiatuko naiz asmatzen, zure aurrean beraz ahalge jakin batekin, zergatik, nik, ez dutan beti euskaraz hitz egiten, behintzat dakidalarik egiten ahalko nukeelarik ere.
    Errazkiago hitz egiten dutalako frantsesez eta lanean komunikazioaren eraginkortasuna eta erraztasuna senez (edo instinktiboki) lehenesten dutalako.
    Ez da ahantzi behar, bainan, hizkuntza da ezinbesteko komunikazio tresna bat, ahal bezain eraginkorra izan behar duena. Horrela zen euskara gure arbasoen baserri munduan eta alderantziz haien artean frantsesez egitea asko kostatzen zitzaien.
    Arrazoiz juja zinezake afertasuna mota bat dela ene aldetik.
    Alta bitxia bada ere, bestaldera noalarik lanarentzat, posible denean, euskara lehenesten dut eta oso naturalki eta plazerrarekin. Nunbait denok derrigortuak garelako…
    Bestetik, lanetik landa ahalegintzen naiz euskaraz idazten ahal dutan guzietan eta plazer haundirekin. Itzulpenak egitea gustatzen zait, eta, biziki kontent izan nintzen konturatu nintzalarik historiako edo filosofiako testuak (behintzat hein batetaraino) euskaratzeko kapaz nintzela. Bainan orduan ez da gehiago eraginkortasun kontu, denbora gehiago dut ene esaldiak eta burutazioak pikoan emaiteko.
    Ondo pentsatuta, iduritzen zait laster erabat euskaraz bizitzen ahalko nintzatekeela arau koertzibo batek nolazpait derrigortua baldin banintza eta inguruko guziek enekin batera.
    Orduan beharbada eraginkortasuna kezka eta sen hori gaindi liteke denen artean.
    Bainan, ez dezagun amets egin, hau ez da sekulan gertatuko gaurko gure egoera sozio politiko honetan.
    Beste eszenario bat pentsatu beharra dago.

  • Guztiz ados.
    Gauzak premiak eraginda, edo ezgaitasunez eta zabarkeriaz beste hainbatetan, arrapaladan eta akritikoki egiten ohitu gara. Euskararen biziraupenaren kontu honetan alferrik emandako urrats bakoitza atzerantzako pausoa da, amildegira hurbiltzen gaituena. Hausnarketa luzeetan murgiltzeko denbora gehiegi ere ez dugu sobera, baina ezinbestekoa da horretan aritzea. Abiapuntu polita izan daiteke Euskaraldia, ondoren eten luzerik gabe beste zerbaitean hasteko edo jarraitzeko. Erabileraren gutxitzearen zergatiak ezagutzea ezinbestekoa da, horiei buelta emateko bideak eta baliabideak aurkituko edo asmatuko baditugu.

  • Gutxi-gehiago arrazoi duzulakoan naiz. Nik ere Euskaraldian izena emana dut, baina errezelo puska daukat emaitzak nahiko genituzkeenak izango ote diren. Politika integralak behar dira bai, baina euskaldunok ez daukagu oraingoz gainerakoei inposatzeko nahikoa indar. Beraz, eta portzentajeetan galdu gabe, konbentzitua nahiz soluzioa euskararen herria osatzen dugun giza-taldearen indartzea eta zabaltzea dela, epe luzeko ikuspegi batekin eta aspektu guztiak aintzat hartuta

  • Edurne Alegria 2018-10-21 19:16

    HIZKUNTZA BAT GALDU EGITEN DA NONBAITEN BIZITZEKO BEHARREZKOA EZ BADA
    Geurea galtzea ez baldin badugu nahi has gaitezen egin beharrekoa egiten, bada garaia eta!
    Edurne Alegria