Hartzerri

Hartzerri –

Gure Pirinio aldean mutilzahar gelditzeko zorian zeuden bi hartz arrek izanen dute norekin jostatu. Frantziako Gobernuak egin die oparia: bi hartz eme, Esloveniatik zuzenean eta helikopteroz ekarriak. Fernando VII.ari ere ez zizkioten horrela jartzen. Nahiago luke gure Pirinioetako gizasemeren batek baino gehiagok halako tratamendurik, agintarien aldetik.

Hartzerri

Alabaina, ez da bekaitza hartz emeen etorrerak gure Pirinio puskan sorrarazi duen erantzun bakarra. Kontuak agudo atera dituzte. Eta kontuekin kezka. Hartza itzuliko da aspaldi galdutako lurraldeetara. Hartza maizago ikusiko, bakan baizik bisitatzen ez dituen aldeetan. Eta hartza eta abeltzaintza ez dira elkarrekin ezkontzen errazak. Mendian zer nahiago, artaldea edo hartza? Pirinioetako jende gehienek argi dute. Ez, ordea, hara asteburuz agertzen garen hiritarrok. Niri galdeginez gero, barka nazatela, baino nahiago Martin zango-handia. Azkenean, biak ezkondu beharko ditugu, komenientzia hutsez baizik ez bada ere. Atzo “aukera berria” aipatu zuen Otsagin Nafarroako Gobernuarekin bildu zirenetako batek. Hartza, erakargarri. Bertze toki batzuetan egiten ari dira. Zergatik ez hemen? Erronkari, Zaraitzu, Basabürüa… Gure “Hartzerria”.

Ea nork ateratzen dituen lehen kamisetak.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 10a]

Hartzerri
abeltzainak, artzaintza, hartza, Hartzerri, mendia, natura, pirinioak, turismoa
Aingeru Epaltza

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude